Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Apustu latza

 

Guinessari trago luzea ematen harrapatu dugu Mark, Rock tabemako leihoan eserita, gure zain.

        — Beste guinness bat, Mark?

        Oraindik erdi betea du edalontzia Markek, baina baietz esan dio Humbertoren eskaintzari. Bass pinta eskatu diot nik, bezperan nahikoa guinness edana nago-eta. Ale marka bat da Bass, Guinnness stout marka den bezala. Garagardo beltza da stout, eta bertoko garagardo argia ale. Kontinenteko zerbeza —lagger— baino ilunagoa da hala ere ale. Baina tabeman ez da normalean stout, ale edo lagger pinta eskatzen, marka galdegiten da zuzenean: Guinness, Bass eta Harp dira estimatuenak, Belfast Mendebaldean bederen.

        Guinness gehiegi edan nuen bart, ez da zalantzarik: haizetsu darabilt sabela goiz osoan, fu eta fa. Elikagai aberatsa omen da, izan ere, guinnessa.

        — Etorriko ote zineten duda egiten ere hasia nintzen. Bart gauean jarritako hitzordua ahaztea ez litzateke harritzekoa izango. Mozkortu samarrak ikusi zintuztedan.

        Goiz bazkaldu —arrautza parea hirugiharrarekin jatea bapo bazkaltzea da hemen— eta Rock tabernara etorri gara bart Marki agindu bezala. Irribarre atsegina du Markek. Ile beltz motza, begi urdinak eta gorputz iharra. Hogeita hamar urte. Preso errepublikarren aldeko mobilizazioren batean lehendik ikusia dudala esango nuke.

        Bart aurkeztu ziguten Orchid tabernan. Elkarrizketa luzea izan genuela gogoratzen naiz, agiriren bat espainolera itzultzea nahi duela esan zigula ere bai, baina ez daukat askoz gehiago gogoan. Humberto aurreratu zait, eta agiriarena berriro esplikatzeko eskatu dio. Irribarrea zabaldu zaio.

        — Datorren astean, Senideak Justiziaren Alde izeneko kanpainako ordezkari batzuk Genevara goaz, hiru auziren berri ematera: Casement-eko auzipetuen afera, Gibraltarko hiru hildakoena eta gurea.

        — A bai! Zure anaiaren kasua!

        — Hori da. Txosten bana idatzi dugu auzi bakoitzeko ordezkariek, eta hizkuntza ezberdinetara itzuli nahi ditugu han banatzeko. Zuek gure kasuko txostena itzultzea nahi genuke, aste honetan astirik baldin baduzue.

        Armada britainiarreko unitate ezkutu baten autoa ostu zuten, hala zela jakin gabe, 1989ko abenduan joyrider gazte batzuek. Militarra zen adierazle agerikorik gabeko ibilgailua, baina barruan gordeta zeuden pistola eta fusil mordoskak, kodifikatutako agiriek eta mapek ederki asko erakusten zuten autoaren jabeak nor ziren. Eskuratu zituzten arma eta agiriekin zer egin jakin ez, eta nagusixeago ziren lau lagunengana jo zuten gazteek, dena hauen esku uzteko. Lau horien artean zegoen Marken anaia, Peter.

        Agiriak eta mapak erre egin zituzten Peter eta adiskideek, baina armak gorde. Pistola bat, ez dakigu zergatik eta zertarako, bosgarren adiskide bati eman zioten. Eta honek ez zien onik ekarri. Guztien zoritxarrerako, handik egun gutxira bosgarren hori atxilotu egin baitzuten, arma gainean zeramala. RUCeko eta Armadako inteligentzia zerbitzuek ordu gutxi behar izan zituzten gazteari armaren jatorria aitorrarazteko. Lau lagunen izenak emanda, proposamen berezia egin zioten intelegentzia militarrekoek:

        — Zuk armak, agiriak eta mapak guretzako berreskuratu eta, trukean, libre utziko zaitugu. Ahaztu egingo dugu dena. Mapak eta agiriak erre zirenik jakin ez, edo gogoratu nahi ez, eta atxilotuak baietz esan zien, ahaleginduko zela dena berreskuratzen, eta ekarriko zituela.

        — Ez ahaztu agiriak eta mapak —eta ez zen paperen kontua errepikatzen zioten lehen aldia.

        Belfastera itzuli, lagunei gertatutakoa azaldu eta, eztabaida gogorraren ondoren, armak itzul zitzaten komentzitu zituen. Agiriak eta mapak, jakina, ezin. Gabe konformatu beharko zuten militarrek.

        Gaur edo bihar atxilotuko zituztela etsita, Polizia euren bila noiz joango zain gelditu ziren Peter eta bere hiru lagunak, inteligentziakoek atxilotuari baino ez baitzioten barkamena agindu. Arma, agiri eta mapen trukean agindu zioten gainera barkamena, eta arrnak besterik ez zituen lortu.

        Baina ez zituzten preso hartu. Eta Poliziaren seinalerik ere ez zuten nabari euren inguruetan. Asteak aurrera joan ahala, urduriago jartzen hasi ziren, ez baitzuten ulertzen zer gertatzen ari zen. Erretako agiri eta mapak, garrantzi handikoak izateaz gain, ezkutuko operazioren baten parte izan zitezkeela pentsatzen hasi ziren. Horixe izan zitekeen ez atxilotzearen arrazoia: mapa eta agirien desagerpena leporatu ezina, mapa horien existentzia ezkutatu beharra... Aste batzuk pasa ziren eta, Gabonak aldera, militarrak eurekin ahaztea erabaki zutela sinetsi zuten.

        Militarren agiri eta armekin izandako istilua errazegi alboratuta, ohiko zereginetara itzuli ziren lau lagunak. Falls kaleko Graham apustu etxe ezagunean lapurreta egiten ahalegindu ziren 1990eko urtarrilaren 13an. Peter, Eddie eta laugarren laguna barrura sartu ziren, eta John autoan geratu zen zain, iheserako prest. Eddiek gezurrezko pistola zeraman, eta gainerako hirurek armarik ez.

        Soldadu bereziek ez zieten ezertarako betarik eman. Auto barruan zegoen Johni sei bala sartu zizkioten metro erdiko distantziatik, Peter hamar aldiz tirokatu zuten apustu etxetik irten zenean, eta hamabi bala jaso zituen haren atzean zegoen Eddiek. Taldeko laugarren kidea bezeroen artean nahastu eta soldaduak ohartu gabe ihes egitea lortu zuen. Berari esker josi ahal izan dituzte istorio honen zati ezberdinak Markek eta hiru hildakoen senideek.

 

 

Aldamenean daukagun leihotik burua ateraz gero bertan ikusiko genuke Peter, John eta Eddie hil zituzten lekua. Whiterock eta Falls arteko bidegurutzean dago egoitza, Graham sarearen apustu etxeetako bat.

        Larunbat arratsaldetan joan-etorri handia izaten da Grahamen: ez da apustua egin daitekeen egun bakarra, baina bai nagusia. Larunbatean izaten baitira Ingalaterrako zaldi lasterketa garrantzitsuenak. Libra mordoska bat tabernan, eta beste mordoska bat apustu etxean. James pisukideak ere larunbatero egiten dio bisita Graham etxeari. Apustu bikoitza hemen, sinplea han... eta etxera, BBC telebista kate britainiarrak zuzenean ematen baititu karrerak. Larunbateroko kontua, auzune katolikoetan bezala protestanteetan.

        Astegunetan, berriz, ez dirurik ez etxerik ez bide duen jende zarpaila ikusi ohi dut apustu etxearen atariko eskaileretan. Litro t'erdiko sagardo botila alboan —mozkortien edaria dirudi sagardoak hemen—, parean harrapatzen dituzten guztiei txanponen bat edo beste eskatzen pasatzen dute eguna. Rock tabernaren aurrean hartzen dute babesa, apustu etxearen atariarekin aspertzen direnean.

        — SASekoak al ziren zure anaia-eta hil zituzten soldaduak?

        — Armadako Inteligentzia Zerbitzuko 14. Unitateak galdu zituen armak eta mapak, gero jakin denez. Ziur gaude unitate berekoek hil zituztela, SASekin lotura duten unitate horretakoek.

        Britainia Handiko Gobernuaren oposizioko parlamentari batek, Kevin McNamara laboristak jakinarazi zuen 14. Unitate berezi horrek parte hartu zuela Graham apustu etxeko operazioan. Gaizkile arrunt batzuek segurtasun agiri garrantzitsuak lapurtu izanak, Armadako talde berezi honen segurtasun operazio luze bat eten zuela aditzera eman zuen diputatu laboristak. Adierazpen hauek zabaldu zieten komunikabideei ikerketarako atea, eta bizirik ihes egindako gaztearen bertsioak argia ikusi zuen azkenean.

        — Segurtasun britainiarreko bozeramaileek gezurtatu egin zituzten informazio guztiak. Gainera, lapurreta egiten ahalegindu zirenak hiru besterik ez zirela zioten, eta diote oraindik ere. Ez zutela inor bizirik utzi, alegia —aise hitz egiten dugu heriotzaz eta biziaz hemen, garagardo eta garagardo artean.

        BBC telebista kate britainiarreko sona handiko programa batek, Spotlight informazio saioak egin zuen kazetari-ikerketa osoena. Lau hilabeteko lanarekin ondorioztatu zuten, Armadaren arma batzuk desagertu egin zirela, eta gero itzuliak izan zirela, baina lapurretara joandakoak lau zirela, eta ez hiru. Gainera, soldaduak inor atxilotzeko saiorik egin ez zutela jakinarazi zuten mundu guztiaren aurrean, zuzenean tiroka hasi zirela.

        — Epaiketarik izan al da hilketak direla-eta?

        — Epaiketa? Bai zera! BBCk erreportaia hura eman zuen hilabete berean erabaki zuten nire anaia eta bere bi lagunak hil zituzten soldaduak ez epaitzea. Hemen etsita gaude, eta horregatik goaz Genevara, ea Europa alde horretan propaganda pixkat bada ere egiten dugun. Beste Bass bat? —eskaintza egin ostean begiratu dio Markek nire edalontziari.

        — Guinnessa, mesedez —Lupulu jainkoa naiz.