Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Panpin begiak

 

Gatazkak utzi dituen biktimetako bat da Emma Groves. 75 urteko emakumea itsu utzi zuen 1971ko azaroan soldadu britainiar batek jaurtitako rubber bulletak aurpegian bete-betean jo zuenean. Andre dotorea da Andersonstown errepideko 157.eko atarian hartu gaituena. Ile kiribildu ederki apainduak, belarritako beltz biribilak, eta pieza bateko jantzi luzeak Emmaren berezko dotoretasuna nabarmentzen dute. Betaurreko ilunek damaiote puntu goibel bakarra makularik gabeko emakumeari.

        — Panpin begiak ditudala esaten didate bilobek —betaurrekoak kendu ditu Emmak aurreko bi arrotzok egiazta dezagun bere kuttunen ingenuitatea—. Zintzoak dira haurrak.

        Hau esateko ere ez du aldartea gaiztotu, eta barre aierua egin du bere plastikozko begiez txantxa egiterakoan. Bere biloba txikia sartu da gelara, amamak berba egiten digun bitartean; eskuan plastikozko hegazkin koloretsua dakar.

        — Seamus, utz gaitzak unetxo baten. Berriketan gaudek. Zer esango du, bada, urrunetik etorritako mutil pare honek?

        Ikusi ez arren, Emmak etxean gertatzen den guztia mende du. Etxean batetik bestera ibiltzeko arazorik ez zaio nabari, bazter guztiak neurtuta balitu bezala. Bere urratsen hurbiltasuna sentitzen dutenean eskailera eta malda guztiak desagertarazten direla esan daiteke.

        — Ikasi beharra izan dut aurrera egiteko. Ezkaratzekoak izan ezik, beste guztiak neuk egiten ditut, itsu geratu aurretik egiten nuen legez. Paraxutistak tiro egin zidan arte, hamaika seme-alabaren ama maratza nintzen. Harrezkero, noraezean, iparrik gabe ibili nintzen zenbait urtetan zulotik atera ezinik. Kanpoko eta barruko iluntasunaren morroi izan nintzen denbora luzez, beti negarrez nire gelan sartuta. Baina gainditzea lortu dut.

        — Zergatik eraso zintuzten paraxutista britainiarrek?

        — Senarrarekin eta zortzi seme-alabarekin batera nengoen etxeko egongelan. Kalean istiluak zeuden, eta leihotik begiratzea otu zitzaidan. Soldaduek mutil gazteak beren etxetik atera eta atxilotzen zituztela gogoratzen dut. Orduan, egonezinak jota-edo, nere kanturik gustukoena jartzeko esan nion Eithne alabari, Irlandako herri kantu bat. «The Four Green Fields» abestiaren lehen notak entzundakoan gertatu zen. Nik ez nuen soldadua ikusi, beste norabaita begiratzen egongo nintzen. Horixe da nire begiek argia ezagutu zuten azkena.

        Besaulkian jesarrita dagoen amamari ez zaio flakezia keinurik antzematen iraganeko pasarte goibela gogoratzean. Irmo eta zut eusten dio gorputzari, berbak aparteko hoztasun finagaz ahoskatzen ditu. Iragana ahaztu barik aurrera jotzeko erabaki tinkoa hartu duenaren indarragaz mintzo zaigu Emma Groves.

        — Plastic bullet eta rubber bullet, plastikozko eta gomazko piloten eraginez ni baino okerrago atera denik ere izan da urteotan, eta hori berriro gerta ez dadin ari naiz borrokatzen. Izan ere hamazazpi lagun, gehienak hamaika eta hamazortzi urte bitarteko neska-mutilak, hil dira plastikozko eta gomazko pilota hauek jota. Hanketara tiro egiteko diseinatuak izan ziren baina... Seamus bezalako mutil-kozkorrak akabatu dituzte —orain arte sentimenduei eusten egon den emakumeari ahotsa kraskatu zaio behingoan.

        Emmak gelako mesanotxean gordeta dituen pilotak atzerritarrei ekartzeko esan dio Seamus gaztetxoari. Hamar zentimetro inguruko luzerako eta bi zentimetroko diametroko proiektil beltzak dira rubber bulletak; krema kolorekoak eta pittin bat txikiagoak egun poliziak eta soldaduek erabiltzen dituzten plastic bulletak. Emmaren esku ahurrean ia ez da kabitzen ale bana.

        Etxe honetara sartu garenean gelako beste edozein txokok adina garrantzi zuen leihoak nire arreta zuzpertu du bapatean. Handik sartzen den argi errainuen bideari jarraituz pausatu dut begirada eta pentsamendua. Eta bart entzundako plastikozko piloten hotsak etorri zaizkit gogora.