Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Uztailak 12

 

Taxi beltzak Castle Courtera baino eramango ez gintuzkeenez —eta handik oinez ordu erdi behintzat behar dugu Ormeau errepidera—, taxi pribatuekin froga egitea deliberatu dugu.

        Beltzak ez diren taxiei pribatu esaten zaie: kolore ezberdinetakoak dira, ez daukate ibilbide finkorik eta esandako helbidera eramango zaituzte. Alabaina, kalean besoa altxata ez duzu geldiaraziko. Bulego ugarietako batera joan beharko duzu, edo telefonoz deitu, nora zoazen esan, eta taxiak jasoko zaitu. Ez daukate taximetrorik: ibilbidearen luzeraren eta bidaiari kopuruaren arabera gora-beherarik baden arren, bizpahiru libra gehienetan.

        Katolikoak zein protestanteak izan litezke taxi hauek. Treguarik ez zegoen garaian auzune katolikotik protestantera ez zintuen eramango taxi katolikoak, eta alderantziz ere ez. Baina egun zertxobait aldatu da kontua eta hasi dira batetik bestera mugitzen.

        — Ormeau Road ingurura joan nahi genuke —bulegariari.

        — Ez da posible. Ez al dakizue uztailaren 12a dela?

        — Badakigu bertaraino joatea zaila dela, baina Queen's Unibertsitateraino eramanez gero gu konforme, handik oinez segituan gaude Ormeau Roaden. Kazetariak gara.

        Gure joan behar horri garrantzia emateko nabarmendu diot kazetariak garela. Ez gaitzala turista txoriburutzat hartu.

        Uztailaren 12a orangisten jai eguna da, 1690. urtean protestanteek —William Orange-ko printzea buru zutela— katolikoak garaitu zituzteneko Boyne-ko bataila famatua ospatzeko zorioneko jaia, katolikoek protestanteen harrotasun zalapartatsua pairatzen duten zoritxarreko eguna. Urte osoan Ipar Irlandako kaleetan protestanteak nagusi baldin badira, areago uztailaren 12an. Milaka katolikok Hego Irlandara hanka egiten du uztailaren 12aren astean, jasanezina egiten baitzaie unionisten nagusitasun erakustaldia.

        Auzune protestante guztietatik orangisten martxak abiatuko dira goizean, musika eta pauso militarrean, Belfasteko auzune ezberdinetan barrena ibili ondoren Shankillen batzeko. Eta handik Edenderry zelaira, eguerdian festa handia eta ekitaldi politikoa egiteko. Tentsioa handia dago, azken gertaerak direla-eta.

        Portadown herrian, egunotako martxa orangista bat auzune katolikoa zeharkatzekoa zelarik, bertako bizilagunek bidea itxi zieten elizatik zetozen orangistei. Polizia bi komunitateen erdian jarri eta protestanteei bidea zabaldu ez zienez, Ipar Irlanda osoko orangistak bertara joan eta, pasatzen utzi arte, ez zirela handik mugituko.

        — Hil edo bizikoa da borroka hau! Ez dugu etsiko! —oihukatu zuen Ian Paisleyk milaka orangistaren aurrean. Enfrentamendu bortitzak gertatu ziren Poliziaren eta orangisten artean, baina azkenean, 48 orduko tentsioaren ondoren, akordioa lortu zuten: martxak auzune katolikoa zeharkatuko zuen, baina musika militarrik jo gabe, isilik, errespetuan. Hala egin zen.

        Portadownekoa baino lehen ere izan da liskarrik martxa orangistak direla-eta. Duela hamar egun Ormeauko zubian —gaur tentsiogune nagusia izatea espero den lekuan— gertatutakoaren lekuko izan ginen.

        Orduko hartan, komunitate katolikoak Ormeauko errepide nagusia (protestantea) beheko errepidetik (katolikoa) bereizten duen zubian kontzentrazioa egin zuen, protestanteen nagusitasuna aldarrikatzen duen martxa orangista bertatik pasatzea probokazioa zela argudiatuta. Poliziak itxi egin zuen zubia, istiluak eragozteko, eta orangistek ez zuten pasatzerik izan. Zubiaren alde protestantean egin zuten ekitaldi erlijioso-politikoa. Artzain protestanteak hartu zuen hitza, bozgorailua eskuan:

        — Badirudi ez dugula zubi hau pasako...

        — Eta nire semea zer? —orangista uniformerik gabeko batek kendu zion hitza erreberendoari—. Bestaldeko putakume horiek garbitu zuten nire semea!

        — ... baina guk pasako dugu azken zubia, Jesukristo daramagulako gurekin. Eta zubia pasatzen utzi ez digutenek ezin izango dute azken zubi hori pasa.

        Azken zubia pasako ez zutenen artean ziren, nonbait, orangistei bidea ixten ari ziren RUCeko poliziak.

        — Begira! Erreginaren koroa daramate uniformean, Erreginaren zerbitzariak dira, Erreginak ordaintzen die... eta hemen Erregina defendatzen dugunon aurka egiten dute! Arazo sortzaileen alde!

        Otoitz egin,  «God Save The Queen» abestu eta etorritako bidetik joan ziren orangistak, zubiaren bestaldetik, alde katolikoak garaipen txaloak entzuten ziren bitartean. Kazetariok, errepidearen bazter batean, uztailaren 12an Poliziak jarrera bera hartuz gero zer gertatuko ote litzatekeen galdegin genion erreberendoari:

        — Uztailaren 12a beste egun bat izango da.

 

 

Taxiak unibertsitatera ekarri gaitu eta, Ormeau aldera pauso batzuk eman orduko, Poliziaren land-roverrekin egin dugu topo.

        — Kazetariak gara.

        — Ezin duzue hemendik joan. Hiru kale beheragoko kontrol puntutik pasatzeko modua izango duzue.

        Ormeau errepideko zati katolikora sartzeko bide guztiak itxita dauzka Poliziak. Zubiaren albo batean bildu gara ehunen bat kazetari, eta eurek kontatuta jakin dugu goizean gertatutakoa: RUCek bost t'erdietan hesitu du ingurua, eta bertako jendeari ez dio errepidera irteten utzi: edo kanpora edo atzera etxera. Goizeko zazpietatik bilduta dauden auzoen kontzentrazioa ez dugu ikusten ahal, baina zubitik berrehun bat metrora omen daude bostehunen bat lagun. Infornazioa baino informazio eza nagusi da kazetarien artean.

        Poliziako prentsa arduraduna hurbildu da. Mikrofono eta kamera guztiak hari begira.

        — Zer gertatuko da? Pasako al da martxa?

        — Oraintxe ikusiko duzue —bibote luzearen eskuineko adarrarekin jolasean ari da eskuaz.

        — Baina pasako al dira? Musika joz pasako dira?

        — Ezin dizuet esan, orain ikusiko duzue.

        — Zenbat orangista datoz?

        — Ez dakit.

        — Zenbat polizia daude momento honetan auzunean lanean?

        — Berrehun edo hirurehunen bat.

        Gezurra, gehiago daude.

        — Zer gertatu zen atzo gauean auzunean?

        — Ez dakit, ez nintzen bertan izan.

        — Zertara etorri da babalore hau?

        Azkeneko galdera neure kolkorako egin dut.

        Hamarrak aldera hasi gara danbor, xirula eta bonbo soinua entzuten. Badatoz orangistak, eta begibistakoa da pasa egingo direla. Poliziak azken bi hilabeteetan bost aldiz geldiarazi du orangistan martxa zubi honetan, baina gaur, uztailak 12, ez da ausartuko. Txaloak entzuten dira zubiaren alde batean, isiltasuna kazetariak baino ez gu gauden aldera.

        Igaro dute zubia, eta musika militarra, garaipenaren musika, ozenago jotzen hasi dira orain. Botila batzuk jaurti dituzte auzotarrek, baina ez dira martxistengana heldu. Urrutiegi daude.

        Auzunean familia bakarra irten da atarira. Protestaka egon dira 70 urte inguruko ama eta bere seme-alabak izan daitezkeen hirurak, uniforme militardunak pasaeran izan diren bitartean. Atzeko lerroan doan orangista batek argazkia atera die eta irribarre egin.

        — Kendu argazki-kamera sasikume horri! Kendu kamera! Non dago Polizia?

        Polizia han bertan da, baina beste kezka batzuk ditu. Auzotarrek ustekabean harrapatu dituzte poliziak eta hauek nahi baino gehiago hurbildu dira errepideko azken zatira. Botila jaurtiketak eraginkorragoak izan dira bigarren ahalegin honetan. Poliziak atzera bota ditu berehala, eta aurrez aurre daude orain Polizi lerroa eta katolikoena.

        — Lasai! Lasai! Utzi Polizia bakean! Protesta baketsua da hau! —Gerard Ricek, Ormeau Beheko liderrak, ez du istilurik nahi. Propaganda klase hori kalterako dela garbi dauka.

        Orangistak Shankillerako bidean dira jadanik, eta frustrazioa jabetu da. Poliziarekin tirabiran ibili ondoren, errepidera irten eta eserialdia egitea lortu dute. «Lotsa» irakurri dut emakume batek besoak gora erakusten duen pankartan. Poliziaren lerroa zeharkatu eta zubira hurreratu ere egin dira gero. Eta orangistak itzultzeko ordua heldu arte bertan gelditzea erabaki dute. Hamaikak dira, eta zazpiak arte ez dira itzuliko, baina aldeginez gero RUCek errepidea berriro hartuko duen beldur dira.

        — Hemen geldituko gara! Orangistak behin pasa dira, baina ez dira berriro pasako! —Poliziaren land-roverrera igota hitz egiten die bildutakoei Gerard Ricek, inguruan dituen euli mikrofonodunek tartea uzten diotenetan.

        — Land-roverretik jaisteko eskatzen dit Poliziak! Zer iruditzen zaizue? Land-rover hau nik ere ordaindu dut eta, beraz, erabili egingo dut!

        Barrez erantzun diote.

 

 

— Euskaldunak zarete, ezta? —beste nonbait ere kazetari artean ikusia dugun gaztea gerturatu zaigu, kamera zintzilik duela, gazteleraz hizketan.

        Rogelio da, Efe agentzia espainiarreko berriemailea. Zientzia politikoei buruzko masterra egiten ari da hemengo unibertsitatean, eta Eferentzat ezezik Espainiako beste zenbait eskualde-egunkarirentzat ere idazten du. Ormeau Road utzita, Edenderryko zelaira joatea proposatu digu:

        — Argazki ederrak ateratzeko aukera ona izango da han. Goazen, itzuliko gara gero. Egundoko txaloak entzun ditugu atzean, oraindik Ormeau Roadetik irten ez garela: hamburgesa eta saltxitxa otarteko saltzailea etorri da furgonetan, egun osoan Ormeauko zubia zaintzea erabaki duten ehundaka lagunen urdailek zerbait beharko dutelakoan. On egin!

        Oinez abiatu gara, urruti samar dagoela esan diguten arren. Uztailaren 12a da, urteko jairik handiena zubiaren alde batekoentzat, eta ez dago taxirik. Ez behintzat auzune protestanteetara sartuko denik. Edenderryko zelaietarako bidean, Lisburn auzune protestantean hasi gara agerraldi orangisten arrastoak ikusten: hamburgesa saltzaileak non-nahi, garagardo eta Coca-Cola latak bazterretan, bandera britaniar txikiak lurrean eta handiak balkoietan, aulki tolesgarri hutsak kale ertzean... martxak ikusle ugari izan dituen seinale. Baina Edenderry uste baino urrunago dago. Bi ordu egin ditugu oinez, eta oraindik beste ordubeteko bidea daukagula esan digute.

        — Bart gaueko suetan izan al zineten? —galdetu digu Rogeliok, atsedena hartzeko eserlekua aurkitu dugunean.

        — Ez ginen ausartu, James pisukideak eta beste zenbaitek ez irteteko esan ziguten, oso arriskutsua dela.

        — Ni bertako ezagun batzuekin ibili nintzen, eta batere arazorik ez. Baina inor ezagutzen ez baduzu, arriskutsua izan daiteke. Zoroaren moduan jartzen dira suaren inguruan.

        Shankillen ibili zen bart Rogelio, Shankillen bandera irlandarra ikusten den urteko egun bakarrean. Su ematen diote.

        — Bart Aita Santuaren panpina ere erre zuten, hiru koloretako banderarekin batera. Eta horren ondotik, eromena. Mozkorkeria bapo, suaren inguko festan. Halako batean, fraka laburrak besterik ez zeramatzan gazte bat suaren erdi-erdira erori zen, eta bertan planto geratu. Hogei segundu igaroko ziren bere lagunek atera zuten arte.

        — Etxeko ganbaratik ederki asko ikusten ziren su ikaragarriak Belfasteko bazter guztietan. Lastima! Shankillera joan behar genuen, Imanol, Jamesi kasurik egin barik.

        Edenderry ahaztu eta zerbait jatearen aldeko agertu naiz. Humberto ere etsitzekotan sumatu dut, baina Rogeliok, ezetz. Auto-stop egingo duela. Han dator autoa: irten da Rogelio errepide erdira, belaunak apur bat tolestuta eta bi besoak zabalik jarrita. Gidariak ez du gelditu beste erremediorik izan.

        — Kaixo, kazetari atzerritarrak gara eta Edenderryra joan beharra dugu. Hara al zoaz?

        — Bai, igo! —munta handiko zerbait egiten ari denaren aurpegia jarri zaio gidariari. Auto-stop egiteko modu berezia du, Rogelio honek. Ikasteko asko daukagu.

        Senpereko lakuaren inguruko parajeen traza hartu diet Edenderryko zelaiei. Herri Urrats, baina unionistena. Familiak seme-alabekin bazkari legea eginez, musika bandetako kideak atsedenean garagardo tragoak hartuz, gazte ugari balantzaka garagardo edo sagardo botila eskuan dutela, ilara luzeak hamburgesa postu mugikorretan... Rogeliok aurkitu ditu ezagunak han hemenka, eta elkarren arrastoa galdu dugu.

        Bandera britainiarrak bazter guztietan: lurrean zabal-zabal, kamisetatan, umeen aurpegietan margoturik, kapeletan. Baita Union jackaren koloreko pelukak ere. Ulsterkoa nonnahi ikusi dugu —frantziarra bezalakoa, baina lerroak etzanak—, «Errendiziorik ez», lelodunak gehienetan. Union Jack handia eta orangisten bandera laranja ikusi ditut urrutira. «Belfasteko orangistok EZETZ diogu» jartzen du letra handitan, ekitaldi politikoa egiten ari diren eszenatokiaren azpian.

        — Milimetro bat ere ez! —garrasika hitz egiten du hizlariak—. Ez gara milimetro bakar bat ere mugituko!

        Erreberendoa da hizlaria, eta erreberendoak dira taulara igota dauden guztiak. Nor baino nor sutsuago aritu dira txandakako hitzaldietan.

        — Gerry Adamsen mahai berean esertzeak goragalea ematen ziola esan zuen Majorrek! Orain berak ematen digu goragalea, bere ministroek Adams terroristari eskua ematen diotelarik. Guri ez diutute ziria sartuko, ez horixe! —batek.

        — Bi aukera dituzte gure herri hau, beti Erreginari leial izan zaion herri hau, Irlanda katolikoari saldu nahi diotenek: gauzak dauden bezala utzi edo gerra piztu! —hurrengoak.

        Bakearen eta adiskidetzearen aldeko hitz bakar bat ez dugu entzun artzain orangisten ahotik; eta dozena erdi bat pasa dira mikrofono aurretik. Jende artean ikusi dut Humberto eta hurbildu egin natzaio.

        — Bake prozesurako aportazio ederrak, apaiz hauenak.

        — Santa Kruz apaizak ere halatsu hitz egingo zien bere gerrilariei.

        Hitzaldiak bukatuta, eta musika banda onenei sariak emanda, otoitz egin eta «God Save The Queen» abestu dute denek, zutik, solemnitatez.

        — Errendiziorik ez! —azken oihuak.

        Ekitaldia amaitzearekin batera hasi dira zelaiak egundoko kolorea hartzen: Kanada, Eskozia, Zeelanda Berria eta Australiako orangistak etorri dira, baita Ghanako orangisten burua ere, eta hauen banderak, etxekoenak bezala, zutitzen hasi dira. Orangista elkarteak, bakoitzak aurrean musika banda duela, errenkadan jarri dira eta errenkadan hartu dute Belfasteko bidea.

        — Badaezpadako punishmentak emango ditu bonbojole horrek! —euskaraz ere ingelesezko hitzak esaten ohitu gara oharkabean. Zigorra esan nahi du punishment hitzak.

        — Beldurgarriak dira, bai, bonbojole hauek! Kaskamotza eta gizena da Humbertori kontuz ibiltzekoa iruditu zaiona. Tatuajez beterik dauzka besoak eta fundamentuz ematen dio bonboari, eskuin ezker, imintzio handiak eginez eta izerdi patsetan. UFF, Ulster Freedom Fighters, talde paramilitar lealista nagusiaren hizkiak musika-tresnan, elkartearen bereizgarria den estandartean bezala. Paramilitarrena dirudien uniformez jantzirik estandartea daramana eta aldameneko biak: kamuflajeko alkandora, bota militarrak, txapel beltza eta betaurreko beltzak. Salbuespena da, hala ere, paramilitar itxurako uniformeena. Jantzi militar klasikoagoak daramatzate beste bandetakoek.

        Bost atabalari, bonbojole batek eta dozena bat xirularik osatzen dute banda bakoitza. Musika militarra jotzen dute etengabe, eta musika honen erritmoan datoz ilaratan Orange elkarteetako kideak, gizonezkoak ia beti (emakumezkoentzat bereziak diren elkarteak badira, baina gizonezkoak baino ez dira onartzen ohikoetan). Berrogeita hamarren bat elkarte bildu dira Edenderryn.

        Eurekin itzuli gara hirigunera, argazkilari lanak, eta plantak, eginez. Ia hamar kilometro ibili gara musika militarraren doinuan eta, uneoro, jendez mukuru ikusi ditugu kale ertzak. Familia giroan asko, festa giroan gehienak, mozkor giroan batzuk, denak desfile orangistari txaloka, milaka lagun, banderatxo britainiarrak airean.

        — Eskerrak gure lagun errepublikazaleek hau sekula ikusi ere egin ez duten.

        — Hainbeste jende bere britainiartasuna hain harro erakusten ikusita, nola demontre lor daiteke hemen Irlanda Batua?

        — Ez daukate batere lanik, Fallseko gure lagunek!

        — Bobby Sandsen heriotzaren urteurrenean hemen bildutako jendearen ehuneko bata ere ez zen bildu. Eta Sandsena ospakizun handia da katolikoentzat.

 

 

Union Jack eta danbor-hotsez nekaturik, Ormeauko zubira jo dugu atzera, hamburgesa jaten utzitako lagunen bila. Polizia gutxi dago inguruetan, eta sei ordu lehenago utzi ditugun leku berean topatu ditugu. Lehen bostehunen bat baziren, milatik gora dira orain. Ez dirudi Poliziak protestanteei itzulerako bidea zabaltzeko asmorik duenik. Salomonen erabakia: joanekoan katolikoak izorratu, etorreran protestanteak.

        Gerard Ricek eman du berri ona, Poliziaren ibilgailuaren gainetik berriro: orangistak beste bidetik datoz eta, albo-albotik pasako diren arren, ez dute auzunea zeharkatuko. Poliziaren ibilgailuek ongi bereizi dituzte auzotarrak eta zubiaren ondoan hamar metrora baino ez dagoen pasabidea. Danbor eta xirula soinuak entzuten hasi garenean, zutik jarri eta kantari hasi dira katolikoak, abesti ezaguna txaloekin lagunduz: «We shall overcame, we shall overcame, some day...» (Irabaziko dugu, egunen batean).

        — Guk irabazi dugu! —oihu egin du Gerard Ricek adioan.

        — Gora Gerard! —erantzun du batek.

        — Gora!

        Leher eginda, ahotsa urratuta bukatu du egunotan liderrarena egitea egokitu zaion gazteak. Ez du berehalakoan ahaztuko uztailaren 12 hau. Bere zoritxarrerako, zubiaren bestaldekoek ere ez dute berehalakoan bere aurpegia ahaztuko. Aurrerantzean, gutxirentzat adina garrantzitsua izango da Gerardentzat suetenak irautea. Ez dauka taxi blindaturik.