Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Up the RA!

 

Saoirse preso errepublikarren senideen elkartearen protestaldian parte hartzera etorri gara berriro ere Long Kesh kartzelara. Xume eta baketsua izango zela ohartarazi zigun Malachyk bart, eta hala izan da. Berrehun bat lagun bildu gara, lazo berdea paparrean guztiok. Atarian hiruzpalau itzuli eman ditugu, presoen aldeko leloak bozgorailu eta guzti oihukatuz, eta preso-ohi zenbaitek elkartasun adierazpenak egin dituzte hitzaldi laburretan. Poliziek baino ez dute ikusi protesta —ikusi ezezik bideoan grabatu ere bai, errepublikarren ekitaldi guztiekin egin ohi duten bezala—, baina presoek elkartasun mezua jaso dutelakoan gaude.

        Protesta ekitaldia bukatu eta Eric eta Malachyrekin sartu gara autoan. Presoak bozina festa zaratatsuarekin agurtu eta karabanan abiatu gara Belfastera. Kartzela irteeran zain izan dugu bideo kamera: autoen matrikula zenbakiak eta kotxe barrukoak filmatzen ditu lotsagabeki Poliziak. Ohituta daude gure lagunak. Ez dute bederen protestarik egiten.

        — Material ederra biltzen ari dira hauek, suetena hausten denerako. Horixe egin behar dut nik ere! —eta argazkia atera dio Humbertok polizia kameradunari, lotsagabe.

        — Gu biontzako ere apal bana izango dute honezkero polizi artxibategian —barre egin dut, kanpotarra izateak ematen duen lasaitasunarekin.

        Ericek eta Malachyk ere algara batean barre egin dute espetxe irteerako azken poliziaren paretik pasatzean, leihoa zabalduz euren oihu maiteena ahalik eta ozenen bota ondoren:

        — Up the RA! Up the RA! —«Gora IRA» beharrean «Gora RA» esaten dute. Gora Armada Errepublikarra. Irlandakoa dela jakina baita.

        Poliziak ez du keinurik ere egin. Autoa oso poliki zihoanez erraz geldiaraz zezakeen, baina libre da, itxuraz, «Gora RA» oihukatzea. Autobiderako kilometro parea egin baino lehenago hasi dira ordea arazoak: Poliziaren land-roverra atzetik etorri eta karabanako hirugarren kotxea geldiarazi du, trikolorea —Irlandako bandera— airean daramalako. Denok gelditu gara, zer gerta ere. Gidariarengana hurbildu da polizia, bi hitz esan dizkio, eta tiraka bandera irlandarra kendu eta land-roverrera eraman du.

        — Denak autotik kanpora!

        Estreinako ilaretako lagunek egindako orroei kasu egin eta berehala polizien inguruan jarri gara. Isilik baina poliziei presio eraginkorra eginez. Hamar minuturen buruan itzuli diote bandera jabeari, ez gehiago aireratzeko aginduz.

        Autobidean sartzearekin batera hasi da festa: lehenengo bost kotxeak errenkadan jarri, orduko 10 kilometroko abiadara jaitsi eta dozena bat bandera irlandar dantzan jarri dituzte, bozina zaratatsuen doinuan. Minutu gutxiren buruan, egundoko ilarak sortarazi eta Polizia lanean jarri dugu berriro. Bigarren errenkan dago gu lauron autoa eta urruti ikusten ditugu land-roverrak, karabanaren atzetik aurrera hurbiltzen, oso pixkanaka.

        Ikuskizunak merezi du: polizi-autoak eginahala guztian aurreraino heldu nahian ari dira, baina geure kotxeez, lotsagabe, bidea ixten saiatzen gara. Land-roverra ezkerretik aurreratzen saiatzen bada, aurreko autoak ere ezkerrera egiten du kolpe batean, eta eskuinera egiten badu, berdin eskuinera. Land-roverretakoak ez daude etsitzeko, eta borroka latza gertatzen ari da.

        Bideo kamerak ere ezin hutsik egin, eta atzean datorkigun land-roverretako baten gainean dator Spielberg, lehendik ere filmatuak dituen autoak eta bidaiariak berriro filmatzera. Gorriak pasatzen ari da, hala ere, batere seguritaterik gabe baitator ibilgailu gainean eserita, irrati-antena hankartean duela. Kotxeak aurreratzeko maniobra bihurrietan ia hankaz gora erori zaie kameraduna, behin baino gehiagotan.

        Errepide ertzetik aurrena, kotxe arteko zirrikitua zabalaraziz gero, gure errenkaren gibeleraino iritsi dira azkenean lau land-rover, gainean kameraduna daramana barne.

        Eric eta Malachy ez daude aukera galtzeko prest:

        — Ikusi al duzu bideoduna nola datorren? Bizkortu dezagun abiada!

        Keinuak baliatuz ados jarri dira aurreko hamar autoak: «Orain!». Eta zapaldu dute azeleragailua: hamabost, hogei, hogeita hamar, berrogeita hamar, laurogei, ehun... berehala jarri gara orduko ehun eta hamar kilometroko abiadan. Lehertzekotan behar du aurreko taxi beltzaren motorrak, baina eusten dio.

        Spielbergen lagunek ere ez dute larikidearekin errukirik izan eta ziztu bizian datoz gure atzetik. Estu eta larri dator kameraduna, baina grabatzen segitzen duela dirudi, balantzaka bada ere.

        Ni estutzen hasi naiz. Humbertori adierazi diot kezka:

        — Ez dute, bada, orain kolpetik galga zapalduko?

        — Kapazak, hauek!

        Baina ez dira hainbestera ausartu, eta poliki mantsotu dugu abiada. Polizi ibilgailuek euren ahaleginari berrekin diote, eta lortu dute karabanaren aurrean jartzea. Zertarako hainbeste ahalegin? Euren atzean daukate orain autobidearen zabalera osoa oztopatzen duen karabana, eta ez dakite zer egin. Land-rover gehiago heldu dira apurka, ordubete iraun duen ikuskizunean.

        Autobidea bukatu da, eta kontrola jarri dute irteeran. Lehen lerroko autoaren gidariarekin hitz egin eta agiriak eskatu dizkiote. Segituan utzi diote aurrera egiten. Gainerako kotxeak gelditu gabe pasa gara kontroletik, makal-makal eta banan-bana, oraindik lanean ari den kamerak ongi harrapa gaitzan.

        Ericek ez du aukera berria galdu, poliziak parez pare eta kamera berari begira eduki dituenean:

        — Up the RA!

        Fallsera bozina joka sartzen ari garelarik, irratian entzun dugu presoen aldeko ekitaldia egin dutela errepublikarrek Maze kartzelan, eta autobidea oztopatuta eduki dutela luzaroan.

        — Oso ongi! Bete dugu helburua!