Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Bunkerra

 

— Azken abisua da Gino, aditzen? Ultimatuma! Lapurretan segitzen baduzu arazoak izango dituzu, eta badakizu zelako arazoez ari natzaizun —Martin O'Callaghan-en mehatxuak erabat kikildu du kalean kabitu ezinik zetorren Gino, paparrean aurreneko ileak atera zaizkionetik etengabe gizonarena jotzen ari den nerabe harroputza.

        — Zergatik diozu hori, Martin? Azken abisutik hona ez dut bekaturik. Utzi diot inoren etxeetan eta autoetan sartzeari. Ez zaitez faborez haiengana joan. Oraingo honetan ez daukat bekaturik, zinez diotsut.

        Hamazazpi urte inguruko mutikote kankailuari bere luzeraren adinako dardarizoa antzematen zaio Martin hurreratzen zaionean. Auzokideak biak, Poleglass etorbidearen alde berean bizi dira. Lau atek bereizten dituzte bata eta bestearen etxeak. Martinen atea —35 zenbakia— ezinbesteko erreferentzia da auzunean, edonork gogora ekartzen duena inolako esfortzurik egin gabe.

        Martin O'Callaghan Sinn Feineko auzoko ordezkaria da, auzotar guztien kezka eta arazoen hartzaile eta bideratzailea. Arazoak hala agintzen duenean edo egoeraren larritasunak gaia bere ahalmenen gainetik jartzen duenean, Martinek haiengana zuzentzen du arazoa.

        — Jakin al daiteke zein motatako bekatuez mintzatu zareten? —itaundu diot zorrozki.

        — Arazo gehiegitan nahastuta ibiltzen den horietakoa da Gino. Konpromezu gabeko mutila, diru zaletasun handiko gaztea —Martinek ez du gogo onez erantzuten.

        — Zehatzagoa izan zaitezke?

        — Nahikoa argia izan naizela uste dut, Humberto.

        — Zer gertatuko litzateke haiengana bidaliko bazenu? —nire irakurleentzat ari naiz, ni baino bizkorrago senti daitezen.

        — Gutxienez, auzunetik kanporatu.

        — Eta kasurik txarrenean?

        — Hori nik baino gehiago jakin nahi izatea litzateke... Txera eta aldarte onekoa da Martin, hantusterik gabea. Sinn Feineko auzo ordezkaria izateagatik baino, bihotz zabaleko eta ideia argiko fenian (borrokalari errepublikar) suharra delako bereganatu du auzokoen begirunea. Alderdi errepublikarreko buruzagien artean dozena erdia besterik ez da ikasketak burututakoa. Bakan horietarikoa da Martin, eta horrek ilustratu kutsua ematen dio eskolaratua izateko larritasun franko eta motibazio eskasa izan duen komunitate katolikoaren aurrean.

        Etxe atarian ipar haizearen orratzek gaixotzeko arriskuan jartzen gaituelako-edo, etxe barrura sartu eta guinnessa edatera gonbidatu gaitu Martinek. Atea atzean utzi eta, instantean, fikziozko kontakizunetan bonba nuklearraz babesteko eraikitzen diren babeslekuen irudia iradokitzen duen ikusmira azaldu zaigu.

        — Zuen herrian ez dago honelakorik?

        — Ezta antzekorik ere —kleenex batekin nire antiparren kristal lodiak garbitu ditut begibistan dudana sinetsi ezinik.

        — Zoko askotatik irten naiz ihesi, baina honetatik gauza bera egiteko arazo asko izango nuke —txantxetan diotsat Martini, panorama tragikoari dramatismoa kentzeko asmoz.

        — Kartzelak bizitzeko grina eta indarra osten dizu; hemen, berriz, babestuta sentitzen naiz, etxean nagoen bitartean behintzat.

        Bi solairuko etxetxoa da Martin O'Callaghan babesten duena. Behean, sarrerara ematen duen korridore estutik gorpuzten hasten da etxea. Pasiloa ornamentuz kargaturiko egongela koloretsuaren parean dago eta, besterik gabe, hara sartzea gonbidatuko zaitu hurbiltasun fisikoak.

        Beheko suaren inguruan antolatua da gela osoa. Eskuinean disko-jogailu zaharra, dozenaka kaset eta disko lurrean sakabanaturik, hemen Van Morrison, hor U2 eta An Scadan Rua, eta harantzago... Oskorri eta Pantxoa eta Peio. Ezkerreko paretan, sinbologiaz beteriko kartelak, Bobby Sands eta gainerako bederatzi gose grebalari martirien oroimena bizitzen dutenak gehienbat. Baina ororen gainetik batek erakarri du nire begirada, ikurrina itzela esku artean daroan jende multzo batena. Independentzia leloak burutzen du kartela. Ezkaratzera ematen duen sarreraren parean dago Euskal Herriari buruzko afitxa.

        Burdinazkoak dira kanpora ematen duten leihoak, eta ateetan ezezik, barrualdean ere zenbait burdin-barra dago. Guztien artean bat nagusi: goialderako eskaileraren aurrean dagoen atetzar metalikoa, zorutik sabairainokoa. Goian logelak, komuna eta liburuak eta bestelako trepetak gordetzeko gelatxoa daude.

        — Zertarako ate metaliko hau, Martin? Ez al da ba nahikoa kanpoan daukazunarekin?

        — Lo egin ahal izateko, gozo, soseguz eta begiak itxi-itxita. Gauez erasotzen dute unionistek, lotan gaudela. Horrexegatik jartzen dugu ate hori, giltzarrapo eta guzti. Sartzen baldin badira, gure jendeari telefonoz deitzeko adina denbora emango digu giltzarrapoak, atea zabaltzeko ahaleginetan dauden bitartean. Gu akabatzen bagaituzte ere, etxetik irten orduko gureak egongo dira zerri horien zain.

        — Etxea bunkerra bihurtzerainoko mehatxatua ikusten duzu zeure burua?

        — Iaz arte ez nuen neurri berezirik hartzen, ez behintzat edozein errepublikarrek hartzen dituenak baino gehiago. Etxe honetara etorri aurretik birritan aldatu nintzen bizi lekuz, zinegotzia eta alderdi barruko zereginetan aritu izanaren poderioz pertsonaia ezaguna bihurtu nintzelako. Baina ez nuen sekula etxea kaiola bihurtzeraino burdinaz jostea pentsatu. Iazkoa gertatu zen arte.

        Suetenaren aurreko urtea oso gogorra izan zen. Atentatu eta hilketa ugari. Urte oparoa —odolari dagokionez— bereziki talde paramilitar unionistentzat, Belfast ekialdeko bizilagun asko hil baitzituzten tiroz eta lehergailuz. Azken lau urteetan, 1990etik, unionisten ekintzen ondorioz nazionalista irlandar gehiago hil da, IRAren eskutik unionistak baino.

        — IRA eta oro har mundu errepublikarra politizatuagoa da. Eta ideologiak sostengantzen duenez, gure jomugak ere politikoagoak dira, selektiboagoak. Indiskriminatuagoak dira UVF eta UFF taldeen ekintzak, bai helburuetan bai ekar ditzakeen ondorengoetan.

        — IRAkoak ere ez dira besamotzak hiltzeko kontuetan.

        — Ez, baina ez dute garbitzen kalean egokitzen zaien lehena. Azken batean guk protestanteekin batera eraiki nahi dugu herri hau, 1921ean artifizialki banatua izan zena berriro batu. Talde unionistek, ostera, ez dute kaletarraren eta mugimendu errepublikarrean politikoki jarduten duenaren artean bereizketarik egiten. Berdin zaie okina, bizargina, egunkari-saltzailea edo alderdiko buruzagi bat.

        Sinn Feineko zinegotzi baten etxean bazkaritan egoteak ekar diezazkidakeen arriskuak neurtzeari ekin diot une batez, konturatu barik bake prozesuan egoteak ataka horretatik libratzen nauela eta arratsalde bateko arriskua hutsaren hurrengoa dela egunez egun bunker honetan bizi duenarenaren aldean.

        — Aspalditik ezaguna izanda, zergatik ez duzu orain gutxi arte honelako neurririk hartu?

        — Behinola, lanetik itzuli nintzelarik, taxi beltzak auzunearen ondotik igarotzen diren bidea utzi eta berehala, ohikoa ez den giroa eta jendetza antzeman nituen. Arrapaladan hasi nintzen zarataren norabideari segika. Urrunetik jende multzoa ikusi nuen nire etxearen parean, eta nire bihotza danbatekoka.

        Gizon patxadatsua da Martin. Hala azaldu zait orain arte bederen. Baina kontakizunak aurrera egin duen heinean urduritasun keinuak nabari zaizkio.

        — Nire atarian baino bi beherago zegoen jendea txikizioaren hondakinak erretiratzen eta baliozko gauzak kartoizko kutxetan gordetzen. Mary, etxeko andrea eta hiru seme-alabaren ama, negar zotinka ikusi nuen nigana etortzen. Ia arnasarik hartu gabe, eskuak lepotik lotuz besarkatu ninduen.

        Eskuzko leherkaria bota zuten. Auto gorri bat geratu zen atari aurrean eta bi gazte irten ziren barrutik. Batek lehergailua jaurti zuen goiko leihoaren kontra, besteak gerria autoaren leihotik aterata pistolaz airera tiro. «Up the UFF!» aldarri egin zuen pistoladunak ihesi aurretik.

        — Ez zuten atentatuan inor zauritu. Onik atera ziren Doherty-tarrak. Etxearen goialde osoa berritu beharra izan genuen.

        Gerora jakin denez, halaxe baieztatu zuen Poliziaren informe batek, Martin O'Callaghan bera zen leherkariaren jomuga.

        — Erratuta jo zuten nire auzokoen kontra. Hurrengo erasorako prestatua dut bunkerra!