SORGIN-BELARRA
Ikasi dugu
negar malkoetan belar usainaz loak hartzen,
kresalaren zipriztinetan begien oroitzak sikatzen,
eta egur erorian hostoak margotzen
haizetik haizera, enborretik enborrera.
Udazkeneko sorgin-belarra da gure herria,
haize ufada bakoitzak haziak deserriratu dituena.
Haiek ere badakite
sorgin-belar batek
hamaika hosto dituela,
eta bi sorgin-belarrek
hogei eta bi amets,
eta hogeita bi sorgin-belarrek
milaka aukera...
Haizeek ere badakite
milaka sorgin-belar behar direla
egur erorian hostoak margotzeko