Aurkibidea
Aurkibidea
Gogoratu Bloody Sunday, Charles
Galesko Printzearen ongi etorrian parte hartzeko asmoz heldu gara Derryra. Dublinera doa Charles gaur gauean. Bloody Sunday famatuan, 1972ko urtarrileko azken igandean, paraxutista britainiarrek Derryn hil zituzten hamalau irlandarren senideek autobusa antolatu dute. Erresuma Batuko Armadako paraxutisten buruzagi nagusia da printzea.
Belfastetik autobusez etorri gara Derryra, Ipar Irlandako bigarren hirira, hemendik Irlandako hiriburura joateko. Belfasten ez bezala, katolikoak gehiengo dira Derryn, eta nazionalista dute alkatea, John Humeren SDLP alderdikoa. Derrytarra da Hume bera, eta baita Martin McGuinness Sinn Feineko bigarrena ere. Hemengo protestanteek, britainiarrek, El Correo Español-ek, El Diario Vasco-k eta El País-ek Londonderry esaten diote Derryri.
Bogside auzunean zain daukagu Dublinerako autobusa. Derryko auzune katoliko nagusia da Bogside, eta esanahi berezia du komunitatearentzat. 1968ko urriaren 5ean eskubide zibilen aldeko komunitate katolikoarekiko diskriminazioaren aurkako lehenengo manifestazioaren ondoren Bogsiden bi egunez izandako istiluak jo izan dira Ipar Irlandako egungo gatazkaren abiapuntutzat.
Hemengo bizilagunen eta polizien arteko borrokek Bogsideko Bataila izenez ezaguna are famatuago egin zuten auzunea 1969an; orduko hartan barrikadez hesitutako no-go areak (Poliziak sartzea ezinezkoa zuen gune katolikoak) eraiki eta Free Derry aldarrikatu zuten. 1972ko igande odoltsuko gertaerak ere Bogsiden gertatu ziren. «Derry askea» iragartzen duen mural erraldoia dago gaur egun ere Bogsideko sarreran: «Free Derryn sartzen ari zara».
Sartu gara, beraz, Free Derryn. Belfasteko Fallsen ikusten diren mezu, irudi eta kolore berak ageri dira Bogsideko hormetan: auzuneko gerra presoen zerrendak, 1981eko gose greban hildako hamar errepublikarren irudiak eta izenak, Bloody Sunday egunean hildako hamalaurak, Irlanda Batuaren aldeko muralak, britainiarrei hanka egiteko gonbidapenak...
Hogeita hiru lagun bildu gara Dublinerako asmoarekin, Humberto eta biok barne. Jende gehiago espero genuen. Charlesek hainbeste merezi du.
Lan-eguna da eta autobusez lauzpabost ordu daude Dublinera esan digu John Nash gure kontaktoak. Ez genuen askoz jende gehiago espero.
Lazo berdea daramate paparrean bidaiari guztiek, eta pankarta parea jarri dute ibilgailuaren alboetako leihoetan, kanpora begira: «Bloody Sunday, inozentzia hil zen eguna» dio handienak eta «Bloody Sunday Justizia Kanpaina» (taldearen izena) besteak.
Eseri eta abiatu ahala ekin dio alboko emakumeak. Gure zorionerako, irlandarrek ez dakite isilik egoten; parean egokitzen zaizuna berehala hasiko zaizu galderak egiten, eta atseginez erantzungo dizu galderarik egiten badiozu. Jendetasun ezaren seinaletzat daukate albokoari jaramonik ez egitea, galderarik ez egitea. Gureak azalduta, bereak eskatu dizkiogu.
Bloody Sundayko biktimaren baten senidea al zara?
Ez, Jainkoari eskerrak! Aitaren egin du. IRAko kide baten alaba naiz.
Gaizki ulertu diot, Ipar Irlandako azentu itxiaz mintzo da. 70en bat urte izango ditu, eta IRAkoaren ama dela esango zuen, ez alaba. Herri Batasunaren maifestazio zenbaitetan lehenengo lerroan ikusi izan ditudan emakume helduen tankera hartzen diot Sheals-i.
Zure aita? IRAko kidea?
1916an egin zuen borroka. Dublinen britainiarren aurka altxatu zirenean Derryn jendea bildu zuen nire aitak Dublinera jaisteko, baina Derryn bertan atxilotu zuten. Gero, Derryko espetxetik ihes egin eta Ingalaterran berriro atxilotu. Hamasei urte egin zituen giltzapean.
Senarra RAFeko piloto ohia duela esan didanean hizkuntzak nahasi nauela otu zait berriro. Baina ez: aita IRAkoa, eta senarra RAFekoa (Erresuma Batuko Aire Armadakoa), protestantea.
Amak hitza ukatu zidan horregatik, gizon jatorra zela konturatu zen arte. Ideia errepublikarrak ditu orain senarrak. Leihotik begira jarri gara bi kanpotarrak, Shealsek muga bertan daukagula ohartarazi digunean. Soldadurik ez dago bertan, eta gelditu gabe pasa da autobusa, baina ezagun du treguarik gabeko garaian ez zukeela hain erraz igaroko. Gaur egun ere hor daude soldaduentzako txabolak eta metalezko hesi altuak errepidearen bi alboetan, kamera ugari guri eta inguruari begira eta abiada geldiarazteko koxkak errepidean. Autobusak ez du muga zuzen zeharkatzerik izan: S bat egin behar izan du britainiarrek utzitako hesiak saihesteko.
Treguarik ez balego, soldaduak barrura sartuko lirateke, eta boltsa guztiak miatu. Oraindik hor dauzkate kamerak, sasikume horiek goxoki zorroa zabaldu, ingurukooi eskaini eta ahora eraman du bat Shealsek.
Autobusaren atzealdetik gure aurreko eserlekura etorri da John Nash, bidaiaren antolatzailea. Ia familia osoa dator Dublinera Johnekin: Margaret emaztea, bi seme-alaba, bi anaia, arreba eta suhia. 1972ko urtarrilaren 30 hartan Derryko Bogside auzunean paraxutistek hil zuten William Nashen anaia da John. 19 urte zituen orduan William zenak, 21 Johnek.
Bezperan ezkondu ginen, hain justu ere, Margaret eta biok. Larunbat osoa eman genuen bion familiek ezkontza ospatzen edaten alegia, irlandarrek ez baitute ospakizunetan askorik jaten. Igandea zen Margaret eta biok hotelera joan ginenerako. Esnatu berriak geunden, beraz, manifestaziora abiatzean. Hiruretan hastekoa zen.
Ez zen edonolako manifestazioa. Hiru urte eta hiru hilabete ziren Derryn eskubide zibilen aldeko lehen manifestazioa egin zenetik, bi urte t'erdi soldadu britainiarrak Ipar Irlandara heldu zirenetik, urte t'erdi Internamendu Legea epaiketarik gabeko espetxeratzea ezarri zutenetik, eta 174 lagun hilak ziren ordurako hiru urte luzeko gatazka politikoan. Eskubide zibilen aldeko martxa ordura arte komunitate katolikoak antolatutako agerraldi garrantzitsuena izatea espero zen.
NICRAk (Ipar Irlandako eskubide zibilen aldeko elkarteak) ezer larria gertatzeko arriskua saihestu nahian, manifestazioan ez parte hartzeko edo behintzat armarik ez eramateko eskatu zieten banandu berri ziren IRA Probisionalari eta IRA Ofizialari. Bi talde armatuek bete egin zuten, itxuraz, antolatzaileen eskaera. Agintariek ez zuten manifestazioa legeztatu. Soldaduak Bogside inguruan ziren manifestazioa hasi baino lehenagotik.
Hoteletik irten eta Bogsidera hurbildu ginenean ibilgailu militarrak ikusi nituen kalean. Irekita zeukaten atzealdea eta garbi asko ikusten zen 'lanera' etorriak zirela, ondo armatuta. «Badirudi hilketak izan litezkeela gaur kalean» esan nion emazteari. Baina nik ez nuen benetan halakorik espero! Plastikozko balez jendea zaurituko zutela espero nuela esan nahi nuen...
Hamar mila manifestatzaileen artean zeuden Johnen gurasoak eta anai-arrebak, martxa arratsaldeko hiruretan abiatu zenean. Johnek aita zeraman aldamenean.
Halako batean oihuka entzun nuen jendea. Eta harri batzuk airean. Hobe genuela urrutiratzea esan nion aitari, eta manifestazioaren atzealdera abiatu ginen. Tiroak entzun ziren bat-batean, jendea korrika, garrasika... Eta bi edo hiru mila lagun harrapatuta gelditu ginen kale batean. Soldaduak guri tiro egiten sumatu nituelarik, etxe arteko hutsune batera bota nuen neure burua. Erori egin nintzen eta, atzera begiratu nuenean, ikusi nuen gazte bati tiro batek aurpegian nola jo zion, eta nola altura gutxiko horma batekin estropozo egin ondoren haren atzean desagertu zen. Hildakoa Bamey McGuigem zela jakin nuen gero. Nire babeslekutik irten gabe egon nintzen tiroketak iraun zuen bitartean, hamar bat minutu, eta etxeratzea erabaki nuen azkenik.
Etxera itzulitakoan ez zuen panorama onik topatu. William anaia hil egin zuten eta aita tirokatuta zauritu. Ama ospitalean zegoen, aitarekin.
Guztira hamahiru lagun hil zituzten egun hartan soldaduek, eta hogeita bost tiroz zauritu. Hauetako bat hil egin zen biharamunean. Manifestaziotik armez eta bonbaz egindako erasoei erantzunez tiro egin zutela adierazi zuen hasieran Londresek. Soldaduek hildakoez eta zauritutakoez gain beste zauriturik ez zen ordea, eta lekuko guztiek zioten soldaduen tiroen aurretik ez zela ez tirorik ez eztandarik entzun.
Ordutik Gobernu britainiarrak erantzukizuna bere gain har dezan lanean ari dira Bloody Sunday Justizia Kanpaina taldekoak. Astero biltzen dira, eta Armadaren edota Poliziaren gehiegikeriak jasan dituzten beste hainbat talderekin koordinatzen dira Senideak Justiziaren Alde elkartean.
Bloody Sunday ez da bukatu guretzat. 1972ko urtarrilaren 30ean hasi besterik ez zen egin. Egun hark ekarritako saminak bero irauten du. Eta hori gutxi balitz, biktima gisa beharrean errudun gisa tratatzen gaituzte.
Soldaduak defendatu egin zirela zioen lehen bertsio hura ez al dute aldatu?
Egiaren eta barkamen eskaeraren zain gaude oraindik. Gertatutakoari buruz esan zutena lotsagarria da. Egia esaten ez duten bitartean ezin dugu barkatu. Eta barkatu ahal izateko, barkamena eskatu behar digute.
Irish News zabaldu dut Dublinera heltzeko ordubete-edo falta denean: Loughgalleko auziari buruzko epaiketa hasi dela irakurri dut. SASeko (Aire Armadako zerbitzu berezietako) soldaduek bederatzi lagun IRAko zortzi eta zibil bat hil zituzten tiroz 1989ko maiatzaren 8an. Oliver Hughesek eta bere anaiak buzo urdina jantzita eramateko zoritxarra izan zuten egun hartan: buzo urdinez jantzita zihoazen SASekoen begiradapean zeuden IRAko komandokideek ere, eta soldaduek ez zuten errukirik izan Hughestarrekin ere.
Bizirik geratu zen anaiaren testigantza dakar Belfasteko egunkari nazionalistak: «Ehundaka tiro entzun nituen, anaiaren oihuak gero, eta bi tiro sentitu nituen bizkarrean. Ospitalean esnatu nintzenean, hamalau tiro jaso nituela jakin nuen, horietako bat buruan, oso hurbiletik nahita egina. Hilda nengoelakoan gorpuen depositora eraman ninduten beste bederatzi gorpuekin batera, baina bizirik nengoen. Bi aste egin nituen koma egoeran».
Soldaduek seiehun bala jaurti zituztela dio forensearen txostenak.
Hogei urte barru honelako autobus batean imajinatu ditut Oliver Hughes eta hildako bederatzi irlandarren beste senideak. Egia noiz onartuko eta barkamena noiz eskatuko zain.
Postetxearen paretik abiatu da manifestazioa arratsaldeko bost t'erdietan. Nazionalismo irlandarraren historian aparteko lekua du Dublingo Postetxeak: Hego Irlanda independentziara eraman zuen altxamendua Postetxe honen hartzearekin hasi zuten Conollyk eta gainerako heroi irlandarrek 1916an. Egun, kutsu abertzalea duten ekitaldiak Postetxearen parean egiten dira Dublinen, jendetza biltzeko batere egokia ez den arren: hiriguneko errepide nagusiaren erdian dago, O'Conell kalean, eta ez du plazarik inguruan. Trafikoa erabat etenda dago, eta hala iraungo du ekitaldia amaitu bitartean.
Bi mila lagun inguru abiatu gara O'Conell kalean behera, Trinity College ondotik pasa, Udaletxe eta Parlamentu inguruetan ibili eta bueltan Postetxera itzultzeko asmoarekin.
Zenbaki bana erakusten duten 45 lagunek zabaldu dute martxa: letik 45era, paraxutista britainiarrek hogeita bost urtean hil zituzten 45 irlandarren oroigarri. Erresuma Batuko Koroaren indar militarrek 25 urteotan 300 irlandar hil dituztela gogorarazten du atzerago datorren pankartak, eta herio-doinuak jotzen dator musika banda, pankartaren aurretik baina 45 lagunen atzetik.
Bloody Sundayko gure adiskideek autobusean ekarritako bi pankartak daramatzate, eta Apologise (Barkamena eskatu) hitza osatzen dute bederatziren artean, bakoitzak letra bana eramanda.
Sinn Feinek sinatutako oihala ere bada: «Errepublika Sozialista Demokratikoaren alde», eta mordoska bat dira Printzeari buruzkoak: «Ongi etorririk ez Para-Printzeari» (para esaten zaie paraxutistei, Ipar Euskal Herrian bezala), «Hoa etxera Para-sitoa», «Iparraldean Para dena, ez da Printzea Hegoaldean». Bandaren doinuak urrutiago entzuten diren heinean, ozenagoak dira manifestatzaileen oihuak:
Charly! Charly! Charly!... bozgorailukoak.
...Kanpora! Kanpora! Kanpora! denok.
Para! Para! Para!...
Parasitoa!
Manifestazioa bukatuta, berriro Postetxean, autobuseko bidai-lagunak izan dira ekitaldi politikoko protagonistak. William zenaren eta Johnen arreba Lindak hartu du hitza. Linda gaztea da Johnen aldean; 45 urte ditu Johnek, eta 35 inguru Lindak. Anaia hil zutenean neskato bat baino ez zela esanez hasi du hitzaldia.
Gauza bakarra dago sarraskia bera baino larriagoa: sarraskirik izan ez zela dioen gezurra, hain zuzen ere. Jendeak ikusi zuena ez zen gertatu, jendeak entzun zuena ez zen gertatu, jendeak sentitu zuena ez zen gertatu, eta jendeak gaur egun sentitzen duena iraganean bizitzeko modu bat besterik ez da.
Apal ari da, irakurtzen, oihurik egin gabe. Eszenatokian bertan, Lindaren atzean, John eta besteek pankarta erakusten dute: «Inozentzia hil zen eguna».
Iraganaren gatibu garela entzun behar izan dugu sarri, baina eurak dira historiaren benetako gatibuak, euren historiaren beldur direlako. Deserosoegia da eurentzat. Errealitatea gordinegia da eurentzat, gordinegia aurre egin ahal izateko.
Printzeari ongi etorria egingo dioten irlandarrei gogor mintzatu zaie Linda:
Bloody Sunday gertatu zenetik 23 urtera Paraxutista Erregimentuaren buruzagi nagusiaren etorrera ospatzen ari dira irlandar batzuk lur irlandarrean. Tristea da, eta gaitzetsi beharrekoa. Britainiarren eta irlandarren arteko adiskidantzarako lehen urratsa izan zitekeen bisita hau, baina horretarako azken urteotako historiaren errealitateari aurre egin behar zaio, ez errealitate hori ezkutatu eta ukatu.
John Bruton lehen ministroaren Fianna Gael gobernu-alderdiak eta Albert Reynolds lehen ministro ohiaren Fianna Fail oposizio-alderdi nagusiak sostengua eman diote Printze britainiarraren etorrerari. Izan ere, alderdi txikiak baino ez dira altxatu Charlesen bisita ofizialaren aurka: Sinn Fein Hego Irlandan botoen %1 inguru jaso ohi duena eta ezkerreko alderdi minoritarioagoak.
Printzeak zalantzan izan du bisitaren bigarren egunean Sligo konderriko Mullaghmore herrira joan ala ez. Bere osaba Lord Mountbatten urtero etorri ohi zen Mullaghmorera uda pasatzera, 1979ko abuztuaren 29an IRAk haren untzia bonba batez txikituz hil zuen arte. Beste hiru lagun ere hil ziren eztandan. Ordutik Ingalaterrako erret familiako inor ez zen Irlandako Errepublikara etorri. Charlesek harreman estua zuen nonbait osabarekin, eta Sligora bisita sinbolikoa egingo zuelakoan zegoen prentsa. Ez da joan ordea; gurekin geratzea erabaki du, Dublinen.
Trinity College unibertsitate dotorearen atarian itxoin diogu, ehundaka batzuk irlandarrekin batera. Ikasleak dira asko, baina pertsona helduak ere badira tartean. Ez zaigu iruditu kontrako giro handirik aurkituko duenik Printzeak. Ez dugu behintzat bezperako manifestazioko girorik igartzen. Union Jack pare bat ikusi ditut eta «Ongi Etorri, Printzea» dioen dozenerdi afitxa ere bai jende heldu samarraren eskuetan. Poliziak hartua du inguru guztia, baina segurtasun neurriak ez zaizkit ikusgarriak iruditu. Miaketarik ere ez inon, eta frankotiratzaile bakarra ikusi dut nik teilatu batean.
Ez dugu askorik itxaron beharrik izan. Polizia motordunak aurrena, polizia motodun gehiago gero, autoak, kotxeak, autoak... eta kotxetzarra azkenean. Autotik irten denean protesta oihuak ozenago entzun dira txaloak baino, baina txalo egin dutenak askoz ere gehiago izan dira garrasi egin dutenak baino. Ozenen eta garbien entzun diren orroak derrytarren ahotatik heldu dira. Hiru hitz, behin eta berriro, dolua adierazteko bandera beltzak astindu bitartean:
Gogoratu Bloody Sunday! Gogoratu Bloody Sunday!
Arrautzak hegan ikusi ditugu. Hurre ibili dira, baina ez diote eman. Polizia bati bai, eta auto dotore horietako bati ere bai. Charlesek txaloak entzuten dituen aldera begiratu eta diosal egin dio jendetzari, besoa jasota. Txalo artean erantzun diote askok.
Txepel samarra harrera, ezta? Humberto ni bezain dezepzionatuta geratu da.
Harrera motza egin diote irlandarrek Galesko Printzeari. Txalo epel ugari eta kontrako oihu gutxi. Eguna Printzearen atzetik pasa beharrean, Dublingo guinnessa dastatzea deliberatu dugu, iparraldeko eta hegoaldeko guinnessaren arteko aldea neurtzearren. Autobusez itzultzeko Sinn Feineko bulegoaren parean egin dugu hitzordua eta, noski, galduta gabiltza Dublinen. Hogeiren bat urteko mutilari galdetu dio Humbertok:
Aizu? Ba al dak zu Parmell Square non dagoen?
Harantz noa neu. Etorri nirekin. Parmell Squareko zein lekutara zoazte?
Sinn Feineko bulego aurrera Belfasten ez nukeen hain lasai erantzungo, norekin ari naizen jakin gabe, baina Hego Irlandan ez dago arazorik.
Sinn Fein! Fiuuuuu! Ba al dakizue zer den hori?
Badakigu, bai. Ez kezkatu.
I-R-A! hiru letrak banan-banan esan dizkigu, ondo ulertuko diogula ziurtatzeko edo Ez sartu gero barrura!
Autobus bat hartu behar dugu bulego parean.
A! lasaitu egin da. Nora joateko?
Derryra itzuliko da autobusa.
Elkarrekin egin ditugun bost minutuan ez du berriro ahorik ireki. Berritsua eta umore onekoa zirudien mutila mutu geratu da, Sinn Feineko bulego parean Ipar Irlandarako autobusa hartzekoa den bikote atzerritarraren aurrean. Ipar Irlandara sekula joan eta joango ez den irlandarretakoa izango da. Ez diogu galdetu.
Eskerrik asko, gazte.