Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Leialtasunak

 

Shankill errepidean ehundaka bandera britainiar eta orangista daude oraindik. Uztailaren 12a joan zen, baina unionisten ikurrek beren lekuetan diraute. Preso lealistak askatzea eskatzen duen pankarta handia kentzen ari dira, hala ere, azpitik pasa garen une berean.

        Eguraldi ona egiten du eta oinez egin dugu Falls errepublikarretik Shankill lealistarako bide laburra. Sinn Feinen egoitzaren paretik pasa gara, eta ordu laurdenean PUP (Alderdi Unionista Progresista) alderdi lealistaren egoitzara heldu.

        Egoitzaren sarreran Sinn Feineko egoitzan ikusi dugun giroaren antzekoa nabari da: itxaron gela bat, aberats izateko itxurarik ez duen jendea harrera-gelara sartzeko zain, presoen aldeko afitxa batzuk, eta etxebizitza, babes sozial, hezkuntza edota osasun arazoei buruzko informazio agiri ugari. Auzuneko bizilagunek PUP edo UDP alderdien egoitzetara jotzen dute, Fallseko auzotarrek Sinn Feinekora jotzen duten bezala, administrazioarekin arazoren bat baldin badute, aholku-zentro ere badira-eta alderdien egoitzak.

        Billy Hutchinson agertu zaigu berehala: garaia, oso argala, ile urdindua, baina burusoiltzen hasia. Berrogei bat urte. Gure aurkezpena egin ahala, grabagailua piztu du Humbertok.

        — 1972. urtean, hamasei urte nituela, UVF (Ulsterko Bolondresen Indarra) talde paramilitar lealistan sartu nintzen. 1974an kartzeleratu egin ninduten: bi hilketa leporatu eta bi betiko espetxe-zigor ezarri zizkidaten. Hamasei urte egin nituen barruan eta, 1990ean irten nintzenean, PUPeko kide egin nintzen. Suetenak iragarri zirenetik alderdiko bozeramaileetako bat naiz, eta Londresko Gobernuarekin elkarrizketan ari den ordezkaritzako burua.

        Eztarriko intxaurra gora eta behera mugitzen du Hutchinsonek hizketan ari delarik. Bagenekien bi hilketa egotzi zizkiotela eta kartzelan hainbeste urte egin zituela: Belfast Telegraphe egunkariko azalean agertu zen orain ez asko Galesko Charles printzeari bostekoa ematen, polemika piztu baitzuen printzeak «hiltzaile bati» eskua eman izanak.

        1980ko hamarkadan sortutako alderdiaren historiatxoa egin digu, eta guk galderarik egin gabe mahairatu du berak UVF talde paramilitarrarekiko harremana.

        — Baina esan al daiteke alderdikoek UVFrekin harreman zuzena daukazuela?

        — Harremana ez dago ukatzerik. Guk uste dugu Ipar Irlandako arazoak politikaren eremuan konpondu behar direla, baina uste dugu, baita ere, biolentziaren gaitzespenak ez duela arazoa konpontzen. Harreman estuak ditugu UVFrekin, eta horren arrazoia zera da: UVFk analisi politikoa behar duela; eta guk hori ematen diogu. Bihar suetena hausten bada eta UVFk norbait hiltzen badu, guk ez diogu hilketa horri sostengua emango, baina talde paramilitarrari analisi politikoa eskaintzen jarraituko dugu.

        Izan ere, UDA-UFF, UVF eta beste talde paramilitar txikiagoek suetena iragarri zutenean, PUP eta UDP (UDA-UFFren beso politikoa) alderdien ahotik egin zuten. Talde paramilitar bakoitzak funtzionamendu autonomoa dauka, presoen kolektiboak ere era bereizian antolatuta daude, baina erabakiak elkarrekin hartzeko egitura daukate: Talde Lealisten Aginte Bateratua.

        — Une jakinetan biltzen gara bi alderdiak, eta Gobernuarekin hizketan ere elkarrekin ari gara. Baina alderdi ezberdinak gara, eta filosofia politiko ezberdinak dauzkagu. Gainera, jabetu al zarete UDPk ez duela unionista hitza sigletan? Ulster independentearen alde daude UDP eta UFF. Gu, aldiz, unionistak gara.

        Droga trafikoa dela medio Hutchinsonen alderdiak eta UDPk polemika garratza izan berri dutela gogoratu naiz. UDPri eta UFFri drogen aurka gogor ekiteko eskatu zien Hutchinsonek berak publikoki, euren artean droga trafikatzaileak zeudela zeharka adieraziz.

        — Droga trafikoa ozen gaitzetsi dugu. UVFk erakundetik bota ditu drogetan nahasita zeuden kide guztiak, eta garbi esana du drogekin zerikusia duten guztien kontra ekingo duela.

        — Talde lealistetan ba al da jenderik drogetan nahastuta?

        — Ez dago zalantzarik. Talde paramilitar lealistetan badira droga trafikoan dabiltzanak. UVFk jende honen kontrako jarrera hartu du. Geldiarazi egin behar dira.

        Ez du UDPren eta UFFren aurkako hitzik atera, baina aldekorik ere ez. Ulertu diogula uste dugu.

        — Lealista esaten zaizue talde paramilitarrekin harremana daukazuen alderdiei. Ingalaterrako koroarekiko leialtasuna duzuela esan nahi du horrek?

        — Nire leialtasuna ez da Erreginarekikoa, ezta estatuarekikoa ere, Erresuma Batuko demokraziarekikoa baizik. Eta nik filosofiaren bati baldin badiot leialtasuna, sozialismoa da filosofia hori, eta ez monarkia.

        IRAren aurka borroka odoltsuan jardun duten talde lealistak ultraeskuindartzat nituen Belfastera etorri aurretik. Ez inori hala entzunda, ezta inon irakurrita ere. Horrela behar zuela iruditzen zitzaidan: abertzale ezkertiarren aurka, ultraeskuindar estatuzaleak. Baina zuriaren eta beltzaren arteko bereizketa errazak ez du balio Ipar Irlandan.

        — Ezkerrekoa da gure alderdia. Langile klasea ordezkatzen dugu batik bat. Eta batzuk esango dizuete diferentzia handia dagoela Sinn Feinen eta gure alderdiaren artean, eta nik ukatu egingo dut. Sinn Feinen eta gure arteko diferentzia huskeria da politika ekonomiko-sozialean, berdintsuak gara gai guztietan, gai konstituzionalean izan ezik: britainiarrak garela sinesten dugu guk, eta Sinn Feinek ez. Bestela, ideologia bera daukagu, eta esperientzia komuna. Arazo berberak jasan eta jasaten ditugu, bai ekonomia arloan bai gatazkaren gordintasunean.

        — Arazo beretsuak izango dituzue, baina suetena hausten bada elkarren aurka egingo duzue borroka berriro. Elkar hilko dute zuen talde paramilitarreko eta IRAko kideek.

        — Tamalez horrela da. Baina euren esku dago. Eurek ez badute suetena hausten, lealistek ez dituzue armak berriro hartuko.

        Abian den bake prozesuan sinesten duten eta parte hartzen ari diren alderdi unionista bakarrak dira PUP eta UDP minoritarioak. Shankillen indar handia daukate, baina Ipar Irlanda osoan botoen %1 baino ez dute biltzen bien artean. UUP eta DUP alderdi nagusiekin ez dute inolako harremanik aspaldian, eta gogor kritikatzen dute elkar, helburu nagusietan bat datozen arren.

        Hizkera ere arras ezberdina dute Hutchinsonek eta alderdi nagusietako liderrek. Paisleyk eta Molyneauxek ez dute izenik Irlandarentzat —irla hau esaten diote, irla osotasunean hartzen dutenean—, eta ez lukete sekula irlandar direnik esango. Hutchinsonek, bai.

        — Irla honen ipar ekialdean jaio nintzen, eta horrek irlandar egiten nau, Kultura aldetik irlandarra naiz eta politikoki britainiarra. Irlandarra naiz eta britainiarra. Irlandar adina britainiar. Gainera, uste dut Ipar Irlandako etorkizuna Irlandako Errepublikari lotua dagoela, Irlandako Errepublikak izan beharko lukeela erantzukizun maila bat Ipar Irlandan, beti ere Ipar Irlandako herritarrok onartzen dugun heinean, akordioz egiten den heinean.

        — Onartuko zenuke, Ipar Irlandako gehiengoa Irlanda Batuaren alde agertuko balitz?

        — Onartuko nuke.

        Grabagailua itzalita, harrituta utzi gaituela esan diogu Hutchinsoni. Alderdi unionista nagusien mezua zein den jakinda, talde paramilitarrak sostengatzen dituztela jakinda, beste era bateko diskurtsoa espero genuela aitortu diogu. Diskurtso itxiagoa.

        — Gure mezua ezagutarazteko arazoak ditugu. Atzerrian batik bat. IRAk eta Sinn Feinek propaganda makineria eraginkorra dute, zuen herrian batez ere, euskaldunei esker. Euskaldun asko etortzen da Belfastera, eta Fallsera joaten dira, alderdi horretako borrokaz interesatuta, baina ez dira kezkatzen alde honetan zer gertatzen den.

        Euskaldunak garela aitortzeko unea heldu da, baina ez dugu ahorik zabaldu. Ez dugu behar bezala erreakzionatu. Berak galdetu digu segidan:

        — Espainiako zein aldetakoak zarete?

        — Euskal Herrikoak gara.

        — Euskaldunak, orduan... Tira, gauzak aldatu dira apur bat.