Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Ulster britainiarra da

 

Alderdi unionistekiko lehenengo urratsak emateko garaia dela deliberatu genuen bart Humbertok eta biok, guinness bana eskuetan, gerraren erdian lanean ari diren kazetari ausartak garela sinestarazi baitziguten ordura arte edandako dozenerdi pintek. Nazionalisten lider politiko nagusienekin elkarrizketak lortzeko lehenengo harremanak bideratuta ditugu eta, alderdi unionistengana jotzekotan ere, buruengana joko dugu: James Molyneaux eta Ian Paisley.

        Ravenhill errepidean ditu bulego politikoa eta eliza Ian Paisley erreberendoak. Eraikin berean daude Paisleytarren etxebizitza eta Paisleyk sortutako Alderdi Unionista Demokrataren (DUP) egoitzetako bat, eta berrehun metro beherago Paisleyk berak sortutako Eliza Presbiteriar Askearen eliza nagusia: Martirien Oroimenerako Eliza. News Letter egunkari lealistako artikulu batean, nazionalismo irlandarra nazismoarekin konparatzen duen egun berean goaz Ian Paisleyrengana.

        Auzunea protestantea da, baina ez, Shankill bezala, 'arriskutsua'. Arazorik gabe ekarri gaitu taxista katoliko batek Fallsetik bertatik. Parkera gindoazela usteko zuen Paisleyren etxearen aurrean gelditzeko eskatu diogunean.

        — Badakizue hemen inguruan nor bizi den?

        — Paisley. Beregana goaz, hain zuzen.

        — Ez da egia! Sasikume horrengana ekarri zaituztet?

        — Sasikumeagoak gara geu, kazetariak!

        Etxea ez da bereziki dotorea, eta sarrera ere ez; etxebizitzak arrunta dirudi. Ez bandera britainiarrik ez unionismoaren bestelako ikurrik ez da ageri atarian. Ravenhill 232 esan digute, eta Ravenhill 232 daukagu gure aurrean. Txirrinaren interfonotik azaldu dugu kazetari espainiarrak garela eta Paisley erreberendoari elkarrizketa eskatu nahi diogula.

        Atea zabaldu digu gazte batek; Ian Paisley jr. berehala jaitsiko dela. Ez dira gauzak oso oker hasi, badakigu-eta Paisley semea ere burukide garrantzitsua dela DUP alderdian.

        Hogeita hamabost urtekoa-edo iruditu zait, eskaileratan behera datorrela ikusi dudanean. Handia eta sendoa da, aita bezala. Baina ez darama aitak eta artzain protestanteek eraman ohi duten lepoko zuririk. Trajea eta gorbata ditu lanerako jantzi Ian txikiak.

        — Zein komunikabidetatik zatozte?

        Egunkaria. E-gun-ka-ri-a —eta Euskaldunon Egunkariaren tarjeta eman dio Humbertok, Andoaingo helbide eta telefonoen gainean gure izenak eta telefonoak paratuta.

        — Espainiako egunkari inportanteena?

        — Euskaraz argitaratzen den inportanteena —dena eta deus ez, frase bakarraz adierazi dizkiogu biak.

        Aste honetan ezinezkoa dela baina Belfasten hilabete batzuk egingo baditugu, arazorik ez dela izango esan digu Ian Paisley juniorrek. Deituko digutela.

 

 

Ipar Irlandako alderdi nagusiko liderraren bila abiatu gara arratsaldean: James Molyneaux, Ulsterko Alderdi Unionistako (UUP) beteranoa. 1974. urtetik da unionismo ofizialaren buruzagi nagusia baina, adinean aurrera doa eta erretirorako garaia heldu zaiola pentsatzen dute nonbait bere alderdiko burukide zenbaitek. Bake prozesua hasi zenetik jarrera argirik hartu ez izanak —bai baina ez batzuetan, ez baina bai besteetan— ez dio lagundu lidergoa sendotzen. Hor segitzen du hala ere, politikari izateko baino pentsionista izateko adina duen arren. Ian Paisley baino zaharxeagoa izango da.

        Belfast erdi-erdian dauka egoitza UUPk, hiriko eraikuntza garaiena eta Europako hotel bonbakatuena omen den Europa Hotelaren atzean. Bandera britainiarra ageri dute mastilean eta «Ulster britainiarra da» dioten afitxa mordoxka egoitza barruko sarreran. James Molyneaux Orangisten Ordenaren Maisu Handia zeneko argazkia ere bai.

        Stephen Cranston gazte trajedun irribarretsuak hartu gaitu, bostekoa ematean eskua indartsu astinduz. 25 urte inguru izango ditu. Elkarrizketaren kontua aipatu diogu.

        — Sentitzen dut, baina Molyneux jauna lan handiarekin dabil. Dena den, ni neu elkarrizketatu nazakezue, neronek azalduko dizuet gure alderdiak bake prozesuari buruz zer pentsatzen duen.

        Ez diogu esan Egunkariari Stephen Cranstonen elkarrizketa bost inportako zaionik, Molyneaux jauna lanpetuta baldin badabil itxoin dezakegula baizik, hilabete batzuk egingo ditugula Belfasten.

        — Orduan ez dago arazorik! Seguru izango duzue elkarrizketa, gauzek asko okertu beharko lukete zuek elkarrizketa ez lortzeko. Edonola ere, onena aurrena nirekin elkarrizketa luzea egitea litzateke, nik azalduko nizkizueke ardatz nagusiak, eta gero Molyneaux jaunari hitz batzuk eskatu eta kitto.

        «Lan handirik ez du honek» pentsatu dut. Mutila gustura utzi beste erremediorik ez dugu izan: lehendabizi berari egingo diogula elkarrizketa eta ondoren buruzagiari. Baina Molyneauxekin ere luze eta zabal hitz egin nahiko genukeela, berak dena azalduko badigu ere. Konforme.

        — Molyneauxen biografia labur bat prestatuko dizuet. Pertsonalitate oso interesantea da elkarrizketatzeko. Bigarren mundu gerran soldadua izan zen, abiazioan.

        Sekretu bat azalduko baligu bezala mintzatu zaigu Stephen, eta guri begira gelditu da, bere errebelazioak zer inpresio eragiten digun jakin nahian. Ez du erantzunik jaso.

        — Baina Espainiako zein aldetakoak zarete? —atera bidean gaudelarik egin digu azken itauna.

        — Donostiakoa eta Bilbokoa. Euskal Herriko bi hiriburu, Espainiako iparraldean —zaila egiten da batzuetan geografia.

        — Orduan ez zarete espainiarrak, euskaldunak baizik! Adarra jotzen baino tranpatxoa egin nahian dabil gure prentsa bulegaria. Sinn Feinekoen lagun ote garen jakin nahi du. Xabier Arzalluzek Luis del Olmori erantzungo liokeen moduan erantzun dio Humbertok Stepheni.

        — Badakizu, pasaporte espainiarra daukagu, baina gure hizkuntza eta kultura propioak ditugu.

        — Ba zuen herriko nire lagun batek dio ez dela espainiarra inondik ere. Oso-oso euskalduna da.

        Bere lagunari ez diogu badaezpada arrazoirik eman, ezta kendu ere. Hortxe jardun dugu, ekilibristarena egiten, bulegari unionista inozenteki ala maltzurki ari den jakin gabe. Gure egunkariko zuzendaria Molyneauxen iritziak argitaratzeko irrikatzen dagoela esplikatu diogu.

        — Gure herrian hemengo nazionalisten ikuspegiak ezagunak dira, baina unionistek zer pentsatzen duzuen ez dakigu.

        — Pentsa ezazu —kalerako bidean eman diot azken arrazoia, elkarrizketaren garrantziaz jabe dadin—, James Molyneaux da Ipar Irlandako alderdi nagusiko liderra eta, Gerry Adams, John Hume eta Ian Paisley aski ezagunak izanik, Molyneaux ez du gure herrian inork ezagutzen. Guri asko interesatzen zaigu elkarrizketa hau egitea; eta zuei ere bai.

        — Hori egina dago!