UDAZKEN BERBAK
Ia inork ez ditu irakurtzen oin-oharrak.
Udazken berbak dira gure bakardadeak.
Urrun entzuten nauzu, nire ahotsak ez zaitu ukitzen.
Gutunen letra txikira behartu gaituzte.
Badakit nahiago dituzula letra borobil handiak,
haietan arinago antzematen dira-eta sekretuak;
baina letra txikira kondenatu gaituzte, isil-gordean.
Oin-orriotako bakardadean eraiki dugu
geure errepublika, arnasa geldoan.
Armiarma hari mehe batek ozta-ozta
zintzilik eusten die nire begiei, zuganako bidean*
*Egon lasai, maitea.
Joan dira afaltzera zelatariak.
Ez ditu kukuak berriz deituko
lerro hauek zure begietan lo hartu arte.