ZAPATUA DA GAUR
larregizko pisua dute ziegetako ateek,
horregatik zarratzen dira
hain astiro eta hain baldar
Bisita eguna da gaur.
Eta horrelakoetan
inoiz baino burdinago
izaten dira ateak,
beti sekulako zarratuta egoteko
hautua egina balute bezala.
Ziegako litera gainean agonduta,
hona ekarriko zaituen
furgonetan imajinatu zaitut.
eta leihoetako ganduan
zure begiak bilatu ditudanean
hantxe aurkitu ditut
nire beldurrak eta ametsak,
hantxe aurkitu zaitut
zeu ere, honanzko bidean,
irribarre behartua
maitasun keinu bihurtzeko
gai izango ote zaren
zeure buruari galdez
Erabakita zatoz
furgonetako kristaletan
lozorroan geratu diren
euri tantak biltzea dela hoberena,
zure begietatik barruragoko
bihotzaren putzuan gorderik
igeri egin dezagun luzaroan.
eta hitzen ordez
bidaian bildutako
tanta horiek
egingo digute kantu
Bisita eguna da gaur.
Eta horrelakoetan
inoiz baino biziago
egoten naiz, urduriago.
Hoztuta neguan,
udagoieneko
orbelarekin ametsetan;
egosita udan,
udaleheneko
euri tantak zenbatzen.
Ziegako litera gainean agonduta,
errepidean imajinatu zaitut,
txingor-euritan, haize erauntsietan,
ametsen gerizpean elkar topan:
zu nire bila eta ni zure zain.
Eskutik helduta akaso gaur
itsasoa ikustera eroango nauzulakoan.
eta biluzik sartuko gara uretan
elkarren zauriak osatzera
Bisita eguna da gaur.
Eta horrelakoetan
inoiz baino burdinago
izango dira agurrak ere,
larregizko pisua dutelako
ziegetako ateek bezainbat.
Itxi ditzadan begiak, hortaz,
zuk honanzko bidean
bilduko duzun euripera
murgil egingo dugun esperoan.
Zelatariak ateak
zabaldu ditu eta
banoa zure bila,
hain urduri eta hain bizi
izurde gazte bat bezala.
eta biluzik igeri egingo dugulakoan
lepotik zintzilik daroat toalla
Bisita eguna da gaur.
Hortxe zaude zu, zutik,
telefonoa eskuan eta
udagoiena soinean.
Hementxe nago ni, isilik,
udaleheneko zure begien
zazpi itsasoetatik edan guran.
Kristal blindatuaren kontra
elkartu dira gu bion eskuak
eta olatu zipriztinek laztandu dituzte
gure irribarreak eta lotsak.
ilargiaren alde ezkutuan
beti sekulako gordeko ditut
zure euriak eta laztanak