Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

IRAko belatza

 

Segurtasun indar britainiarrek Martin McGuinnessi egozten diote IRAko Ipar Irlandako komandoak zuzendu eta talde armatuko buru izana. Bere etsaiek Irlandako gizonik boteretsuena dela diote 'IRAko belatza'. Esquire aldizkari britainiar famatuak Erresuma Batuko bigarren gizonik boteretsuenetzat jo du, Rupert Murdoch komunikazio handi-mandiaren atzetik.

        Unionistek deabruarekin parekatzen dute. Jarraitzaileentzat ordea, heroia da Derryko ilehoria, errepublikarren borroka armatuaren izpiritua gordetzen duena, helburu errepublikarren zaindaririk zintzo eta fidelena. Edozein kasutan, batzuentzat zein besteentzat, Irlandako politikagintzan ezinbesteko erreferentzia da Martin James McGuinness.

        Komunitate katolikoaren gehiengoa bizi den Bogside aldeko gain batean dauka Sinn Feinek Derryko egoitza, Rececourse kalean. Hiria erdibitzen duen Foyle erreka ondotik abiatu naiz taxian kalean gora. Aldapa franko igo behar dira IRAko belatzaren habia atzemateko. Bidearen alboak langileentzat propio eginiko etxe txiroez beterik daude.

        Muinora heldutakoan, laino zuri-beltzen gainean gardendu egiten da hiriko dekoratua, eta han, bat-batean nire aurrean zabaldu den ordokian, hiruzpalau eraikin narras besterik ez dago. Belfasteko mugimendu errepublikarraren egoitza ezagututa, ez zait batere kostatu McGuinness eta bere burkideen gordelekua zein den asmatzea: aparkalekuaren parean dagoen etxe isolatua.

        Arbelezko teilatu grisak etxeko hormen zuritasuna nabarmentzen du. Alde bakoitzeko paretetan puntu beltzak bezala eskegitzen diren leihoak kontraste distiratsua apurtzen saiatzen dira.

        — Egun on. Humberto naiz, Euskaldunon Egunkariakoa —Eamonn-ek eta David-ek hartu naute sarreran.

        Britainiarren inteligentzia zerbitzuen eta talde armatu unionisten jomugaren habia izateko, segurtasun neurri gutxi hartzen dituztela esango nuke. Ateburuko kamera izan ezik, ez dut besterik ikusi. Bizkarzain izateko modukorik ere ez.

        Eamonn, alderdiko prentsa arduraduna, euli bat bera ere akabatuko ez duen horietako estudiante fin itxurako mutil ilegorria da. Davidek traza hobea dauka: beso itzelak, burua ahari-topekan jarduteko modukoa, soin atletikoa; baina berbetan hasten denean, ahotsaren goxotasunak eta irribarre xaloak, bizkarzain baten aurrean baino, mesfiantza inoiz ezagutu ez duen lagun baten aurrean nagoela ohartarazi didate.

        Hiru gela txikiko eraikina da. Kolore eta klase guztietako afitxez beterik dago gortina granate lodi batez apaindutako gela iluna. Eamonn eta David egongela ondoko gelatxoan geratu dira lanean. Espero bezala, luzaz itxaron behar izan dut McGuinnessek ni hartzeko.

        — Barkatu, baina beste kazetari batekin ari da, eta ez dirudi berehala amaituko dutenik.

        Etengabe joka ari den telefonoaz arduratzen da David. Eamonn ordenagailuan idazten: «Derryko zortzi alderdikide atxilotu ditu Poliziak» ipini du prentsa oharrarentzat izenburua. Eguerdirako Derryko enparantza nagusian enkartelada prestatzen ari dira, atxiloketen aurkako protesta moduan.

        Hirugarren gelatik gorbata eta trajedun bat irten da, boligrafoa esku batean, kaiera txikia eta grabagailua ezkerrekoan. Itxaronarazi nauen kazetaria izango da. Orain nire txanda.

 

 

— Britaniarrek noizbait bakean uzten bagaituzte, izango dugu irlandarrok, gure seme-alabek, protestante zein katolikoek, elkarrekin bizi ahal izateko modua eta gizarte egokia eratzeko gaitasuna.

        Irlandako gizonik boteretsuena dela diote bere etsaiek, baina McGuinnessek uharteko gizonik apalenaren begirada du nirekin mintzatzean. Bogside eta Creegan esparru katolikoetan berezkoa den erdi mailako langile katolikoaren hizkera eta joskera erabiltzen du.

        — Iragana ez da sekula ahaztu behar, baina etorkizunari begiratu behar diogu. Ni Paisleyri berari ere bostekoa emateko prest nengoke bakearen izenean.

        Loretxoz landatutako gorbata ilunak eta alkondara urdinak apurtzen dute McGuinnessen proletario itxura. Ile kizkurra eta horia. Begi urdinak, garai bateko mutil-kozkorraren aurpegikera bere horretan gordetzen diotenak. 1950ean jaio zen Bogsiden, egun bizi den etxetxotik gertu. Sei anai-arrebatan bigarrena. Errepublikarren eredu denaren gurasoak, ordea, ez ziren oso errepublikazaleak, ez gaur Martin den bezalatsu behinik behin. Ama, Peggy, etxeko lanetan aritzen zen; aita, Tom, fundizioan.

        Christian Brothers' eskola katolikoan hartu zituen oinarrizko ikasketak Martin McGuinnessek. Hamabost urterekin laga zuen estudiante bizitza. Etxean lagundu beharra zegoela-eta, lan bila hasi zen. Autoak konpontzeko tailer batean irakurri zuen laguntzaile bat behar zutela, baina non ikasia zen adierazi zuenean begien bistatik desagertzeko erantzun zioten. Handik gutxira hasi zen harakin laguntzaile, eta lauzpabost urtez jardun.

        — Alde horretatik, kontuak ez dira aldatu. Bogside aldean unionisten nagusitasunak porrot ekonomikora bultzatu du gure komunitatea. Katolikoen erdia besterik ez den populazio protestanteak botere eremu guztietatik kanpo utzi gaitu urtetan zehar.

        Berba gutxiko gizona da. Ez zaio emozio keinurik sumatzen galderarik latzena eginda ere. Burua eta aurpegia erabat bereizita dituela dirudi. Ezkerreko bekainari eragiten dion gora eta beherako mugimendua da ordu t'erdian harrapatu diodan bakarra. Dena mendean duelako sentsazioa daukat. Erantzunak erreskan baina patxadaz botatzen ditu, zuzen eta ozen, argiro baina banitaterik gabe.

        Kazetariek boyish (mutikotxoa) eta portaera militarra duen gizon konplikatu bezala marraztu dute artikuluetan. Niri sinplea eta argia iruditu zait McGuinness.

        — Britainiarrak kanporatzea eta Irlanda Batua dira herri hau bake bidean jartzeko modua. IRAk Irlandan gobernatzeko eskubidea ukatzen dio Gobernu britainiarrari, eta bere esku dagoen guztia egingo du horretarako.

        Ipurdia mugitu du jesarlekuaren gainean, eta elkarrizketan lehenengoz bizkarra jesarlekutik bereizi zaio. Begizuloak ere inoizko puztuen begitandu zaizkit. Ni komentzitzeko premian dagoela uste izan dut, eta horregatik bere hitzei, berezko garrantziagatik baino, arreta gehiago ipintzen saiatu naiz.

        Gaztetandik fronteko lehen lerroan borrokatu denaren sendotasun keinu sikua azaldu zaio, bere izaeraren ispilu den keinua. 1968-69 urtean, Ipar Irlandako gatazka piztu zenean, aitzindarietakoa izan zen Derryn barrikadak altxatzen eta helburu unionista eta polizien aurka harrika. Gatazkako lehen urteetan gazte suharrak erakutsitako kemena funtsezkoa izan da gero talde armatu errepublikarrean eta oro har mugimendu errepublikarrean daukan posizioan.

        IRAko kidea izan dela ukatu egiten du Martin McGuinnessek, baina inork ez du zalantzarik 1971-73 bitartean Derryn aritzen zen IRA komandoko burua izan zela, eta ondoren hamarkada batez IRAko buru operatiboa. Garai horretan errepublikarren lehergailuek Derry hankaz gora jarri zuten, eta orotara 320 lagun hil ziren, horietatik segurtasun indarretako 54 kide.

        Hogeita bi urte besterik ez zituela, Gobernu britainiarrarekin 1972an izandako elkarrizketa sekretuetan parte hartu zuen. McGuinnessekin batera Gerry Adams eta beste bost IRAkide eseri ziren Whitelaw ministroarekin negoziatzera.

        1973ko urtarrilean atxilotu zutelarik, Dublinen aitortu zuen epailearen aurrean: «I am a member of the Derry Brigade of Oglaigh na bEireann —IRA gaelikoz— and I am very, very proud of it» (Derryko Brigadako IRA kidea naiz eta oso-oso harro nago horretaz).

        Bigarren aldi batez ere giltzapetu zuten, 1974an. Kartzelaturik zeudenez, ez berak ez Adamsek ez zuten 1975ean IRAk eta Gobernu britainiarrak izandako elkarrizketa sekretuetan parte hartzerik izan.

        1982ra arteko IRArekiko lotura organikoa salatzen diote segurtasun indarrek. Urte horretan hasi zen politikagintzan. Eta hala ere, mundu guztiak hartzen du IRAko burutzat.

        Arerioen jomuga izan da belaunaldi batez. Eta oraindik ere bere burua arriskuan sentitzeko arrazoi nahikoa badu. Bizitzaren zoko guztiak miatu eta arakatu izan dizkiote. Etxetik kanpo, harreman eta topaketa guztien atzean informadore baten traizioaren mehatxupean bizi da. Etxean, dendan, mitinean... Zelatan dauka beti herio.

        — Goizean esnatzen naizenean ez dut horretan pentsatzen. Ahalik eta bizimodu normalena egiten saiatzen naiz. Ezin izango nuke bizi, zabalduko dudan hurrengo atearen atzean nire heriotza egongo delako obsesioarekin.

        Harrokeriarik gabe esaten ditu McGuinnessek, besteen ahotan balentria eta arduragabekeriatzat har litezkeen hitzak. Ezen, zerbait soberan baldin badauka, zuhurtzia eta heldutasuna baitira.

        «Aita eta senar ona da Martin» esan zuen behin Edward Daly, Derryko gotzaina izandakoak, gatazkaren auzian McGuinnessen aurka beti hitz gogorrak erabili dituenak. «Elizarakoan piper egiten ez duenetakoa da. Pertsona zintzoa dela sinesten dut. Alabaina, biolentzia kontuetan ez nator Martinekin bat. Niretzat inmorala eta hutsala da biolentzia, berarentzat aldiz moralki justifikagarria. Baina inork ez luke Martin McGuinness gutxietsi behar. Gaitasun handiko gizona da, trebea eta abildade politiko handikoa».

        Halaxe izango da. Baina akats bat aurkitu berri diot: McGuinness jaunak, abizenaren zati nagusia Irlandako garagardo preziatu eta ederrenarena izan arren, ez du guinnessik edaten. Ez guinnessik ez bestelakorik.