Ipar Irlanda - Letonia
Harritu egin nau futbol zelaiaren inguruan hain polizia gutxi eta hain giro lasaia ikusteak. Londresen Arsenalen partiduak ikustera joaten nintzenean bezala, poliziak zaldi gainean eta miaketa zorrotzak espero nituen Windsor Park-en atarian. Hemen ez da, nonbait, Erresumako hiriburuan bezala.
Sarreraren hogei librak ordaindu (salneurri bakarra) eta harmailetan egokitu zaidan lekura abiatu naiz, bakarrik. Humberto etxean geratu da azkenean, eta gure lagun irlandarrak ez dira Windsor Parkera etorri zale. Auzune protestanterik itxienetakoan dago Belfasteko futbol zelai nagusia. Fallseko Donegall Road-etik barrena, ordu laurdeneko ibilaldia nahikoa da Windsor auzunera heltzeko, baina bide hori sekula egin gabekoak izango dira alde bateko zein besteko gehienak.
Seiak laurden gutxitan sartu naiz barrura eta... arraioa! Zer demontre egiten du piperpote handiak FIFAko banderaren alboan? Belfasteko estadioko masta ofizialetako bandera nagusi eta bakarrak dira FIFAkoa eta gorri-horia, alajaina!
Sarreran libra batean erositako liburuska irakurtzen ari da aldamenekoa.
Barkatu jauna. Ba al dakizu zer dela-eta jarri duten Espainiako bandera?
Epailea espainiarra delako izango da bi taldeetako hamaikakoak irakurtzeari jarraitu dio.
Diaz Vega da epailea. Azalpenak balio dit, baina xelebrea da epaileagatik halako bandera jartzea eta aurrez aurre izango diren Ipar Irlandako eta Letoniako selekzioen banderarik ez agertzea. Banderak badira, hala ere, harmailetan. Ipar Irlandako dozena t'erdi bandera ofizial ikusi ditut (zuria, gurutze gorriduna; Ingalaterrakoaren berdina, ezkutua gora-behera), dozena bat bandera britainiar, eta dozena erdi zuri-berde (etxeko selekzioaren koloreak). Irlandako berde-zuri-laranja ez da inon ageri.
Futbol zale ia guztiek daramate bufanda. Union Jack-aren koloreetakoa (gorri-zuri-urdina) dute gehienek, eta zuri-berdea besteek. Atotxa zaharra baino txikiagoa da estadioa; hogei milatik behera izango gara partidua ikusten. Ingalaterran jokatuko den Eurokoparako sailkapen faseko norgehiagoka da: Letoniak ez du sailkatzeko aukerarik, eta Ipar Irlandak zaila du oso. Irabazi egin behar gaur, derrigorrez. Hego Irlandako selekzioak, talde berean, aurrea hartu zion sailkapenean Windsor Parkeko norgehiagokan 1-4 irabazi ondoren. Belfasteko katolikoen pozerako.
Ohartarazi ninduten giro unionista topatuko nuela hemen, eta bandera britainiarzaleak baino ez ikusteak ez nau harritu. Letoniako ereserkia zutik eta errespetuz entzun ostean Ipar Irlandako taldearenarekin hasi direnean, ordea, jo eta ma geratu naiz. God Save The Queen! Harmailak lepo daude, eta zale guztiak kantari ari dira, eztarria urratu beharrean. Lehen estrofa bukatu dute eta, bigarrena hasi aurreko tartean, oihu bat entzun da gure harmailan, denok entzuteko moduan:
Errendiziorik ez! unionisten gerra oihua.
Deiadarra errepikatu egin da estrofa tarte guztietan, eta ulertu ez ditudan slogan mordoska bat entzun ditut hainbat bazterretatik, ereserkia bukatu ahala. Txaloak gero, eta hasi da partidua.
Giroa ikustera etorri naiz futbolera, hoztasunez; baina Letoniazale amorratu bilakatu naiz bat-batean, bandera britainiarrek inguratuta naukatelako erreakzioz. Irabazteko esperantzarik gabe, galtzen ohituta baikaude Letoniaren jarraitzaileok. Bakarra izango naiz gainera estadio osoan. Lehenengo zatiaren bukaeran sartu dute gola unionistek.
Ian Dowie striker baldarrak egin du gola: errebote pare batean indarrez eraman du baloia, atezaina metro pare batera ikusi duenean oin puntaz jo du, eta aurpegi ondotik sartu zaio baloia atezain letoniarrari. Txalo egin dut, kiroltasunez.
Bigarren zatian, jarraitzaile unionisten maldizioen artean bi gol sartu ditugunean, eutsi egin diot pozari, eta disimuloan egin dut txalo. Alan McDonald atzelariaren huts izugarri bati esker sartu dugu lehenengoa, eta hegaleko aurrelariaren jokaldi politari esker heldu da bigarrena. 1-2 irabazi diegu. Errenditu egin behar izan dute, azkenean. Gustura jarriko dira Fallseko lagunak.
Etxeko bidea hartu dut norgehiagoka bukatuta. Tropelean abiatu dira hirigunerantz, tropelean hegoalderantz, eta nik bakarrik jo dut Falls aldera. Etxerako bostehun metro eskas falta direla, etxea zein urrun dudan erakutsi dit hormako grafiti ikusgarriak. Bi kaputxadun, metraileta bana eskuan, eta mezu zuzena: «Death to all Irish nationalist. Better to die on your feet than to live on your knees in a United Ireland» (Heriotza irlandar nazionalista guztiei. Hobe zutik hiltzea, Irlanda Batuan belauniko bizitzea baino). UFF, Ulsterko Askatasunaren Borrokalariak.
Humbertoren etxera joango naiz, selekzio unionistaren porrotaren berri ematera.
Telebistako albisteak entzuten ari dira Karen eta Humberto. Azaldu diet Windsorren ikusitakoa.
Ikustekoak izan dira Letoniaren golak, eta ikustekoak ikusle unionisten aurpegiak! Bigarrena izan da politena: hiru atzelari lurrean utzi ditu letoniarrak eta...
Donegalletik barrena etorri al zara? Oinez eta bakarrik? Kareni futbola bost.
Bide bakarra da, ezta?
Arazoak bilatzeko bide zuzenena bai behintzat. Zoro asko bizi da auzune horietan, eta horietako bat Fallsera zentozela ohartzea aski litzateke gorriak pasatzeko.
Ez da hainbestekoa izango. Zer egin behar nuen bestela? Hango taxiek ez ninduteketen hona ekarriko...
Hirigunera joan, jende artean, eta hirigunetik hona, taxi beltza hartuta.
Tira, tira... Edonor niregana etorrita ere, atzerritarra naizela berehala ohartu eta bakean utziko ninduketen.
Nahi duzuna egin, baina etorri berria zara eta hobe zenuke hemengo jendeak esaten dizunari jaramon pixkat egitea.
Haserre puntua sumatu diet Karenen hitzei. Nago arriskua benetan dena baino handixeagoa egiten dutela, baina ez diot esan.
Begira hau.
Belfast Telegraphe zahar bateko azala erakutsi digu. El Diario Vasco irakurtzen ari naizela iruditzen zait arratsaldeko periodiko hau eskuetan hartzen dudan bakoitzean. «IRA bombs links basques» dio titular handitan (IRAko bonbek lotura daukate euskal herritarrekin), eta Askapenakoa dela uste dudan neska ageri da argazkian, preso errepublikarrei elkartasuna adierazteko prentsaurrekoa ematen.
Joan den abuztuan argitaratu zuten hau, eta beldurrak airean ibili ziren euskal ordezkariak. Lealistek badakite euskaldun izateak zer esan nahi duen.
Espainiarra naizela esan eta kito.
Fallsera datorren espainiarra euskalduna da eurentzat.