Gobernu madarikatuak
UDP alderdi lealistak Shankillen daukan egoitzan geratu gara, preso lealisten zuzendaritzarekin hitz egiteko Mazeko presondegira eramango gaituen autoa hartu asmoz. Gu egoitza barruan ikusi bezain agudo, Jim Doffy-k, alderdiko prentsa arduradunak Michael Stone elkarrizketatzeko beta izango dugula adierazi digu.
Stoneren izena entzun baino ez, eta autobusa noiz etorriko zain dagoen nerabe morroskoak bere heroiaren birtuteak lau haizeetara zabaltzeari ekin dio:
Hori bai gizona! Monumentua eraiki behar litzaioke hain borrokalari ona izateagatik. Gustura luzatuko nioke bostekoa.
Michael Stone Stoner lealisten heroia da. Hogeita hamabost bat unte besterik ez dituen arren, errepublikar gehien akabatu dituen borrokalaria izateak komunitate lealistaren miresmen eta begirunea ekarri dio. Shankilleko kirol dendetan, futbol taldeen bufandetan irakurriko duzu Michael Stoneren izena. Pin-ak ere egin dituzte. Alde katolikoan, aitzitik, izua sortzen du, heriotza desiratzerainoko gorrotoa.
Nerabeak bere ametsetako heroiaren dohainak kantatzen ziharduelarik etorri dira autoak. Bi furgoneta handitan abiatu gara preso lealistak bisitatzera goazen taldea. Atzeko Ford zurian sartu gara Imanol eta biok, senitarteko eta lagunentzat nahikoa leku badagoela ziurtatu ondoren.
Preso errepublikarrak bisitatzera joan ginenean bezala, emakumezkoek eta hauen seme-alabek osatzen dute taldearen ardatza. Bi edo hiru astero legez, senarra edo laguna ikustera doazen andrazkoak eta neska-mutil koskorrak dira gehienak.
Txoferraren aldamenean doanak titiko umea daroa altzoan, aieneka; segur aski gaur hartuko ditu bere aitaren laztanak eta musuak lehendabizikoz. Edadetu burusoila ere badago gure txangokideen atzean. Isilik egin du bidea, semeari zer esango ote dion pentsatzen, leihotik begira. Neuk ere haren begien arrastoari segitu diot, eta orduantxe erreparatu dut, Shankill atzean utzi eta pasabide iluna gainditu ostean, Fallsetik gorako bidea hartu duela autoak. Inor ez konturatzeko moduan, kaskoak kokotean sartzen saiatu gara, leihoaren bestaldetik inork ikusi eta ezagutu ez gaitzan lealisten aterbe berean.
Gorabehera honetaz gain, txango arras isila eta lasaia izan da. Berbarik ez, ezta irribarre keinurik ere. Furgoneta barrukoen begiraden lengoaia biluzi baina eztia giroan, kartzelara ailegatu arte.
Aurreko astetik ezagutzen genuen prozedura bera jarraitu dugu kartzela barrura sartzeko:
Nor bisitatzera zatozte?
Michael Stone.
Kazetariak zarete ezta? diosku baimenez arduratzen den RUCeko poliziak. Mundu guztiak Stoneren istorioak zuzenean entzun nahi ditu. Baina uste dut gaur ez dela zuen zorioneko eguna. BB 3344 presoak ez du gaur inor hartuko.
UDPko bulegoak gaurko prestatu du Michael Stoneren eta gure arteko zita.
Ezinezkoa da. BB 5015 eta BB 306 preso lealistekin hitz egiteko aukera izango duzue.
Derrigorrezko miaketa jasan ondoren lastima!, gaur ere ez gara ausartu boligrafoa eta paper puska barrabiletan edo zapata azpian gordetzen, lehendik ere ongi ezagutzen dugun itxaron gelara eraman gaituzte.
Ordura arte isilik eta bare egon direnak, artega samar sumatu ditugu. Gure aurrean jesarri diren bi emakumezkoak bereziki. Ilehoriak hogeita bost urte izango ditu. Panpoxa. Areago barre egiten duenean. Alabaina, hiru berbatik lau biraoak dira. Alkandora leuna, gorria, fraka bakeroak, kurbak ondo markatzen dituzten horietakoak. Berarekin bekatu kontuetan dabilena berriz, neska-motza da, 90-90-90! neurriko top-modela, barre egiten duenean bazter guztiak inarrosten dituena. Baldarra bezain orijinala, dudarik gabe umore onekoa. Ilehoriaren ipurdiaren egonezinak txiki-txikia uzten du berez luzea den banketa.
Gainerako lau bisitariei, haien 'bekatuaren' konplize itxura antzematen zaie. Halaxe hitz egiten dute euren aurpegiek. Ohituta egongo dira honelako egoeretara eta, egia esan, bi sorgintxo haien artekoa zertan datzan ondo baino hobeto jakingo dute. Kaiku aurpegia geratu zaigu guri, baina itxarorialdia arindu du behintzat bi andrazkoen gorabeherak.
Poliziak bisitatzera goazen presoen zenbakiak ahoskatzearekin batera, mekanikari baten moduan jantzitako gizon bat sartu da gelan. H blokeetaraino eramango gaituen furgoneta gidaria da.
Ziegatara iritsi arteko bidea erdi ilunean egin dugu, fluoreszente apal baten argi mehea besterik ez. Isilik, baita bikote alaia ere. Lau minutu t'erdiko txangoa izan dela dio Imanolen erlojuak.
Ziega atariko itxaron gelara sartu den poliziak argitu du solaskideen nortasunaren inguruko gure kezka:
BB-5015, Bobby Philpott; eta BB-306, Samuel McCrory.
Korridore bat igaro dugu poliziak gidaturik. Beste kontrol bat, non bi agentek txartelak eskatu dizkiguten. Azkenean eraman gaituzte bisita gelara. Argia da, pareta zuriak, edo krema kolorekoak, kriseilu zuri-horiak, jesarleku hotzak. Lauzpabost polizia berriketa arinean, gelako izkina batean. Beste bat izenak kantatzen korridorean. Korridore alboetan zortzina txoko bisitarientzat, bakoitzean sei lagunentzako lekua, zortzirentzat estutuz gero. Gure aurretik sartutakoei dagoeneko agertu zaizkie euren preso lagunak: aita, emaztea, amorantea... komando kidea. Auskalo.
Gure emakumezko bikote xelebrea ere han dago, zelatan, tripazorriak sosegatu ezinik. Ipurdiari eta gerriari mugimendu bitxiak eragiten. Polizia txatxua urrutiratu denean, ilehoriak ipurdira eraman du eskua, besteak bere gizenekin ezkutatu eta babestu duen bitartean. Zorionez, kontrako ertzean gaude, eszena palkotik kontenplatzeko moduan. Fardeltxoa atera du motxinetik, inork ikusten ez duelakoan. Barruan zer dagoen jakiteko urrutiegi gaude. Mutilarentzat opari bereziren bat.
Ikusitakoagatik oraindik txundituta gaudela,. korridoretik bi lagun datoz guganantz. Txikia eta biboteduna aurretik datorrena; atzekoa berriz, boxealari mardula, masail gorri eta haragitsukoa. Berehala jakin dugu gure solaskideak direna. Gure aurrean jesarri dira, beste barik. Txaparra, Imanolen aurrean; kankailua, niri arnasa zuzenean botatzeko moduan.
Kaixo, zuek zarete kazetari espainiarrak, ezta? bibotedunak bere burua salatu du bozeramailetzat.
Euskaldunak gara. Eta zuek preso lealisten zuzendaritzakoak.
Halaxe da. Ni Bobby Philpott eta hau Samuel McCrory. Gurekin batera Michael Stonek eta beste laugarren batek osatzen dute presoen zuzendaritza. Mundu guztia bezala, Stonerekin berba egitekotan etorri zarete, baina gu biokin konformatu beharko duzue.
Milltown hilerriko gertakariaren ondorioz egin zen ezaguna Michael Stone. 1988ko martxoak 16 hartan Gibraltarren hildako hiru IRAkideen hiletak ospatzen zirela eskuzko granada jaurti zuen hilerrian bildu zen jende multzo artera. Atentatuan hiru lagun hil ziren eta 50 zauritu.
Dublinera eramaten duen errepideari begira dago Milltowneko hilerria. Alanbrezko hesi mehe batek eta zelai belartsuak finkatzen dute kanposantuaren eta errepidearen arteko muga. Bide hau aukeratu zuen Stonek, egoera hartatik bizirik atera ahal izateko, segika zuen errepublikar saldo amorratuaren arnasa geroz eta gertuago sumatzen zuen bitartean. Ihesean, beste hiru granada bota zizkien Stonek atzetik zetozenei. Jende multzoak Stoner atzematea lortu zuen, errepidean jadanik, baina lintxatzeko zorian zegoela hanka egitea lortu zuen eta, ihesaldian errepublikarrak berriro gainean zeuzkanean, Poliziaren eskuetara iritsi zen. Bizitza salbatu zioten.
Gerora jakin denez, bakarrik eta inolako laguntzarik gabe sartu zen Stone Milltownera. Hilotzak Fallsetik barrena hilerrira arte egiten ohi duen oinezko segizioa egin zuen Stonek berak ere, milaka errepublikarrez inguraturik. Ez zuen mozorrorik jantzi bere bigote beltza eta ile luze kirrua ezkutatzeko. Betaurreko beltzak besterik ez.
Hilerrirako bidean pertsona batek ezagutu zuen, eta baita agurtu ere. Garai batean lankideak izan omen ziren, baina sekula jakin ez diren arrazoiengatik ez zuen Stone salatu. Bere izena ahoskatu bezain agudo, erraiak txikitu arte ostikoka erabiliko zuen mundu guztiak, berak lehendik errepublikarrei egindako samin eta heriotzen ordainean.
Stonerek berak aitortu duenez, ez zituen ekintzaren xedeak bete eta «porrot latza» hitza erabili du egun hartakoa definitzeko. Gerry Adams, Martin McGuinness eta Danny Morrison Sinn Feinekoak ziren atentatuko jomugak. Baina akatsik gabekorik ez dagoenez, unionisten gudaririk trebatuenak ere noizbait izan behar du hutsen bat. Granadari eraztuna kendu eta itsumustuan jaurti zuen lealisten heroiak. Lehergaiak airean egin zuen eztanda. Leherketaren eragina lurrean egin izan balu baino askoz ere murritzagoa izan zen. Stonerek soberazkotzat jo zituen hiru segundu. Eraztuna kendu eta granada bota aurretik hirukoa zenbatu izan balu, Sinn Feineko buruzagitzak izen eta aurpegi berriak izango lituzke gaur egun.
Soldadu ona Stoner, oso ona Philpottek ez du huskeriatan denborarik galtzen eta zuzen heltzen dio solasari. Beste Armada baten. aurkako gerran sartuta gauden soldaduak gara hemen giltzapeturik gaudenak eta hor kanpoan borrokan dabiltzan lealistak.
Batak zein besteak behin eta berriro azpimarratu digute soldadutzat dituztela euren buruak, gerran diharduten soldadutzat.
Eta gerran, etsaia hiltzeko edo norberaren bizia galtzeko prest egon behar da.
Philpottek eta McCroryk, biek aitortu digute jendea hil izan dutela, euren komunitatearen defentsan beti ere.
Norbait hiltzeak erabat aldatzen du pertsona Philpottek esana buruaz baietsi du McCroryk. Norbait hiltzen duzunez geroztik beste era batera pentsatzen duzu, beste era batera sentitzen duzu... Gatazkaren aurrean beste jarrera bat daukazu, besteen biziarekin jokatu izan baduzu.
Enfrentamenduarekin bukatzeko gogoa?
Jakina! Ez da samurra inor hiltzea. Ezta inor hil duzula jakinda bizitzea ere.
Hilketak.hizpidera atera direlarik, gogoratu diegu talde lealisten atentatuak sektariotzak jotzen direla. Indiskriminatuak direla, alegia.
Ez da egia. IRAk komunitate protestanteari eraso egiten dionean, komunitate katolikoa helburu militar bihurtzen da osotasunean. Errepublikarrei erakutsi behar diegu, eurak gure komunitateari min egiten baldin badiote, euren komunitateak neurri berean jasango duela min hori. Helburuak ongi aukeratzen ditugu. Ez dira atentatu sektarioak, beraz.
Mutil garaia da Samuel McCrory. 30 urte. Esku gihartsuak, sorbalda zabalak, baloi-tripa gerriaren gainetik irten nahian. Buru galanta du Shankilleko lagunak, gorputzaren parekoa. Leporik ez. Burua eta lepoa pieza batekoa. Eta batez ere, tatuaje mordoska. Nabarmenena, aurpegian daukana! Ezker aldean, begiak, belarriak eta ahoaren ertzak osatzen duen triangeluan: putrea, ezpata eta eskudoa, kolore bizikoak.
Hamasei urteko kartzela-zigorra du McCroryk. Hilketa saioagatik dago giltzapeturik 1992tik. Lehendik ere bi aldiz Maze presondegian izana, bietan hilketa saioak leporatu zizkioten, baina bietatik kondenarik gabe irten zen, hilabete batzuk espetxean eman ondoren.
McCroryren parean txikerra da Bobby Philpott. 30 urtetik gora izango ditu Belfasteko iparrean dagoen Lisburn-ekoak. Txaparra bai, baina ez biguina. Begirada zorrotza, ahots lodia eta masail puztuak asma daitezke ile gutxiko kasko azpian. Nerbio hutsa, sugandilak baino azkarragoa mugimenduetan. Hitz egiteko eskuak mahai gainean jartzen ditu eta atzaparrez katea egiten du. Besoak agerian, ezkerrekoan, ukondoaren parean orbain zabala dauka. Haragi puska ederra falta zaio, besagaina eta besazpiarekin alderatuta mehegia da ukondo aldea. Hari lotu dizkiogu begiak.
Garbitzera nindoan errepublikarrak aurrea hartuta, tiro egin zidan irribarre harroa agertu du Philpottek. Ordutik nago gatibu. Bederatzi urte gehiago eman beharko ditut hemen, gauzak aldatzen ez badira.
UDA/UFF talde armatuan ardura handia izandako gizona dela argi utzi digu Philpottek, nahiz eta ezer berezirik zehaztu ez.
Oso gazterik hasi ginen mugimendu lealistaren borroka armatuan. IRAk poliziei, eta oro har gure komunitateari erasotzen dionez, gure sendia, gure lagunak eta auzotarrak defenditu beharrak bultzatu gintuen honetan sartzera.
Errepublikarren aurkako defentsan ezezik, komunitate barruan ere lan handia egindakoa dela adierazi digu Philpottek. Katolikoen artean IRAko kideek bezala, protestanteen artean lealistek polizia alternatiboaren papera betetzen baitute.
Etxeren batean lapurrak sartu eta telebista eramaten bazuten, ez pentsa auzotarrak RUCeko bulegora deitzen zutenik. Niri deitzen zidaten etxera, erakundeak neurriak har zitzan! Egunero hogeiren bat telefono dei izaten nuen, auzunean hau gertatu zela eta beste hura gertatzen ari zela. Auzune pobreetan ordena pixka bat izango bada, talde paramilitarrok jarri beharra daukagu.
Poliziak eta Armada britainiarrak errepublikarrak hiltzeko laguntza eta informazioa ematen dizuela esan ohi da.
Bai, egia da gure borrokarekin identifikatzen diren soldadu eta polizia asko dagoela eta gurekin batera borrokatu direla. Hori hortxe dago eta ezin ukatu. Normala da norberaren azala arriskuan jartzen duenaren kontrako defentsan edozein baliabide erabiltzea.
Brian Nelson militar britainiarra izandakoa da honetan ezagunena. Hamar lagun hil eta beste hamasei hiltzeko agindua emateagatik hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 1992an. Errepublikarrei buruzko informazio ugari zuen eskura Nelsonek bere lana zela-eta. Baina soldadu izateaz gain, UDA/UFF talde armatuko inteligentziako burua ere bazen Nelson.
1988ko urtarrilean itsasuntzi bat ailegatu zen Ipar Irlandako kostako leku ez jakin batera. Untzia Hego Afrikatik zetorren, armaz beteta. BBC telebista publiko britainiarrak adierazitakoaren arabera, inteligentzia zerbitzu britainiarrak babestu zuten lealistentzat armak zekartzan itsasuntzia. Brian Nelsonek armen erosketaren operazioarekin zerikusia izan zuen. Eta paramilitar lealistan hiltzeko gaitasuna izugarri handitu zen arma hegoafrikarrak eskuratu ondoren.
Poliziak eta Armadak gutxienez erdian egon beharko zuketen. Gainerakoa, gerra zikintzat jotzen da zehaztapena egitera ausartu naiz.
Gauza bat esango dizuet. IRAri ere eskaintzen dio gero gure jendearen kontra atentatuak egiteko informazioa, batez ere borroka armatuan gabiltzanon informazioa. IRAk akabatzen bagaitu, lana arintzen diete segurtasun indarrei, eta eskuak zikindu barik.
Sinesgaitza bada ere, mugimendu errepublikarraren inguruko jendea eta gure jendea oso antzekoak gara. Horixe da Ipar Irlandako gatazkaren alderik garratz eta tragikoena. Antzeko bizimoduak, arazo berdintsuak, guztiok ere auzune pobreetakoak, etxe eta egoera kaskarretan. Azken finean, bai eurak bai gu langile klaseko gizasemeak gara, baina...
Bake prozesuarekin erabat konprometituta daudela adierazi nahi digute. Eta inor kritikatzekotan, Gobernu britainiarra eta alderdi unionista nagusiak kritikatzen dituzte.
Gatazkari irtenbidea emateko prozesuaren aurka ari dira alderdi unionistak, eta talde lealistak zeharo baztertuta dituzte, nahiz eta isilean sostengatu izan. John Majorrek, Ipar Irlandako komunitate protestanteari bizkar emateaz gainera, presoak askatzen hasteko urratsik ez du eman. Lotsa gutxi behar da, Lee Clegg soldadua askatu bai, baina beste guztiok barruan uzteko!
Eta zer sentitzen duzue Dublinek IRAko hainbat preso askatu dituela ikustean?
Bake prozesuak aurrera egiten duen heinean, preso errepublikarrak pixkanaka askatzen hasteko erabakia hartuta dauka Dublingo Gobernuak, eta zigor txikienak zituztenak askatu ditu dagoeneko. Hego Irlandan preso lealistarik ez dagoenez, eta Londresek Clegg soldadua baino askatu ez duenez, preso protestanteek ez dute bake prozesuaren onurarik ezagutu.
Primeran! Oso ongi iruditzen zaigu Dublinek IRAko presoak askatzea. Bake prozesua sendotzen ari den seinalea da.
Txirrinak moztu du gure solasa. Joateko tenorea. Bobby eta Samuel zeozer esan guran geratu direla sumatu dugu, eta ez dute altxatzeko keinurik egiten, poliziak azken abisua giman digun arren.
Eta Euskal Herrian zelan zaudete? McCroryk, beti bezala begiak zuloetatik irten beharrean.
Tira, ez ondo guk biok batera.
Gerra zikinaz baliatu da Estatu espainiarra euskaldunak akabatzeko. Gobernu madarikatuak! Beti berdin!