Gerry Adams-en autografoa
Elkarrizketa egiteko modurik ez daukagula jakinarazi diguten arren, ez da batere zaila Gerry Adamsekin topo egitea Belfast Mendebaldeko kaleetan barrena egunero bazabiltza. Gutxien espero duzunean agertuko da zure espaloitik zuganantz hurbiltzen. Etxe ondoko hilerriko bidesketatik zakur beltzarekin paseatzen, hitzaldi bateko entzuleen artean, edo Fallseko Sinn Feineko egoitzatik gertu daukan etxerako bidean aurkituko duzu mugimendu errepublikarreko buruzagia. Bakarrik sekulan ez. Gutxienik bi bizkarzain inguruan, Falls auzunean baldin badabil ere.
Batetik bestera joateko, beretzat propio prestaturiko taxi beltz blindatua baliatuko du, Belfast Mendebalderako kamuflajerik onena. Auzune nazionalistetatik kanpo betebehar politikoek baino ez dute eramaten. Eta ez duzu hirigunean erosketak egiten edo garagardo bat hartzen topatuko.
Familia irlandar, errepublikar eta katoliko bateko hamar anai-arrebatan nagusiena da 47 urteko bizarduna. Aiton-amonen eta gurasoen bide beretsutik jo du borroka politikoan. 40ko hamarkadan RUC Poliziaren erasoaren ondorioz tiro batek zauritu zuen aita. Eta aitaren esperientziatik ezagutu zituen Gerry gazteak ziegako iluntasunaren mingotsa, urte batzuk giltzapeturik eman baitzituen Sinn Feineko buruzagia izango zena jaio aurretik.
Mugimendu errepublikarrean burubelarri murgiltzeko erabakia, ostera, ez zitzaion sendiko odolaren borborrean piztu, 1964an poliziarekin izandako gertakari baten haritik baizik. Sinn Feinen egoitza batean sartu eta, dena hankaz gora utzi ondoren, Irlandako bandera bahitu zuten RUCeko agenteek. Adamsek 17 urte baino ez zeuzkan, baina eskola utzi eta mendira joatea erabaki zuen.
Tabernari lanetan aritzen zen Adams, Duke of York pubean. Belfasteko erdialdean dagoen taberna, Newsletter egunkari unionistaren egoitza parean, NILP Ipar Irlandako Alderdi Laboristako alderdiaren bulegotik gertu. Tabernako lanek eta Sinn Fein alderdikoek betetzen zuten Adams nerabearen eguna.
Gazte argal hark Fallseko bazter guztiak dantzan jartzen zituen diskriminazioaren aurkako borrokan, batez ere langabetuen eta etxegabekoen alde egindako lan kementsuaz. United Irishman argitalpen errepublikarra kalean saltzeagatik kartzelaratua izan zen behin baino gehiagotan. Taberna ere utzi egin behar izan zuen diskriminazioa bere azalean sentitutakoan. Uztailak 12ko jai eguna zela-eta, zegokion paga bikoitza eskatzeagatik kaleratu zuen ugazabak.
Errepublikarren artean zabalduta dago, Sinn Feineko egungo burua IRAko komandantea izan zela: Belfasteko Ballymurphy eremuan lehendabizi eta hiriburu osoan gero, talde armatuko batzorde militarreko zazpi kideetako bat bilakatu aurretik.
1972ko uztailean, Londresen, Gobernu britainiarraren egoitza ofizial batean William Whitelaw Ipar Irlandarako estatu idazkariarekin bildutako IRAko delegazioko kide izan zen Gerry Adams, 25 urteko gaztea. Hilabete lehenago atera zuten Long Kesh-eko internamendu-eremutik, hastear zeuden elkarrizketetan parte har zezan errazteko.
IRAren eta mugimendu errepublikar osoaren zuzendaritza Hegoaldean zegoen artean Sean McStioifan zen IRA Probisionalaren buruzagi nagusia, eta Ruairi O'Bradaigh Sinn Feinekoa, baina ordurako Iparraldeko 'gazteak' eragin garrantzitsua izaten hasiak ziren. Izan ere, Armada britainiarraren hegazkin militarrean Whitelawengana joandako delegazioko zazpi kideen artean, Belfasteko provoen ordezkari zen Gerry Adams ezezik, derrytarrak ordezkatzen zituen Martin McGuinness ere bazihoan.
Tregua eta elkarrizketa haiek ezer onik ez zioten ekarri mugimendu errepublikarrari. Negoziazioak hasi ahala eteteaz gainera bilera bakarra egin zuten Estatu idazkariarekin, delegazio errepublikarrean parte hartu zuten gehienak atxilotu egin zituzten: Sean McStiofain eta Martin McGuinness urte berean, Gerry Adams hurrengoan.
IRAko kidea izan zela ukatu egiten du gaur egun. Baina mugimendu errepublikarreko buruzagitzara iritsi orduko hutsik gabeko ibilbidea, inoiz ezagutu den ibilbiderik azkarrena, bete duela aitortzen diote Belfasteko IRAkide ohiek.
Adamsek Belfast kontrolatzen zuen dio Kevinek, Adamsen garaikideak. Eta Belfast kontrolatzen zuenak gerra kontrolatzen zuen.
Long Kesheko 11 zenbakiko barrakoian zegoelarik Bobby Sandsen ziegakide, Adamsek iritzi zutabea idatzi zuen Republican News aldizkarian, Brownie goiti zenaz. Idatzi honetan ahots alternatibo baten lider bezala agertu zen. Adamsen proposamenek berehala izan zuten oihartzun zabala H-Blokeetako hesietatik kanpo ere.
Kartzela utzi eta berehala ekin zion mugimendu errepublikarra bide berrietara eramateko ahaleginari. Alderdia Dublindik zuzentzen zuen (The Southerness) taldearen estrategiarekin bat ez zetozen Iparrekoak (The Northerness), eta Gerry Adams buru zutela, mugimenduaren lema Iparraldera ekarri zuten pixkanaka. 1983an, Ruairi O'Bradaighek Gerry Adammi utzi behar izan zion alderdiko lehendakaritza.
Futboleko jokalaria bailitzan, autografoak sinatzen aurkitu dugu gaur Corrigan parkean, errepublikarrek antolatutako ekitaldi politikoko entzuleen artean. Nik ere eskatu diot neuretzako zirri-marra bat. Elkarrizketarik ez baina, sikieran, Adamsen sinadura gordetzeko, gero sinaduraren azterketa sasi-grafologikoa eginez etekinen bat ateratzeko itxaropenaz.
Zori oneko eguna izan da. Nire izena eta dataren azpian, gure herriari aupada bat eman guran honako hau idatzi baitu: «Gora Uskadi!». Euskal Herrian bizpahiru bider izana da Adams, azkeneko aldiz nire koadernoan «Gora Uskadi!» idatzi baino sei hilabete lehenago.
Urrunetik besterik ez bada ere, Euskal Herriaz entzun edo ezagutzen ez duenik ez dago auzune errepublikarretan jendetzaren artetik agertu den Donagha prentsa arduraduna guregana bildu da. Baina, egiatan, guretzat ezagunagoak dira beste herrialde batzuk.
Zein?
Hegoafrika eta Palestina, batez ere.
Horregatik ikusi ditugu gure ikurrinarekin eta Irlandakoarekin batera palestinarren eta hegoafrikarren banderak Sinn Feinek Belfasteko Andersonstown auzunean daukan O'Conolly egoitzan.
Euskal Herria guretzat garrantzitsua izan arren, areago dira Hegoafrika eta Palestina. Bi herrialde hauek erakutsi diote munduari askatasuna eskuratzeko batzuetan ezinbestekoa dela altxatzea eta bortizkeria erabiltzea. Bi prozesuak, batez ere Nelson Mandelaren Afrikako Kongresu Nazionalak burututakoa, arrakastatsuak izan dira, eta nazioarteko iritzi publikoaren begirunea eta onespena jaso dute.
Beraz, Adams gure herriaren izena E eta guzti idazteko gai denean izango da Euskal Herria irlandarren artean aipagai.
Ordurako britishak hanka eginda izango direla espero dut.