Ian Paisley-ren tximinoa
Igandea da, eta igandeetan Belfasten ez da zeregin handirik. Denda eta jatetxeek itxi egiten dute eta ordutegi oso mugatua daukate tabernek. Arratsaldez itxita egon ohi dira eta, gauez, hamar t'erdietan akabo. Igandeetan elizak izaten dira zabalik. Jendez lepo gainera, alde batean zein bestean. Ian Paisley erreberendoaren Martirien Oroimenerako Eliza Presbiteriar Askea aukeratu dugu galbidean ditugun izpirituen zuzentzeko.
Osteratxoa egingo dugu haraino, Ormeau errepide aurreko golf zelaia oinez zeharkatuta. Bi emakumezko daude pilotak astintzen. Jantzi horiekin, Joxemari Olazabal eta Nick Faldo direla engainatuko gintuzkete; baina makilari nola oratzen dioten eta pilota nola jotzen duten ikusita, argi dago beren posizio sozialak behartuta igandero joaten diren Mrs. Johns eta Mrs. Smith direna. Gure iritziei kontra egiteko, ordea, andere gizenenak asmatu du zartako egokia ematen, eta zelaiaren beste muturreraino hegan egin du pilotak. Eta haren hegaldiari segika, Ravenhill errepidean lur hartu dute gure begiek.
Belfast Hegoekialdeko Ravenhill errepidean dago Ian Paisleyren eliza gorriska, bere bulego politikotik berrehunen bat metro eskasera. Aberatsa dirudi auzune protestante honek etxe dotoreak lorategi zainduekin, parke handia aurrean, auto garestiak etxe ondoetan, eta fededunak izan behar dute bertako bizilagunek, berrogeita hamar metrotik behin eliza eder bat ageri baitzaigu errepide zabal eta luze honetan: metodista, presbiteriar ofiziala, presbiteriar askea, Irlandako Eliza... Denetarako aukera daukate protestanteek.
Astegunetan DUPeko (Alderdi Unionista Demokratikoa) bulegoan lan egiten du Paisleyk Ulster protestante eta britainiarraren alde, eta igandeetan protestantismoaren alde hildakoen oroimenez Paisleyk berak eraikiarazitako elizan izaten da, Ulster protestantearen alde eta Irlandako «erromatar katolizismoaren» kontrako mezua haizatzen. Astean behin Belfasteko udaletxe parean ere izaten da, bozgoragailua eskuan, Irlandaren eta Vatikanoaren inperioaren gaitzen berri ematen.
Ipar Irlandako eliza protestanteen artean hedatuena den Eliza Presbiteriarraren zatiketa eraginez sortu zuen Paisleyk Eliza Presbiteriar Askea 1952an. Hierarkia presbiteriarrak ez zituen usadio zaharrak behar bezalako zorroztasunez betetzen, katolizismoaren aurkako borroka ez zuen behar bezainbat gogortasunez egiten... eta, funtsezko arrazoia hau, artzain protestanteek ez zuten gaitzesten tabakoa erretzea. Ezinbestean jaio zen, beraz, protestantismoaren egia lau haizetara zabalduko zuen komunitatea.
Horretan ari dira, goizeko hamaikak laster, atean zain dauzkagun gizonezko adindu prestuak. Atea zeharkatu besterik ez dugu egin eta bostekoa luzatu digu batek, eta indartsu estutu: «Ongi etorriak!». The Revivalist aldizkariaren ale bana eman digu adeitsu beste batek. Eta gorako bidea erakutsi hirugarrenak. Nahi dugun lekuan esertzeko.
Guri begira sentitzen ditut ia begi guztiak. Baina ez katoliko zantzurik hartu digutelako, trajerik eta korbatarik gabeko gizonezko bakarrak garelako baizik. Hiru urteko haurrek ere jaka eta korbata daramate hemen, eta loredun kapel dotorea emakumezko orok.
Aldare nagusiaren atzeko horma biluzian oso letra handitan irakurri dut: «Gurutzatutako Jesukristoren alde egiten dugu otoitz». Albo banatan bi bandera handi dauzkate zintzilik: Erresuma Batuko Union jack alde batean, eta Ulsterko bandera unionista (gurutze gorria hondo zurian) bestean. Begiradatxoa bota diot The Revivalist aldizkariari, Paisley noiz agertuko zain gauden bitartean. «Kristoren etsaiak» izenburua du artikulu batek: «Zer esan nahi du Kristoren etsai bilakatzea? Aita Santuaren aginduei men egitea, apaizen gatibu izatea, ebangelioa aldatzearen errudun izatea, benetako debozioa idolatriarekin usteltzea, "Eliza" Jainkoaren ordez jartzea, objetu bizigabeei gorazarre egitea, San Pedro apostolua faltsuki goratzea, Kristorena baino ez den paperaren usurpazioa».
Ondoren katolizismoaki zenbat kritika dakartza eta, bukaeran, «egitate nabariak» azpimarratzen dira konklusio gisa: «Erromatar katolizismoak eta kristautasunak ez dute zerikusirik, izena salbu», «Erromatar katolizismoa da kristautasunaren etsairik handiena», «Erromatar katolikoak EZ dira kristauak, eta Jainkoari traizio egitea da posibilitate hori iradokitze hutsa», «Kristauak direla dioten erromatar katolikoak bide bakarra dute hori erakusteko: esklabu bihurtu dituen sistema ahula modu agerian errefusatzea».
1969. urtean Ipar Irlandan komunitate katolikoaren eta protestantearen artean gatazka odoltsua piztu izanaren erantzule nagusietako bat Ian Paisley dela uste du irlandar askok. Engoitik, ezaguna zen komunitate protestantearen lider erlijioso erradikal modura: usain katolikoa edota irlandarra zuen edozeren aurkako agerraldietan lehenengo lerroan ageri ohi zen 1960ko hamarkadaren amaieran ere.
Irlandatik eta Erresuma Batutik kanpo ere ezagunak dira artzain handikote honen ateraldiak. 1988ko urrian Europako Legebiltzarrean egindakoak sona handia izan zuen: Joan Paulo aita santua Strasburgeko Legebiltzarreko bilkura berezian parlamentarioei hizketan ari zela, haren hitzaldia eten zuen, «Joan Paulo II Antikristoa» zioen afitxa erakutsiz. Parlamentuko lehendakariaren aginduz kanporatu zuten ganbaratik, oihuka:
Uko egiten dizut Antikristoa zarelako! Uko egiten dizut Antikristoa zarelako!
Sinestezina iruditzen zait Europarako Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan erreberendo honek boto gehien lortu izana Ipar Irlandako sei konderrietan, alde handiz gainera. Londreserako hauteskundeetan hirugarren indarra izan ohi da DUP, unionista ofizialen eta SDLPko nazionalisten atzetik eta Sinn Feinen aurretik, baina Strasburgerako bozketetan bera izan da irabazle hiru aldiz jarraian.
Hamaikak jota igo dira Ian Paisley eta bi laguntzaile aldarera. Laguntzaileak atzean eseri eta Paisleyk hartu du hitza. Ongi etorria eman digu guztioi eta Smith artzain protestanteari, «gure anaiari», zorionak eman dizkio Belfasteko alkate izendatu dutelako aste honetan, berriro. Belfastek ez du sekula alkate katolikorik izan baina, aurten, lehenengo aldiz historian, alkateordea nazionalista da, SDLPkoa. Ez du horren aipamenik egin.
Oso ozen hitz egiten du Paisleyk, ahots lakarrez. Apal eta lasai ari da, baina ez da zaila bestela imajinatzen. Ez da zaila bere ahotik tximistak eta trumoiak ateratzen imajinatzea. Halatsu jardun zuen eliza honetan bertan John Major eta John Bruton lehen ministroek bake prozesurako oinarrizko akordioa sinatu zuten astean. Akordioaren testua eskuan, gora eta behera astinduz, testu hori deabruaren madarikazioa zela oihukatzen.
Baina gaur bare etorri da eta, sarrera-hitzaldi laburraren ostean, kantari jarri zaigu. Eta ez digu alboko emakumeak barkatu. Hurbildu zaigu, eserleku azpitik kantu-liburuxka atera, abestia agertzen den orrialdean zabaldu, zein abesti den atzamarraz adierazi, eta guri begira geratu da, kantuan noiz hasiko zain. Humbertok ere kantatzeko plantak baino ez dituela egin iruditu zait, ezpainak herabe mugituz. Baina plantak egin ditugu behintzat, eta abestia gure golkorako irakurri:
Bai ederra jainkoak gu ezagutzea! Bai ederra jainkoak gu aintzat hartzea! Bai ederra jainkoa gurekin gogoratzea!
Kantua bukatzearekin batera aldegin du Paisleyk, gu bere bi laguntzaileen esku utzita. Diruaren esklabutzaren aurkako hitzak izan ditu lehenengoak, eta abesti pare bat kantatu. Sermoi luzea eta sutsua bota digu ondoren beste erreberendo gazteak. Eta ez da esku hutsik etorri: trapuzko tximua ekarri du, eta aldarean denok ikusteko moduan ipini. Darwinen Teoria burugabekeria hutsa dela irakatsi digu, garrasika batzutan, haurrei zuzendutako hitz leunez bestetan.
Mutiko eta neskato, aita eta ama, gu lehen horrelakoak ginela esaten digute eskolan! trapuzko panpina erakutsi digu bere baieztapenaren egiaren seinale. Tximu ginela gizon baino lehenago! Baina jakin ezazue, jainkoak Adan sortu zuenean, gizon sortu zuela! Eta ez, inola ere, tximu! Sermoia mamitsuenean dagoelarik heldu da guregana diru biltzailea: erretilua hutsik ekarri duenez, nabarmen geratuko gara honetan ere. Diruaren morrontza eta Darwinen teoria sutsuki gaitzesten dituen elizari dirua eman beste erremediorik ez dugu izan. Baina pozik geratu naiz, Humbertok baino gutxiago eman baitiot Paisleyri: libra bat berak, hogei penike baino ez nik.
Bukatu dute erreberendoak eta tximinoak. Eta ospa egin dugu handik, jatorri katolikokoak garela antzeman dezaten baino lehen.