Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Salatariak

 

— Dia duit, a Pat. Cad e mar ata tu? (Zer moduz?) —Culturlannen Pat Ricerekin topo egin dut.

        — Ceart go leor, a Humberto (Ongi). Ar mhaith leat cupan caife? (Nahi al duzu kafe bat?).

        — Nior mhaith, go raibh mhaith agat (Ez, eskerrik asko). Teim go dti Glor nGael ar scoil anois, foghlaimim Gaeilge (Orain Glor nGael eskolara noa, gaelera ikasten).

        — Goitse agus suigh sios (Etorri hona eta jesarri). Labhair Gaeilge linn (Gugaz jardun gaelikoz).

        Eta klasera piper egitea deliberatu dut. Sandwich eta kafearekin bazkari legean, Culturlannera azaltzen ari diren lagunak aurkezten dizkit Pat Ricek. Sandwicharen azken pusketak irenstekotan nagoenean, seriostu egin zaio berezko begitarte bihurria.

        — Dia duit, a Pat —agurtu du gizon txapar batek—. Nola joan zen Ormeau Roadeko protesta ekintza?

        — Badakizu, arazo txiki batzuk Poliziarekin, baina besterik ez. Arrakastatsua izan zen, telebistan eta prentsan oihartzuna izan baitzuen.

        — Atxiloketarik?

        — Bat: Marie. Baina hiru orduren buruan utzi zuten aske.

        — Ederto. On egin.

        — Slan (Agur).

        Aldartearen mudantzaren arrazoiak eskatzeko irrikitan egon naiz, baina ez dut premiarik izan.

        — Fergus da. Benetan gizon jatorra eta zintzoa! Nire txoferra izan zen, alderdiak jarritako txoferra. Errepublikarra goitik behera. Duela lau urte IRAk hil egin zuen bere semea, Fergal, salataria zelako. Hala ere, Fergusek tinko eusten die printzipio errepublikarrei.

        Armagh konderriko Crossmaglen herrian hil zuten Fergal. Atzo izan balitz bezala kontatzen du Patek, nahigabez eta tristuraz, baina serenitatez.

        Ballymurphy inguruko auzune pobre batean jaio zen Fergal, sei anai-arrebetan hirugarrena. Gazte zelarik jaurti zituen lehen harriak eta molotov koktelak Armada britainiarreko patruilen aurka, bere gurasoek egin izan zuten bezalatsu. Fergalek gogor jokatu zuen Irlanda Batuaren aldeko borrokan hogeita bost urtez, harik eta Special Branch delako RUCeko inteligentzia zerbitzuen esanetara jarri zen arte. Haren hiletetan senitartekoak eta lagun apur batzuk besterik ez ziren bildu.

        Ipar Irlandako sei konderrietako gatazkaren azken hogeita bost urteetan berrogei bat errepublikar exekutatu ditu IRAk. Informer-ak dira zerbitzu sekretu britainiarren tresna eraginkorrenak errepublikarrak zapuzteko. RUC Poliziak erabilitako informerren artean izan dira komunitate protestanteetako unionistak, eta baita M15 inteligentzia zerbitzurako lan egin duten soldadu britainiar zenbait ere, baina aukeran nahiago dute arerioaren komunitatekoa baliatzea, zailagoa baita infiltrazioa atzematea.

        IRAko gizon-emakumeak komunitate hertsi samar batean bizi eta hazten dira; elkarrekin edaten dute, elkarrekin altxatzen dituzte barrikadak eta elkarrekin ezkontzen dira gehienetan. Mataza horretan ia hari berdineko orratzak baino ez dira sartzen, aldamenekoak ohartu gabe.

        — Tout esaten diegu salatariei. Polizia edo Armadako inteligentzia zerbitzuen presio fisiko eta psikikopean jokatzen dute mugimendu errepublikarraren aurka, ez borondatez. Txantajea egiten diete, eta emaztearen bizia salbatzeko egiten dute traizioa.

        — Euskal Herrian ere gertatu izan da horrelakorik —lortu dut sandwicharen azken muturra irenstea.

        — Eurek ez daukate presionatuak izatearen errurik. Halakoetan, IRAk lehenbailehen erakundera jotzeko aholkatzen die txantajeatuei, babesa bermatzeko lagunari eta bere sendiari.

        Behinola bi IRAko kide tout bat zaintzen ari zirelarik Andersonstown auzuneko etxe batean, hura hiltzeko erakundeko zuzendaritzaren aginduaren zain, informerrek ihes egitea lortu zuen. Harrezkero ez dabil trufa besterik lealisten artean. Honela dio txisteak:

        — IRAk informer bat harrapatu berri du. Heriotzara kondenatu dutelarik, zein da zigortuaren azken desioa?

        — Azken zigarroa erretzen dudan bitartean, Andersonstowneko komandoak zaindu nazala!