Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

ARGI ILUNEN TARTE HONETAN

 

argi ilunen tarte honetan

ametsak lotzen diren hari finean

bizitza deritzogun jainkoen kanika jolasetan

belatzak zeruak zeharkatzen dituenean

sagu ikaratuen begiz so egiten diegun bazterretan

        geure buruak kausitzen abiatzen gara

        ispilu hautsien labirintoetan barrena

        Aliceri eskutik hartuta

korrika alde egiten dugu estropezuen bidezidorretan

gogoaren kriseiluak erdi itzalita ageri direnean

hego haizeak zelaietako belarra orrazten diharduenean

 

                * * *

 

utopiaren parajeak odolaren hesteetan

        aurkitu nahian ari da poeta

ardo mikatzetan izkiriaturiko

paperak bailiran bere begiak

non ludiaren eleak abesten dituzten erroiek

        ilargi beteko gauetan

 

        isil-isilik daude

itsas labarretako olatuak eta mendietako haranak

nonbait gizonak bere jitea marraz dezakeelakoan

        zaldi izutuen intzirietan

 

suaren printzez egunsentiak zizelatu zirelako ustean

kandela argien dantzan isiotzen direnean paradisuak

        nekeza da gizonaren pausoa

artega barrena antzaldatzen dion hatsa bailitzan

ninien beltzean jagole bezala gelditzen den piztia

 

herensugeari begiz begi so egin zion hartan lez

        tristeziaz gordetzen ditu igarotako egunak

        eguzkiari maitasun kantuak eskainiz

zeru-lurretako biztanleak

elkarren amorruz eta ezin ikusiz

esnatuko ez diren esperantza pittin batekin

 

                * * *

 

izara arteko batailetara mugatuz

        gizasemeen borroka latzenak

larruaren fereketan isiotuz

        izan ditzaketen asmoak

beraien gogoan mahatsaren zukuak izanik

        lurra bustiko duten kolore bakanak

hilkutxen beharrizanik izan ez dezan munduak

        ezta sikiera bere patriketan ere

        gordeko gaituzten iluntze horietan

maite minetan hiltzen direnen antzera

        lur emango digute