Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Tomate zopa

 

Gary McMichael buruzagi nagusiarekin elkarrizketa egin nahi genuela adierazi genuen UDPren (Ulsterko Alderdi Demokratikoaren) egoitzan, baina McMichaelekin baino John White-rekin egitea hobe genukeela esan zigun prentsa arduradunak.

        Entzuna genuen benetako liderra White zela, eta ez McMichael. Honen aita bai, John McMichael alderdiko buru eta estratega izan zen, harik eta 1987an IRAk auto azpian lehergailua jarrita hil zuen arte. John McMichaelek unionismoaren alde bizia eman zuela gogorarazteko jarri zuten alderdi lealistako buruzagi Gary semea, baina White da liderra. Hau elkarrizketatzera sartu gara UDPk Shankillen duen egoitzara, eguerdian baitaukagu hitzordua.

        PUPen egoitzatik kilometro erdira dago UDPren egoitza: bost minutu luze oinez. Sinn Feinen eta PUPen egoitzaren antza daukate alderdi lealista honen bulegoek: aholku zentroa du auzotarrentzat, eta gai sozialei buruzko afitxak paretetan eta informazio-paperak mahaietan.

        Mahaietako batean sinaduraz betetako orriak ikusi ditut, testu baten ondoan: «Hemen sinatzen dugunok preso lealista guztien askatasunaren alde gaude, eta horren alde ekin dezan eskatzen diogu Erreginaren Gobernuari».

        New Ulster Defender aldizkaria ere bai. Shankill kalean ikusia dudan mural baten argazkia ageri du azalean: «Bakearen alde askatu presoak. Denok apur bat eman dugu; apur batzuek dena eman dute». Barruko orrialdeetako iragarki txiki batean Michael Stone preso lealistaren posterrak eskaintzen dituzte, 1988ko martxoan Milltown hilerrian telebista kameren aurrean hiru katoliko hil zituenaren posterrak: Michael Stone Ulsterko heroia: Michaelek berak izenpetutako argazki berrienen edizio mugatua. A3 neurriko posterrak 3,95 libra + 30 penike (posta gastuak) edo marko eta guztiko A4 neurriko posterrak 5,95 libra + libra 1 (p.g)».

        Tea eta kafea eskaini digute. Horma zuri eta biluziak dituen gelan sartu eta itxoiteko. Ile horidun gizon gihartsua sartu da hamar minutura. John Whitek alde egin behar izan du azken orduan, eta berak —Kenny McClinton du izena— erantzungo ditu gure galderak.

        — Zein da zure kargua edo zeregina alderdi barruan? —bulegariren bat etorri ote zaigun beldurrez egin diot galdera.

        — Alderdiko oinarrizko militanteen iritziaren ordezkaria naiz.

        Alderdiaren historiaren laburpentxoa egiteko eskatu diogun arren, iruditu zaion hariari heldu dio McClintonek, berehalakoan bere istoriatxo propioa azaltzeko. Hobe.

        — Ez da egia, errepublikarrek dioten bezala, katolikoak baztertuta egon direnik. Komunitate protestanteko langile klaseak, kasu askotan, erromatar katolikoak baino gutxiago eduki du. Ni neu Shankillen jaio nintzen, eta gure etxean ez genuen ur berorik. Nik uste nuen hori normala zela. Askok hezi gabe utzi genuen eskola eta talde paramilitarretan sartu ginen, 1970eko hamarkadan. UFFren Shankill inguruetako buruzagi nagusi bilakatu nintzen. Bi hilketa egin nituen, betirako bi kartzela-zigor ezarri zizkidaten, eta 16 urte egin nituen giltzapean. Nire burua hezi nuen espetxe barruan eta, 1993an askatu nindutenetik, politikan ari naiz.

        Ez digu esan, Hutchinsonek bezala, bi hilketa leporatu zizkiotela. «Bi hilketa egin nituen», zirt eta zart. Oso modu berezian mintzatzen da. Automata bat bezala. Gorputza eta burua zurrun, begirada finko, Humbertoren begietan iltzatuta, eta ingeles oso garbian. Irakurtzen ari balitz bezala ari zaigu, ez du esaldirik uzten bukatu gabe. Eta erantzuna amaitu duenean, isilik geratu da, hurrengo galderaren zain.

        — Zergatik sartu zinen UFFn?

        — Mentalitate militarra neukan, errepublikarrek armen hizkuntza baino ulertzen ez zutela uste nuen. UFFren orduko filosofia garbia zen: terroristei terrorea eragin, terrorismoa geldiarazi terrorismoaren sustraiei eraso eginez, zuzenean jasan zezaten eurek besteei eragiten zieten sufrimendua. Antiterrorismoa zen.

        PUPeko Hutchinsonen argudioen antzekoak entzutea espero genuen hemen, baina Ian Paisleyren lagunen oihartzuna entzuten ari gara: «Probintzia honetako indijenak gu gara, ulster-scotak», «nire kultura, Ulster kultura, kultura gaelikoa baino lehenagokoa da», «gu ez gara, inolaz ere, Irlanda Batuko parte izango»...

        — Eta Ipar Irlandako gehiengoak onartuko balu Irlanda Batua?

        — Onartuko genuke, demokratak gara. Baina gehiengoak britainiar izan nahi du, eta hori da gure jarrera. Baina inoiz Londresek Irlanda Baturantz bultzatzen bagaitu, gu Erresuma Batuan ez gaituztela nahi erakusten ari baita, pertsonalki uste dut UFFk gerra deklaratuko lukeela Ulster independentearen alde. Eta gu horren alde borrokatuko ginateke. Ulsterko estatu subiranoa. Britainiarrengandik aske eta Hego Irlandatik aske. Irlanda Baturik ez da inoiz izango.

        Bietako bat, edo UDP Paisleyengandik hurbilago dago PUPetik baino, edo Kenny McClintonek ez du bere zuzendaritzaren estrategia edo mezuaren berririk. UDP, Hutchinsonen alderdiarekin batera, bake prozesuko elkarrizketetan parte hartzen ari dela jakinik, eta euren argitarapenetan zer dioten irakurrita, bigarren hipotesiak dirudi zuzenena.

        Londresko eta Dublingo gobernuek sinatutako agiriaz galdetu dio Humbertok. Agiri horrek Irlanda Batua du helburu, unionistek diotenez.

        — Demagun jatetxe batera zoazela eta kamareroak esaten dizula: «Hona hemen menua; nahi duzun zopa aukera dezakezu, beti ere tomate zopa baldin bada». Zuk diozu: «Nik ez dut tomate zoparik nahi!». Eta berak: «Ongi, ez dago arazorik; aukeratu zerorrek, aukera zabala duzu menuan; baina ez ahaztu tomate zopa aukeratu behar duzula». «Baina nik ez dut tomate zopa nahi!». Tomate zopa Irlanda Batua da kasu honetan, eta menua, berriz, Londres-Dublin agiria. Irlanda Baturik ez dugu onartuko sekula. Bizia emango dugu hori gertatu baino lehen.

        UFFn eta UDPn bertan omen dauden droga arazoak aipatu dizkiogu. Labur erantzun digu:

        — Gizartean dagoen arazoa da. Zuen herrian ere arazo hori izango duzue. Talde lealisten barruan ere bada droga arazorik.

        Ez gara ausartu Shankillen vox populi omen dena aipatzen, John White alderdiko burukidea droga trafikoan sartua dagoela alegia.

        Mintzatu zaigun eran ausrtu gaitu, automata gisa adio esan eta bostekoa emanez. Maze kartzelan preso lealista bat bisitatzeko eskabidea egin dugu irteeran.