Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Katolikoa ala protestantea?

 

— Zer zara, Imanol, katolikoa ala protestantea?

        — Ez bata ez bestea. Ateoa.

        James katolikoa da, katoliko praktikantea, Belfast Mendebaldeko gazte askoren modura. Clonard elizan xirula jotzen du elizkizun berezietan eta musika ikasketak egiten ari da unibertsitatean. Hogeita bat urte ditu, bere kontura bizi da hamazazpi zituenetik. Helduagoa dirudi, hogeita bost botako nizkioke.

        Falls errepideko auzune katolikoetako batean ostatu hartzeko asmoz genbiltzan Humberto eta biok orain bi aste Belfastera heldu ginenetik, baina ez da erraza Belfast Mendebaldean alokatzeko gela bat topatzea. Dena den, herenegunetik Fallseko Clondara kaleko etxe batean bizi da Humberto, eta auzune berean lortu dut gela bat neuretzat gaur bertan. Andersonstown News astekariko iragarki laburretan irakurri nuen atzo logela bat alokagai zeukatela Rockmount kalean. Jamesek jarri zuen iragarkia. Goizean ikusi dut; tratua egin eta arratsaldean ekarri ditut trasteak Ormeau errepideko etxetik.

        — Ateoa zara orduan. Baina ateo katolikoa ala ateo protestantea?

        — Abertzalea, zuek katolikoak bezala.

        Bart telefonoz ere galdezka aritu zitzaidan, etxean libre zeukan gela hartzeko interesa nuela adierazi bezain laster. Nongoa nintzen, lehenik. Euskalduna. Zein lanbide. Kazetaria. Belfasten zer egiten dudan. Ingelesa ikasi bitartean, Euskaldunon Egunkaria-rako artikulu batzuk idatzi.

        Katolikoak dira Jamesen senideak, eta auzune katolikoetan bizi izan da beti. Ikastetxe katolikoetan egin ditu oinarrizko ikasketak. Katolikoak ditu adiskide gehienak. Unibertsitatera joaten denetik protestante batzuk ere ezagutu ditu. Helen, andregaia, katolikoa da, auzune protestantean bizi arren. Ama ere katolikoa du Helenek, protestantea aita.

        — Bai, Imanol. Baina zure komunitatea katolikoa da ala protestantea?

        — Katolikoak dira nire herriko fededun gehienak. Katolikoak dira nire gurasoak.

        Jamesek lau urte daramatza Rockmount kaleko 51. zenbakian bizitzen. Rock kaleetako bat da Rockmount; Rockville, Rockmore eta Rockdole dira besteak. Eta Rock da auzuneko taberna.

        Tea hartzen ari gara etxean: egongela, sukaldea eta bainugela daude beheko solairuan, bi logela goikoan. Mahairik ez dago, ez sukaldean ez egongelan. Alfonbra gainean utzi du edalontzia Jamesek.

        — Nahi duzuna esango duzu, Imanol, baina zu katolikoa zara. Ateo katolikoa.