Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Kakalardoak

 

— Nora zoazte?

        — Clondara Street-era.

        — Sartu han. Bigarrenean.

        Taxi Beltzek, Belfasteko kakalardoek, hirigunean daukate geltoki nagusia, Falls errepidearen abiapuntu den Castle Court plazan. Taxi batera sartu aurretik, harrera-edo egiten duenak nora zoazen galdetuko dizu, eta zein taxitan sartu agindu. Asteazken iluntzea da, dozena bat taxi baino ez dago geltokian, eta bigarren autoan sartu gara.

        — Nora? —badaezpada egiten dute galdera bera gidariek, inor okerreko taxian sartu ote den.

        — Clondara Streetera.

        Atzera begira jarri da gidaria, irribarre txikia agerian:

        — Clondarara?

        Eta abiatu da Falls errepidean barrena, beste inoren zain gelditu gabe. Gidariaren ezkerrean jarri naiz —ez naiz berehalakoan ohituko gidaria eskuinean ikusten—, eta atzean eseri da Humberto, beste lau lagun ere kabitzen diren lekuan. Hiru lagunentzako lekua dago atze-atzean, eta bi eseri ohi dira hauekin aurrez aurre, gidariari bizkarra emanez.

        Berdinak dira taxi guztiak. Beltzak kanpotik, beltzak barrutik. Antigoaleko estilokoak, Londresko taxi ezagunen igoalak dira: Hackney etxe ingelesari erosten dizkiote ibilgailuak. Metro eta hirurogeita hamar izango dira alturan, mutur zabal eta altua daukate, hegal lodiak alde banatan. Auto azkar eta arinarena baino itxura handiagoa dute kamioi makal baina sendoarena.

        340 taxi dira guztira: 277 Belfasten aritzen dira, mendebaldeko Fallsen eta iparraldeko Ardoyn-en, eta 42 Derry hirian. Funtzionatzeko eran erdi-taxi erdi-autobus dira: eskatutako kaleraino eraman beharrean, errepide nagusian uzten zaituzte, gidariaren eta atzeko bidaiarien arteko kristalean txanponarekin jota abisu ematen diozun unean. Hiruzpalau ibilbide nagusi dituzte taxiok: ibilbide berean dauden kaleetara doazenak taxi batera, beste ibilbidean doazenak bestera. 60 penike ordaintzen dute bide laburra dutenek, 80 penike ibilbide luzeagoa.

        Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan EEBBetako Annadak milaka jeep utzi zituen Filipinetako hondartzetan. Kasik txatarrarako zeuden ibilgailuak hartu eta, bataren piezekin bestea konponduz, taxi handiak (edo autobus txikiak) diren ibilgailuak osatu zituzten. Berrogeita hamar urte pasa direlarik, jeepney-ak dira Filipinetako hirietako garraio-sistema nagusia.

        Ibilgailuen jatorrian badute antzekotasunik Belfastekoekin. 70eko hamarkadaren hasieran Londresko Hackney taxi zaharrak erosi zituzten Belfasterako: batez beste, bi taxi zaharrekin berri bat osatu zuten.

        Hackney berriago batean goaz orain, Clondara bidean. Ibilbide nagusian dago Clondara, eta harritu egin gaitu beste inoren zain geratu gabe gu biok hartuta kalean gora abiatzeak.

        — Goseak egongo da —esan dut, neu ere gose bainaiz.

        Ez dit erantzun Humbertok. Eta entzun ere ez seguraski, Irish Times irakurtzen ari da-eta. Irish News-i begiratua bota diot nik. «Casement Acussed» esaten dieten hiru presoak askatzeko kanpainari buruzko informazioa dakar Belfasteko egunkari nazionalistak.

        — Casementeko hauek ez al dira hileta batean bi soldadu jipoitu eta hil zituzten hartakoak?

        — Bai, 1988ko martxoko gertaera sonatuetako bat izan zen —memoria itzela dauka Humbertok.

        — Baina nora doa hau?!

        Gidariak errepide nagusia utzi eta kale estu bat hartu du.

        — Oraintxe ederra! Ondo ulertu digulakoan gu, eta beste kale baten izena entenditu ez digu ba!

        Txanpona atera eta gidaria eta gure arteko kristalari bi kolpe leun eman dizkio Humbertok. Ez du gelditzekorik egin, txofer aluak. Hiru kolpe eman ditu kristalean, lehen baino gogorxeago. Aurrera berak, baina.

        — Alproja hau harpa jotzen ari zaigu! Ispilutik begira barrez ari da.

        Ez daukagu zertan kezkatu. Belfast katolikoan gaude, auzune katolikoetan katolikoenean, kakalardo baten barruan. Errepublikar peto-petoa behar du izan gidariak: bere lankide askok bezala, lazo berde handia darama itsatsita atzeko kristalean, Celtic Glasgow-en dozenerdi pegatina ditu kotxean, eta tatuaje ikusgarriak besoetan.

        Tatuajeagatik errepublikarra adina izan daiteke lealista: hirigunean eta auzune aberatsenetan ez da tatuaje askorik ikusten, baina mutur bateko zein besteko militanteen gune diren auzune behartsuenetan ohikoa da oso, protestante izan ala katoliko izan.

        Dragoi dotorea marraztuta dauka eskuineko besoan, bost puntako izar xumea ezkerrekoan. Burusoila izanik ere, hogeita hamar urte inguru ditu. Gorputz gihartsua hobeto antzeman diogu kotxea gelditu eta jaitsi denean. Ez da Clondara kalean gelditu, noski.

        — Kaixo, Liam naiz. Zu Humberto, ezta? Eta zu... —eskua luzatu dit, Humbertori bostekoa eman ondoren.

        — Imanol.

        — Emmanuel?

        — Bai —zertan kezkatua badut, nire izena ondo ahoskatzen erakusten hasteko. Nor arraio ote da? Nora demontre ekarri gaitu taxista honek?

        Liamen etxera sartu garenean aurpegi ezagun bat ikusi dugu behintzat, eta berau barrez lehertzen hasi da gu Liamekin ikusi gaituenean. Ez dugu ulertzen oraindik. Kate da, Karen-en laguna, Rock tabernan ezagutu genuena. Ez dauzka senarraren sorbaldak eta besoak, baina sendoa da Kate ilegorria. Normalean umore onarekin dagoen emakumearen traza hartzen diot. Algara irribarrera moteldu denean hasi da Kate gure aurpegi harrituek eskatzen zuten azalpena ematen.

        — Nire errua izan da dena. Etxera gonbidatu nahi zintuztedan, baina modu berezian. Lehengo egunean grazia egin zidan zure hitz egiteko moduak eta zure despistatu aurpegiak —Humbertori begira ari da orain Kate—, eta Liami esan nion betaurrekoak, despistatu aurpegia eta azentu espainiarra daukan batek Clondara kalera eramateko eskatuz gero, bada, hona ekartzeko, inolako azalpenik eman gabe.

        — Eta hala ere ez dizuet beldurtu aurpegirik sumatu bide okerretik eraman zaituztedanean! —dezepzionatuta dago Liam 'bahitzailea'.

        — Giro errepublikarrean etxean bezala gaudelako izango da.

        Etxebizitza bakarreko eraikina da Liam eta Kateren bizilekua. Bi solairukoa: egongela, sukaldea eta komuna ikusi ditugu behean, eta logelak goian. Belfasteko etxe gehienen antzekoa. Egongelan hartu dugu lekua.

        — Zurea al da taxia?

        — Bai. Zorte handia izan dut. Kartzelatik irtenda, bi urte langabezian egon ondoren, aitak erretiroa hartu zuenean niri pasa zidan taxia. Horrela hasi nintzen taxista.

        Long Kesh kartzelan hamabi urte egin ostean, duela bost urte etxeratu zen Liam. Orain hiru urte hartu zuen, beraz, taxia lantokitzat. Lanerako baino aukera handiagoa dute langabeziarako Belfast Mendebaldeko komunitate katolikoko kideek, eta zer esanik ez urte askoan kartzeletako hormen artean bizi izan direnek. Taxi Beltzen konpainian lanean hastea da irtenbide bakarrenetakoa.

        — Gidari gehienak mugimendu errepublikarreko preso ohiak zaretela entzun dugu.

        — Hala izango da akaso, baina tira, gure auzunean nor ez da noiz edo noiz espetxean izan? Fallseko dendarien artean ere, konparazio baterako, preso izandako asko dago.

        Kexatzeko arrazoirik ez omen du Liamek, baina hamabi orduz lan egin zuen atzo, eta berdin herenegun. Gaur, gure aitzakiarekin, goizoxeago etxeratu da.

        — Baina igandean jai, Igandero hartzen dut jai. Batzuek asteko zazpi egunetan lan egiten dute, baina ni beharrak ez nau horrenbeste estutzen. Aitak bai, egunero egiten zuen, seme-alabak kozkortzen hasi ginen arte.

 

 

Taxi beltzen aitzindarietakoa izan zen Joe, Liamen aita. 1969an Ipar Irlandan 'arazoak' (troubles) esaten zaien istiluak lehertu zirenean, barrikadez josita esnatzen ziren goizero auzune katolikoak, eta ordura arte garraiobide izan zituzten autobus eta taxiak eten egin zuten zerbitzua. Joek, autoa zuten beste hainbatek bezala, behin-behineko taxi bihurtu zuen berea: jendea etxetik lanera eta lanetik etxera eramaten zuen barrikadetan barrena, eta gasolinarako dirua ematen zioten trukean. Urte horretan bertan osatu zuten Belfast Mendebaldeko Taxi Beltzen Konpainia. Eta ordudanik taxi beltzek ez dute egun bakar batean ere huts egin. Istilurik zalapartatsuenen erdian ere Falls errepidean gora eta behera ibili izan dira.

        1972an Derryn soldadu britainiarrek 14 lagun hil zituzten igande odoltsuaren biharamunean lanera irten ez irten zalantzan izan zen Joe, baina kalera azkenean. Aurreko kristalean izotza zuela abiatu zen; urtarrilaren azken eguna izanik giro epelik ez baita Belfasten, hogei metrotik hogei metrora suzko barrikadak jarrita ere.

        Halako egun istilutsuetan erabili ohi zuen bidea hartu zuen Joek geltokira joateko: espaloira igota gainditu zuen lehenengo barrikada, bigarrena ere bai, Elizaren atzealdeko kale estu batean barrena hurrengoa, erretako bi autoren artetik pasa zen gero... Iritsi zen hirigunera. Taxista gutxi eta bidaiari asko zegoen han, eta zortzi lagun hartuta abiatu zen Fallsen gora, bidaiari kopuruan mugarik ez baitzen artean. Are gutxiago halako egunetan.

        Estreinako barrikadara ere ez ziren heldu, lehen urrutira entzuten ziren tiroak bertatik bertara entzun zituztelarik.

        — Argi ibili! Makurtu zaitezte! —abisatu zuen Joek, baina bera ezin zeharo makurtu autoa bide onetik eramango bazuen.

        Konturatu zirenerako, eskuin-ezker zulatu zituen bala batek autoaren atzeko kristalak. Ez zuen inor zauritu. Presaren presaz, ez espaloian ez kale estuetatik barrena gainditu zuen hurrengo barrikada. Kiskalita eta ia deseginda ikusi zuen Joek kale erdian trabeska zegoen autobusa urrutira. Pedalari tinko sakatu, apurtuta ez zeuden leiho guztiak ongi itxita zeuden arren «leihoak itxi» oihukatu eta erdi-erditik zeharkatu zuen autobusa.

 

 

— Halaxe kontatzen du berak, baina nik ez diot dena sinesten.

        Liamek ez dio oraindik jaramon handirik egin Katek ekarritako barazki-curry gozoari. Sarriago erreparatzen dio Australiako ardo beltz eskasari.

        — Ona ardoa, ezta?

        — Ongi dago... Lehengoan dastatu nuen ardo alemaniarra baino hobea behintzat. Euskal Herrira etorri beharko zenuke ardoa atsegin baduzu. Hauek baino askoz ere hobeak edaten ditugu erdia ordainduta.

        — Ederki asko daki Liamek zeinen ondo jaten eta edaten duzuen han. Euskal Herrian izan ginen biok duela bi urte.

        Primeran gogoratzen da Liam, Antzuolako etxe batean azal eta guzti jan zituen langostino haietaz.

        — Ez barrerik egin, Kate, zuk ere ia edan zenuen-eta mahatsa garbitzeko atera zuten uretik.

        — Han izandako gure lagun batzuk, berriz, aste osoa ilunpetan pasa zuten etxean, pertsianak nola irekitzen ziren ez zekitelako.

        Irlandarrek ez dakite pertsianak badirenik ere. Eta gaur, maiatza delarik, goizeko bostetan argituko du. Eta San Juan egunean laurak baino lehen!

        — Egun guztia jaten edo janaria prestatzen pasatzen duzue euskaldunok —besaulkian eserita, platera magalean eta edalontzia lurrean duela afaltzen ari da Kate.

        Halatsu gaude besteok ere. Platera eserlekuaren besoan jarri dut nik, eta moldatu naiz, hainbestean. Humberto, ordea, sofaren leku okerrean eseri eta ezkerrean egokitu zaio besoa. Pultsuan jan behar barazki-currya. Eskerrak ez duten ogirik atera. Inoiz ateratzen omen dute ogia otorduetan, baina orain artean ikusitakoagatik, batere gabe moldatzen dira gehienetan. Ogirik gabe... eta mahairik gabe.

        — Zuk ere barrikadetan nahikoa komeria pasako zenituen, ba?

        — Ez aitak adina. Barrikaden artean baino polizien artean pasa ditut nik komeriak.

        — Atxilotuta?

        — Kontroletan. Suetena baino lehen ia egunero gelditzen ninduen Poliziak.

        — Eta hiruzpalau aldiz batzuetan —begi biziak ditu Katek ilegorrien artean ezkutatuta.

        — Ez ni bakarrik, taxista guztiak baizik. IRAk ekintza gogorren bat egiten zuen egunetan, taxistok izorratuz lasaitzen ziren soldaduak. Egundoko kontrol pila pasarazten ziguten.

        — Donegall Road-eko bidegurutzearen inguruan bizi zarete biak, ezta? Kontaiezu, Liam, han gertatutakoa.

        Taxi beltzean hasi berria zen Liam, uztaila izanagatik ere bero handirik egiten ez zuen arratsalde hartan. Bigarren joan-etorria egiten ari zen: azken bi bidaiariak Andersonstown auzunean utzi eta autoa hutsik zuela zetorren, atzera taxi geltokira.

        Andersonstownetik Fallserako sarrera seinalatzen duen polizi komisaldegiko bihurgunea pasata, Donegalleko bidegurutzea hirurehun bat metrora zuelarik, tiro zarata entzun zuen. Hiruzpalau tiro-hots. Hurbildu zenerako, pistolak artean agerian zituzten bi gazte auto batean sartu ahala abiada bizian hanka egiten ikusi zituen, semaforoan geldirik zegoela tirokatutako taxi beltz gidaria odoletan utzita. Atentatugileen atzetik joatea alferrikako lan arriskutsua zela pentsatu gabe, Donegallerantz jarraitu zituen Liamek bere taxi motelean, Windsor auzunean sartzen ikusi zituen arte. Liamek bazekien ez zeukala Windsor protestantean sartzerik.

        — Hil egin zuten taxista. Bera ordez une horretan ni egon izan banintz semaforoan geldirik, ni hilko ninduketen. Minutu bakarraren aldeagatik nago bizirik. Eta gurea aspergarria dela esaten du aitak...

 

 

Aspertuta zegoen Liam-en aita, Joe. Kalean ez zebilen jende asko eta, goiz guztian taxia erdi-hutsik ibili ondoren, eguerdiko mokadua jan ondoren taxia kale bazterrean utzi eta tabernaren epelera bildu zen kafetxo bat hartzera. Kafea hartu, tabernariarekin berriketa pixkat egin eta orduerdiko nagikeriaren ondoren irten zen kalera. Zain zeuzkan hiru gazte.

        — Irlandako Armada Errepublikarra! Autoa hartuko dizugu lan bat egiteko. Ordu pare bat barru itzuliko dugu, Beechmount-eko kiroldegiaren aurrean.

        Lagunak ez, baina aski ezagunak zituen taxia eraman ziotenak. Kezkatzeko arrazoi handirik ez zuen: bertan zeukan taberna, eta hantxe egingo zituen bi orduak, gero auto bila abiatzeko.

        Guinness pinta hartu, beste kafe pare bat, eta Beechmount-era jotzeko tenorea heldu zitzaion. Han inguruan ez da tabernarik, eta kanpoan itxoin zuen aurrena. Zigarro bat erre, bigarrena ere bai, hirugarrena... paketea bukatu zitzaionean ohartu zen beste bi ordu paseak zirela. Hoztu zen gainera eta, iluntzen ere laster hasiko zuenez, konpainiara joatea erabaki zuen, gertatutakoa gaztigatzera.

        — Kontxo, Joe, hemen al zara? Zer gertatu da zure autoarekin? Poliziak deitu du.

        — Poliziak?

        — Taxi beltz bat aurkitu dutela, ateak zabalik, Andersonstowneko errepide nagusiaren erdian, trabeska. Matrikula begiratu dugu eta zurea da. Zer jazo da?

        «Gero arte» moduko bat entzun zion bulegokoak Joeri, arrapaladan abiatu baitzen eskaileretan behera, Andersonstown aldera.

        — Zu al zara taxiaren jabea? —fidakaitz begiratu zion Joeri polizia-taldean buruzagiaren plantak egiten zituenak.

        — Bai. Zer gertatu da?

        — IRAk zure taxia erabili du, itxura guztien arabera.

        Joek artean ez zekien IRAko komandoak Springfielden gazte bat bahitu, Andersonstowneraino eraman eta belaunetan tiro bana jo zizkiola. Auzuneko gazte ezaguna zen tirokatu zutena, droga kontutan omen zebilelako ezaguna hain zuzen. Taxia eta gazte zauritua bertan utzita, ihes egin zuten komandokideek.

        — Aita, jakina, komisaldegira eraman zuten, autoaren desagerketa salatu ez zuenez susmagarria zelako.

        — Eta zer argudiatu zuen?

        — Ezer berezirik ez. Kafe bat hartzera tabernara sartu eta kanpora irteterako autorik ez zegoela. Lagunen adar jotzea besterik ez zela pentsatu omen zuen, eta horregatik ez zuela salatu. Egun gutxira taxia kendu zioten gazteetako batek deitu zion.

        — IRAkoak?

        — Bazekitela atxilotu egin zutela, eta ea zer gertatu zen. Autoa agindu bezala zergatik itzuli ez zuten ere azaldu nahi zioten. Aitak Poliziarekikoak aipatu eta gainerakoa ez zitzaiola axola esan zien. Ez kezkatzeko, ahazteko kontua eta kitto.

        Taxi Beltzei buruzko promozio bideoa eman digu Liamek, kalerako bidea hartu aurretik. Taxi Beltzen arduradunaren telefono zenbakia ere idatzi digu.

        — Telefonoa nik eman dizuedala esan, eta euskaldunak zaretela; errazago hartuko zaituztete.