Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Gerra ez da irrati bat

 

Culturlann zentro gaelikoko kafetegrn behin eta berriro begiratu bai, baina Bernardette McAliskey-ren aztarrenik ez dugu atera. Gazteagoa zeneko argazkietatik ezagutzen dugu McAliskey, baina kafetegi osoan emakume heldurik ez denez, ez zen oraindik iritsiko. Eguraldi ona dago eta atarira irten gara jarai batean horren famatu izandako politikari errepublikarrari itxoitera.

        Jende ugari dabil Culturlannen sartu-irtenean, Belfast Mendebaldeko Festibal hasi berriaren batzorde antolatzaileak bertan baitauka egoitza nagusia. Ez dugu Bernardette McAliskey izan daitekeen inor ez sartzen ez irteten sumatu.

        — Ez da ba horietako bat izango? —gugandik metro gutxira, eserleku tolesgarrietan jesarrita eta betaurreko beltzak jantzita, eguzkia hartzen eta berriketan ari diren bi emakumeei begira galdetu dit Humbertok.

        — Bai zera. Gazteagoa behar du.

        Atzera kafetegira sartu eta langileetako bati galdetu diogu, badaezpada ere.

        — Bernardette? Kanpoan ikusi dut orain hogei minutu.

        Hogei minutu elkarren aldamenean eta elkarren zain pasa ondoren jo dugu McAliskeyrengana, ez ezagutu izanagatik apur bat lotsatuta.

        47 urte ditu, baina zaharxeago ematen du. Gozoa du begirada, deigarria eta urdina. Biribil samarra aurpegia, ile argia, nahiko motza, guk ikusitako azken argazkikoa.baino askoz motzagoa. Ez da argala, baina gizena ere ez. Udako egokia den soinekoa ekarri du, koloretsua.

        — Barkatuko diguzu, baina hasieran ez zaitugu ezagutu...

        Irribarre egin digu. Bere zain geundela konturatu delakoan nago, baina nahiago izango zuen adiskidearekin eguzkia hartuz berriketan segi, kazetari arrotzen galderei erantzuten hasi baino.

        — Orain ez naiz egunkarietan agertzen.

        Irlandan oso ezaguna da oraindik ere Bernardette McAliskey, baina egia da Bernardette Devlin gaztea mugimendu errepublikarreko aurpegi ezagunena zenetik gauzak aldatu egin direla.

        Bernardette Devlinek 21 urte baino ez zituen 60ko hamarkadaren bukaeran gatazka berriro piztu zenean, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren inguruan antolatutako komunitate katolikoaren liderra bilakatu zenean. 1969ko apirilaren 17an, Mid-Ulster eremuko hauteskundeak irabazi zituelarik, Erresuma Batuaren historiako emakumezko diputatu gazteena bilakatu zen. «Minigonadun Fidel Castro» esaten zioten aurkakoek, «Ark-eko Joana irlandarra» aldekoek.

        Garai hartan Sinn Feinek eta IRAk ez zuten indar handirik. Eta mugimendu errepublikarraren geroko sendotzea eskubide zibilen aldeko mugimenduak abiatu zuen. Orduko Sinn Feineko liderretako batek aitortu zuen 1968ko bukaeran: «Eskubide zibilen mugimendua jaio zela hilabete gutxi batzuk baino pasa ez diren arren, IRAk dozenaka urtetan baino gehiago lortu du».

        Bernardette Devlin parlamentari aukeratu zutenetik hamalau hilabete pasa zirelarik, 1970eko ekainean, mitin batean parte hartzera zihoala polizi-kontrol batean geratu eta atxilotu egin zuten. Salaketa: Bogsideko Batailan parte hartu izana. 1969ko abuztuan Derryko auzune katolikoan errepublikarren eta segurtasun indarren artean izandako istiluei deitzen zaie Bogsideko Bataila. Sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten parlamentari gazteari, eta lau bete zituen Armagh-eko emakumeentzako presondegian.

        Kaleko borrokan ezezik Westminsterko parlamentu sakratuan ere nabarmendu zen. 1972ko urtarrileko igande odoltsuaren osteko saioan gertatu zen. Derryko manifestazioan paraxutista britainiarrek hamalau lagun hil ondorengo parlamentari-bilkuran Reginald Maudling Barne Ministerioko idazkariak argudiatu zuen:

        — Soldaduek euren aurka egindako erasoei erantzunea besterik ez dute egin.

        Bernardette Devlinek bero zuen odola.

        — Barne idazkariak gezurra esan dio ganbara honi. Inork ez zituen paraxutistak tirokatu. Baina norbaitek egingo du, laster...

        Eserlekutik altxa, aretoa oinez zeharkatu, ministroaren parera hurreratu, tximetatik heldu eta masaileko ikusgarria eman zion.

        — Ez nion bizkarrean tirorik egin, eurek gure lagunekin egin zuten bezala —esan zuen orduan, bere jokaera biolentoak prentsa eta giro politiko britainiarrean sortu zuen zalapartari erantzunez.

        Eskubide zibilen aldeko elkartearen inguruan bildutako mugimendu nazionalistaren sinbolo bizia zen Bernardette Devlin, baina gerora egindako ibilbideak politikagintzaren bigarren mailara eraman dute Bernardette McAliskey. Orain ez da egunkarietan agertzen.

        Parlamentari izateari utzi zion urte berean, 1974an, IRSP (Irlandako Alderdi Errepublikar Sozialista) sortu zen, Seamus Costello-ren gidaritzapean, IRA Ofizialaren zatiketa batetik. Ordurako ezkon-abizena hartua zuen Bernardette McAliskeyk ez zuen ez IRA Ofizialaren ez Probisionalaren arteko hauturik egin, eta indepedente bezala jokatzen zuen. Baina Costellok IRSP aurkezteko egindako ekitaldian alboan zeukan McAliskey, errepublikar askoren harridurarako eta Costelloren pozerako.

        — Probisionalak borroka nazionalean baino ez dira ara, ahazturik daukate klase-borroka. Eta Ofizialek, aitzitik, askapen nazionalerako borroka ahaztu dute. Premiazkoa da alderdi berri hau bi bideak uztartzeko —adierazi zuen McAliskeyk.

        Baina gutxi iraun zuen McAliskeyren militantziak. IRSPren beso armatua (INLA) sortu berritan, alderdiaren eta erakunde armatuaren arteko harremanei buruzko eztabaida piztu zen alderdiaren zuzendaritzan. Beso armatua alderdiaren erabakien menpe izatea nahi zuen McAliskeyk, baina INLAren borroka armatuan jarri nahi zuen lehentasuna Seamus Costellok. Bernardette McAliskeyk eta zuzendaritzako beste hamar kidek utzi egin zuten alderdia.

 

 

Ez du geroztik inon militatu, baina IRSPren ildotik hurbilago ibili izan da beti Sinn Feinetik baino. INLAk, IRAren suetenak irauten duen bitartean ekintzarik ez duela egingo agindu du, baina ez ditu ez suetena ez abian den prozesu politikoa sostengatu; IRSP alderdiak ere ez. Eta Bemardette McAliskey da, mugimendu errepublikarreko aurpegi ezagunen artean, Sinn Feinek eta IRAk hartu duten bidearekiko ahots kritikoa altxatu duen gutxietakoa.

        — Prozesu politiko honen helburua, Gobernu britainiar eta irlandarraren asmoa alegia, ez da hemengo funtsezko arazoak konponduz bakea lortzea. Bakea ezartzea baitute helburu bakarra, arazoak konpondu gabe bakea ezartzea.

        Ikasleentzako aulki txiki batean eserita ari zaigu hizketan. Festibala dela-eta mugimendu handia dagoen arren, moldatu gara Culturlanneko gela bat guretzat hartzen. Ikasgela bat.

        Irlandako Gobernuarekin eta SDLPrekin aliantza eginez Sinn Feinek bere ohe politikoa egin du, Estatu Batuetako Gobernuarekin ez da inolaz ere fio, britainiarrek ez dute Ipar Irlandatik alde egiteko batere asmorik, IRAk suetena iragarri zuenetik mugimendu errepublikarra gero eta ahulago dago...

        Bere kritika gordinetan barkamenik ez da inorentzat, baina bere jardunean ez du haserrerik adierazten. Baieztapen zorrotzak ahots eztiz egiten ditu. Barre ere egiten du tarteka, besteen jokaeraren aldrebeskeria nabarmenen bat aipatzen duenean. Ez dut aldarte lasai eta patxadatsu honekin imajinatzen, 21 urte zituela Westminsterko parlamentari britainiarrekin borrokan.

        — Ni ez nago gerraren amaieraren kontra, gerra amaitzeko hartu den bidearen aurka baizik.

        — Baina zein da bidea? —argazki-kamera lepotik zintzilik jarri du Humbertok.

        — Hasteko, zintzo jokatzea. Zintzo jokatu behar da hainbeste urte borrokan egiten dituen komunitatearekin, eta egia esan, bide honetatik ez goaz Irlanda Batua lortzera. Prozesu honekin hainbat jende pozik dago mugimendu errepublikarrean. Beraz, aitortu beharra daukate aldatu egin dutela euren jarrera, orain SDLPren jarrera defendatzen dutela. Orduan, hori onartuta, ni bezala pentsatzen duen jendeak bere bidea egingo luke. Eta britainiarrekin elkarrizketak egitekotan gaia bakarra litzateke: zein baldintzetan aldegingo duten hemendik.

        — Irlanda Batua da irtenbide bakarra?

        — Ez. Funtsezkoa britainiarrek aldegitea da, britainiarrengandik bereiztea. Ondoren erabakiko dugu irla honetako herritarrok administrazio bakarra nahi dugun, edo nahiago ditugun pareko bi administrazio autonomo. Pertsonalki, irla osorako administrazioa nahi nuke nik.

        — Ongi ulertu badugu, zure iritzian mugimendu errepublikarrak borroka armatuari ekin beharko lioke berriro.

        — Ez, berandu da. Zuk ezin duzu gerra itzali eta piztu, irrati bat izango balitz bezala. Ezin duzu esan, OK, has dezagun berriro gerra. Jendeak gerrarik gabeko urtebete izan du: 25 urte gerrarekin eta urtebete gabe.

        Hiru seme-alaba dituzte McAliskeytarrek, eta hirurentzat berria da egoera. Gerran ezagutu dute beti herria. Alaba nagusienak 24 urte egingo ditu datorren astean, beste alabak laster 20, eta semeak 16 dauzka.

        — Aurten arte, nire seme-alabak ez dute sekula kalea soldadu britainiarrik gabe ezagutu. Soldaduak hemen zeuden jaio aurretik. Gazteentzat izugarria da egoera berria! Soldaduek ez dituzte gelditzen, ez dituzte miatzen... Soldaduen enbarazorik gabe egin dezakete bizimodua. Orain «berriro gerrara» esaten baduzu, agian militanteek ulertuko dute zer egin, baina mugimendu errepublikarren ingurukoek ere esango lukete «ez, mesedez, gerrarik ez». Gazteenek esango dute: «prozesuan ezer lortu ez bada ere, gutxienez ez gaituzte hilko»; eta helduek esango dute: «gutxienez gure seme-alabak ez dituzte kartzelan sartuko»... Nahiz eta dauden presoak atera ez, gutxienez ez dira gehiago barrura sartuko! Gizakiak gara! Errealista izan behar da. Ez dago gerrara itzultzerik. Hau ez da suetena, gerra bukatu da.

        This war is over. Bost aldiz esan du esaldia Bernardette McAliskeyk. Komentzituta dagoela adierazteko, edo esaten ari denaren garrantzia nabarmentzeko. This war is over, the war is over.

 

 

McAliskey ez da ez INLAko ez IRAko kide izan, baina ez du horren beharrik eduki gerra hurbiletik ezagutzeko. Etxera sartu zitzaion.

        1981eko urtarrilaren 16an, Tyrone konderriko Coalisland-en, aurpegia estalita zeramaten hiru lealista McAliskey familiaren etxera sartu eta tiroka hasi ziren. Bi alabak jazten ari zelarik Bernardetteri zazpi bala sartu zizkioten gorputzean, eta zauritu egin zuten senarra ere. Bemardette oso larri eraman zuten ospitalera, baina onik atera zen.

        Garai kritikoak ziren mugimendu errepublikarrarentzat. IRA eta INLAko presoen lehen gose greba amaitu berria zen (abenduan), baina ez ziren bete jarritako helburuak, eta bigarren gose greba hastear zuten Bobby Sandsek eta bere kideek. Bernardette McAliskey buru belarri zebilen presoen aldeko borrokan.

        H blokeetako borrokaren oihartzuna Irlandatik kanpora atera zuenetakoa da. Hain zuzen ere, McAliskey Euskal Herrian zegoen preso errepublikarren borrokaren berri ematen, Long Kesheko lehen gose greba hasi zenean.

        — Bartzelonan izan nintzen aurrena eta Bilbora joan nintzen segidan. Bilbon nengoela jakin nuen presoek gose greba hasiko zutela, eta berehala itzuli nintzen Irlandara.

        1980ko urriaren amaiera zen. Abendura arte iraun zuen lehen baraualdi hark, eta hurrengo hilabetean jasan zuen atentatua. Hilabete t'erdira Bobby Sandsek jateari utzi zion, eta mugimendu errepublikar osoa presoen borrokaren inguruan mugitzen hasi zen berriro. Kataluniara itzuli zen McAliskey, Espainiako agintariek galarazi arren.

        — Bigarren gose grebaren garaian, Bartzelonan antolatutako manifestazioan eta mitinean parte hartzeko asmoz joan nintzen. Baina atxilotu egin ninduten aireportuan, eta lehenengo hegaldian Erresuma Batura bidaliko nindutela esan zidaten. Nahi zuten lekura bidaltzeko eskatu nien, baina Erresuma Batura ezetz. Parisera eraman ninduten. Han lagunak neuzkan, eta trenez Frantziako hegoaldera jaitsi eta muga menditik barrena pasa genuen autoz. Bartzelonako manifestazioan parte hartzen ari nintzen une berean, kanporatua izan nintzela eta mitinean ez nuela hitz egingo esaten ari ziren irratian.

        Gose grebaren inguruko borrokaren norabidean garrantzitsua izan zen erabaki batean zerikusirik eduki zuen McAliskeyk. Fermanagh-Hego Tyroneko parlamentaria, Frank Maguire unionista, hil egin zelako hauteskundeak deitu zituzten hautes-eremu horretan. Bernardette McAliskeyk hautagai aurkeztuko zela jakinarazi zuen, eta ez zuela bere hautagaitza atzera botako baldin eta H blokeetako preso bat aurkezten ez bazen. Jirn Gibney Sinn Feineko burukideak ideia hartu eta alderdiko buruzagitza komentzitzea lortu zuen. Hauteskundeak galtzeak ekar zitzakeen kalteen beldur ziren Sinn Feinen, baina ausartu ziren azkenean: Bobby Sands parlamenturako hautagai aurkeztu zuten. Aurkeztu eta irabazi.

        Apirilaren 9an egin zen Sands parlamentari. Irtenbiderako giltza izango zelakoan zeuden asko, baina ez: maiatzaren 9ean hil egin zen. Bernardette McAliskeyk amesgaiztoa deitzen dion garaia hasi zen.

        — Amesgaiztoa zen. Zure kontroletik erabat kanpo zegoen zerbait. Ezin genuen lortu britainiarrek amore ematea, eta ezin genuen gose greba geldiarazi. Gure eskuetatik kanpo zegoen gertatzen ari zena. Amesgaiztoa izan zen.

        Britainiarrek zein jarrera izan zuten oraindik ere sinetsi ezin balu bezala mintzo da.

        — Hamar lagun hil zitezen utzi zuten britainiarrek. Ez denak batera, banan-bana baizik. Jendea politiki-poliki hiltzen, eta britainiarrei ez zitzaien axola.

        Martin Hurson IRAkidea gose greban 45 egun egin ondoren hil zen, uztailaren 13an. Bizia galdu zuen seigarren presoa zen eta, zenbait senitartekorekin batera, Eliza Katolikoak gose greba eten zedin gero eta eginahal handiagoak egiten ziharduen. Hursonen hileta elizkizunean, apaizak gose greba gaitzetsi zuelako, Bernardette McAliskeyk, haserre, aldegin egin zuen elizatik.

        Handik hilabetera, McAliskeyk hilzorian zegoen Micky Devine INLAko presoa bisitatu zuen kartzelako ospitalean. Ordurako bederatzi preso hilik ziren, eta gose grebaren jarraipenaren aurkako presioa gogorra zen. Micky Devinek Hursonen hiletan gertatutakoa gogorarazi zion ohetik:

        — Nire hiletan ere hanka egiten baduzu, kanpora eraman nazazu zurekin, Bemardette.

        Hurrengo astean eman zuen azken arnasa Devine gazteak, 1981eko abuztuaren 20an. Hamargarrena zen, eta azkena. Urriaren 3an gose greba bertan behera utzi zutela jakinarazi zuten H blokeetako presoek.

        Amesgaiztoa amaitu zen.