Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Europako hotel bonbardatuena

 

Opari batzuk erosteko asmotan joan gara Belfast erdigunera, eta bide batez Egunkaria-rako Martin McGuinnessen elkarrizketa faxeatzera. Europa Hotela nabarmentzen da edifizioen artean. Ziur aski hiriko eraikin garaiena: hogeita hamabost bat solairu ditu. Aurrea ispilu berdez egina, atariko atea birak ematen dituen horietakoa, hamaika masta beste horrenbeste banderez jantziak: Britainia Handikoa, Estatu Batuetakoa, Frantziakoa, Australiakoa, Espainiakoa, Japoniakoa... Kuriosoa: Irlandako hirukolorekoa falta da, gutxienez. Mila gelatik gora bide ditu Europako hotelik bonbardatuena izan den Europa Hotelak.

        Jon Mikel gasteiztarrarekin gogoratu naiz. Lau urte daramatza lanean Belfasten. Gaur egun postari dabil, baina aurretik Europa Hotelean jardun zuen, sukaldean. Euskal Herrian lan aproposik aurkitu ezinik, maletak egin eta bidaia txartelik merkeena hartuta abiatu zen Belfastera. Iaioa da hizkuntzekin, eta ingelesa segituan menderatu zuen. Gaelikoak tentatu zuen ondoren, eta harrezkero gaelikoduna da Jon Mikel. Alemanerarekin borrokan ari da orain.

        Euskalduna izaki, Jon Mikelek ez luke Belfasten arriskurik izan behar. Baina katolikoen auzune batean bizi eta lagun errepublikarrekin ibiltzen denez, nahikoa arrazoi bada unionisten betoa eta diskriminazioa jasateko. Izan ere, Europa Hotelean ez dituzte lanerako onartzen jatorri katolikoa daukatenak. Lanbide debekatua da, Falls auzuneko bizilagunentzat batez ere.

        Kontua da, hala eta guztiz Jon Mikelek sukaldari lantxoa lortu zuela Europa Hotelean. Eta lanean hasi eta gutxira hasi zela IRAko bonba mehatxuen berri izaten. Batzuetan mehatxuak baino ez, besteetan benetako lehergailuak. Giro errepublikarrean bizi denak, arinago edo beranduago, IRA inguruko jendea ezagutzen du, edo zuzenago esateko, haiek zu ezagutuko zaituzte.

        — Jon Mikel —abisatzen hasi zitzaizkion—, hobe izango huke gaur makal jartzea eta lanera ez joatea. Har ezak baja gaurkoz.

        Eta Jon Mikelek baja hartzen zuen lehergailu egunetan.