IRRATIAN
Irratia piztu dut
gauero bezala.
Brasilgo agintariak
Antonio de Carli apaizaren
bila dabiltzala entzun dut.
Elkarrizketak egin dizkiete
hura ezagutzen zutenei.
Marinelaren maitasunaren
modukoa zen
esan du batek,
musu eman eta
joan egiten den horietakoa.
Gure arteko
maitasunaren antzekoa.
Gogoratzen?
Azken olatua:
orkatilak laztandu eta berriro
itsasora bueltatzen dena.
Orain beste ahots batek
xuxurla egin du irratian:
Maitemindu egin zen
koruko neska
kantuan entzun zuenean.
Gaitz txar batek
koruko neska eroan zuenetik
de Carli apaizak
gauza arraroak egiten zituela
kontatu dute eliztarrek:
Herriko gozoki dendan
puxika mordoa erosi zuen,
batez ere handiak zirenak
eta kolore biziak zituztenak...
"Eta mila puxika puztutakoan"
esaten omen zuen de Carli apaizak,
"otzara handi bati lotu,
hantxe barruan sartu eta
koruko neskaren bila
joango naiz ilargira;
lurrean hildakoak
hantxe egoten direlako, ilargian,
zeruko atea noiz zabalduko zain"...
Irratia itzali eta
gora begiratu dut.
Ilargira.
Baina ziegetan
ez dago ilargirik,
puxikak koloretakoak bilatu ditut,
baina ziegetan
ez dago puxikentzako kolorerik.
Eta zeruko atea zabaldu ordez
zelatariaren ahotsa entzun dut
Recuento! dei egiten.