Hodeiak zapatetan
Hodeiak zapatetan
2014, poesia
80 orrialde
978-84-92468-56-0
azala: Gari Berasaluze
Mikel Etxaburu
1969, Ondarroa
 
 

 

MEZU SEKRETUA

 

Atzapar puntarekin

mezu sekretua

idatzi dut karezko paretan,

haizeek eroan dezaten

zu zauden lekura letraz letra.

 

Harainoko bidean ordea

ahuldu egiten dira haizeak

eta heltzen zaizkizunerako

indarge putz egiten dute

neguko eguzki apalak bezala.

 

Horregatik idatziko dut mezu sekretua

irinezko letrekin, ondoren,

Gino Bartaliren bizikleta-koadroan gordetzeko

zuretzako udazkenak eta sagar eroriak.

 

Haizezko pedalei eraginez oharkabean

igaroko ditut Toscanako eta Umbriako

bide klandestinoak, erraz pasatuko ditut

sekretu bila dabiltzan zelatarien kontrolak.

 

Eta ez ahaztu sekulan

haizeak zuregana bare iritsiko diren arren

Gino Bartaliren bizikleta-koadroan doazkizula

nire muxuen ezpainak,

mezu sekretuak.