Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Time for peace

 

Falls-en gaude, tregua garaian baina gerra giroan.

        Hiriburura heldu eta biharamunean hurbildu ginen Belfast Mendebaldera, Txalaparta argitaletxeak plazaratutako Gerry Adams-en Kalean liburuan behin eta berriro irakurritako Falls eta Shankill ezagutzera. Shankill auzune unionista dela eta Falls errepublikarra jakin barik ez da komeni Belfastera nolanahi etortzea. Elkarren ondoan daude biak, baina elkarri bizkarra ematen, politikoki eta militarki. Burdinazko eta adreiluzko hesiez banatutako bi auzune hauetan laburbiltzen da modurik bortitzenean Ipar Irlandako gatazka. Mugimendu erepublikarraren bihotzean izan ginen goizez eta mugimendu lealistarenean arratsaldez.

        Hirigunetik abiatuta Falls errepidean sartuz gero, eraikin luzanga batek erakarriko du zure atentzioa. Divis Flat da, Belfast Mendebaldeko arkitektura estiloa apurtzen duen etxeorratza. Katolikoak dira bertako bizilagun guztiak, baina Armada britainiarrak hartuta dauka terraza: kamera, antena eta mikrofonoz betea, bizilagunak zelatatzeko.

        Divis kaletik Shankill protestanterako bidea berehala egin dezakezu, Northhumber Land kaletik barrena. Erlojuko hiru minutu. Burdinazko ate erraldoi batek eta eliza batek ezartzen dute bien arteko muga.

        Divis Flat atzean utzi eta Fallsen gora jarraituta, segituan ohartuko zara auzune katolikoan zaudela. Ezkerreko horman Bobby Sands heroiaren hormirudi ikusgarria daukan etxean zintzilik dago Irlandako bandera berde-zuri-laranja. Sinn Fein alderdiaren egoitzetako bat da. Handik aurrera koloretsuagoak dira hormak, grafitiz eta muralez apainduak. Egunkarietan ikusitako sueten garaiko pintada ezagunenarekin topo egingo duzu Sinn Feinen egoitzatik ehun metrora: «25 years. Time for peace. Time to go» (25 urte. Bakerako garaia. Aldegiteko garaia). Koloretsuagoak bezala, zikinagoak ere sumatuko dituzu kaleak, ez baitago zakarrontzirik; IRAk soldadu britainiarren kontrako bonbak zakarrontzietan jarri izanaren ondorioz agian. Eta berdin, telefono kabinarik ere ez duzu aurkituko. Postetxera joan behar izaten da telefono publikotik deitzeko.

        Taxiak dira gehien ikusten direnak Fallsetik gora eta behera. Belfasteko mendebaldeko eta iparraldeko auzune katolikoetako biztanleen garraiobide erabiliena da taxi beltza. Hiriguneko Castle Court enparantzan daukate geltoki nagusia, Victoria etorbideak Castle kalearekin izkina egiten duen bidegurutze zabalean. Falls errepidearen eta hiriaren erdigunearen arteko lerroa markatzen du geltokiak. Taxi beltzak Fallsetik gora eramango zaitu erremediorik gabe, ez du beste biderik ezagutzen. Behin Whiterock eta Falls errepideen arteko bidegurutzera iritsiz gero, bi bide har ditzake taxiak: bide nagusiari segi Andersonstown auzune aldera edo Whiterockeko errepidea hartu Ballymurphy aldera. Shankill protestantearen bide paraleloa jarraitzen du Whiterockek, Andersonstownerako bide nagusia apurka urruntzen doan bitartean.

        Ballymurphy, langabeziak eta marginazioak gogotik astindua eta bi instalazio militarren mende bizi da, Armada britainiarraren gotorlekua goiko muturrean eta RUCen (Royal Ulster Constabulary, Ipar Irlandako Poliziaren) komisaria erraldoia behean. Eta koadroaren marko gisa, auzunea inguraturik daukan adreiluzko hesia, Berlingo harresia gogorarazten duen bi kilometroko hesia, Peaceline (bake-lerroa) eta Peacewall (bake-horma) izenez bataiatua, Falls inguruko Springfield eta Shankilleko Springmartin auzune gatazkatsuak bereizteko eraikia.

        Gerraren hormaren mutur batean zabalik dagoen atetzarra zeharkatuta, Springmartinen Union Jack bandera zuri-gorri-urdina begiztatuko duzu. Erakunde lealista —unionista 'ez demokratikoen'— eremuan zaude. UFF eta UVF talde paramilitar lealisten beso politikoak diren UDP eta PUP alderdiek bertan dauzkate beren bulego nagusiak. Langabezia, marginazioa eta droga arazoak hemen ere. Fallsen tankera hartuko diozu Shankilli. Ez du auzune aberats itxurarik. Baina ez dira zakarrontziak eta telefono kabinak falta.

        Hormirudietako bat: buru-estalki beltzez jantzitako bi soldadu unionistek, pistolak mehatxuan airera zuzendurik, Ulsterko bandera eusten dute: bi marra gorri oihal zuria gurutzatzen; banderaren leloa: «No surrender» (Ez dugu amore emango).

        Goitik behera egin genuen Belfast Mendebaldeko auzune protestanteen bizkarrezurra den errepideko ibilaldia, eta Northhumber Land kalera iritsi ginen atzera, handik barrera Fallsera itzultzeko. 25 urtez elkarren aurkako gerran bizi izan diren bi auzuneak bereizten dituen metalezko atetzarra zabalik dago orain. Treguan gaude.

 

 

Belfast hegoaldean egon gara Fallsera bizitzera etorri aurreko bi asteetan: Ormeau errepidean Imanol, Hego Irlandako hiru ikaslerekin; nerau, Humberto, Queen's Unibertsitate inguruko Stranmillis errepidean Jenny eta Iri-rekin.

        Ormeau etorbidean protestanteen kolore laranja (orangista) da jaun eta jabe, nahiz eta jaiotze-tasak katolikoen aldera jo duen azken urteotan. Ballynafeigh orange-etxearen parean bizi zen Imanol, eta «Good Save the Queen» kartela irakurri behar izaten zuen etxetik irteten zen bakoitzean.

        Stranmillis kalea, unibertsitate inguru osoa bezala, zonalde mistoa da, eta halakoa zen gure etxea ere; protestantea Jenny eta katolikoa Iri. Ipar Irlandan langabetu gehiago dago katolikoen artean protestanteen artean baino, baina herenegun arte nire etxea izan zenean bestelakoa zen proportzioa: katolikoen %100ak lana zeukan eta protestanteen %100 langabezian zegoen. Iri banketxe batean lanean hasi berria da eta Jennyk bi urte daramatza lanik aurkitu ezinik. Gizarte Segurantzak hamabostero ematen dizkion 80 librekin irauten du, telebista bat alokatu eta egun osoa zapping egiten. Tarteka Sheila etortzen zaio bisitan eta hamar garagardoko kutxa bana husten dute, eta asteburuetan vodka botila laranja uraz lagunduta. Ez dira tabernetara maiz joaten, garesti baita edatea.

        Behin bakarrik joan nintzen tabernetara Jenny eta Iriren adiskideekin, Europa Hotelaren aurrean dauden The Crown eta The Robinsons famatu eta antzinakoetara. Robinsons 1895ean zabaldu zuten, baina galdu du zahar itxura, IRAk lehergailuz kiskali zuenetik.

        — Jill, nola nabaritzen duzue nor den katolikoa eta nor protestantea?

        — Ez dugu nabari.

        — Hitz egiteko moduan ere ez?

        — Ez. Ezagutu berri duzun norbait katolikoa ala protestantea den jakiteko, izena galdetu behar diozu lehenik. Deitura irlandarra badauka, katolikoa ziur. Ingelesa badauka, ezin jakin. Hurrengo pausoa, bizkorrena, non bizi den galdetzea. Hirigunekoa ez bada behintzat, aise asmatuko duzu.

        Lavery's-en biltzen dira normalean unibertsitariak. Auzune protestante eta katolikoetako gerratik urrun bizi da Lavery's, baina IRAk suetena iragarri zuenetik Ipar Irlandako hilketa 'politiko' bakarra pub honetan gertatu zen. Droga saltzailea omen zena, IRAk sarritan mehatxatua, tiroz hil zuten bi ezezagunek. Talde armatu errepublikarraren ekintza izan zela esan zuen prentsa unionistak. Fallsen inork ez du txintik atera.

        Jennyk ere gatazka politikotik urruti ikusten du bere burua, suetenak betirako irautea da bere kezka politiko bakarra.

        — Alde ederrean bizi gara orain. Lehen, edozein denda edo tabenatara sartzeko miatu egiten zintuzten. Orain zoragarria da.

        Neska jatorra nuen Jenny, lagun ona. Nik etxea uzteko bezperan, lanpostua lortzeko bidean zegoela aipatzeak asko poztu ninduen.

        — Zertan lan egingo duzu?

        — RUCen egin dut eskabidea. Begira, frogarako hitzordua eman didate jadanik.

        «Miss Jenny Huston:

        »Royal Ulster Constabularyn sartzeko zure eskaera jaso dugula adieraztearekin batera, ondoko leku eta orduan Gaitasun Froga egitera ager zaitezen erregutzen dizugu.

        »RUC Gamerville, Gamerville Rd, Belfast. Asteazkena, 1995eko maiatzak 31, arratsaldeko ordu bietan.

        »Zure nortasuna frogatzeko agiriak ekarri, mesedez, gutun bonekin batera.

        »Besterik gabe,

        »A. Mark. inspektorea».

 

 

Ingelesezko eskolak ematen dizkigun Karen-ek gela bat alokatu dit Clondara kalean daukan etxean. Falls errepideak josten dituen ehundaka kaleetako bat da Clondara. Ez da kale sonatua, baina ingurua bai. Graham apustu etxea eta Rock taberna daude aurrean, Gerry Adamsen Kalean liburuko «Apustu segurua» kapituluan agertzen direnak.

        Donegall, Whiterock eta Falls errepideek bat egiten duten bidegurutze ospetsua bertan daukagu, paramilitar lealisten ohiko atentatu lekua. Fallsen gora edo behera joanda, auzune katolikoak baino ez dituzu aurkituko; Whiterocketik abiatuta, Springfield eta Ballymurphy aldera helduko zara, Gerry Adamsen jaiolekura, non langabezi tasa %70ekoa den; baina Donegall errepidetik behera joz gero, berehala iritsiko zara hiriguneko auzune protestanteetako batera: hamar minutu oinez eta bakarra autoz. Errepublikarren bidegurutze honetan sartzea erraza dute lealistek, atentatua burutu ondoren hanka egitea bezala.

        Falls-Donegall izkinako dendako egunkari saltzailea hil zuten tiroz 1991ko abuztuan. Urte bereko irailean garbitu zuten beste dendari bat Clondara kaletik gertu. Bidegurutzeko ileapaindegiko ugazaba handik bi urtera. Harakina ere tirokatu zuten 1993an, baina bizirik atera zen. Atentatu hauek guztiak egiteko autoak Donegall errepidetik hurbil aurkitu izan zituzten. Atxiloketarik ez.

        — Suetenaren aurretik hemen bertan eztanda egin zuen leihotik barrura jaurtitako lehergailuak —esaten ari zaigu Karen, Rock tabernan—. Lealisten granada bat.

        — Hildakorik?

        — Ez, mirakulua izan zen. Igande arratsaldea zen, baina leiho ondoko mahai honetan ez zegoen inor eserita. Gogoratzen, Kate, danbatekoak eman zigun ezustekoa? —Rock tabernatik berrogeita hamar metrora dago Karenen etxea.

        — Gogoratuko ez naiz ba? Telefonoz hizketan ari zinen, beti bezala —Kate sarritan izaten da Karenen etxean; Fallsen bizi da bera, baina kilometro pare bat beherago.

        Burdinazko atea dauka Rockek, Fallseko taberna guztiek bezala, eta kamera atarian. Tregua aurretik zarratuta edukitzen zuten atea, eta susmagarria zenari ireki ere ez. Orain, bultzada leun batekin zabaltzen ahal da, baina kamerak piztuta jarraitzen du.

        — Leihoetan ikusten dituzuen burdin-sareak atentatuaz geroztikakoak dira —guinnessari azken tragoa eman dio Katek.

        Barmana barra ixten hasia da. Etxeratzeko tenorea.