EZ AL DUZU ADITZEN
HAIZEA ADAXKAK ASTINTZEN?
Bataila osteko hondamendiak
bertsio ofizialekin borrokan.
Utopia lurperatu zuteneko lekuak
gure oroimenaren estratan galduak.
Ihintza zure begietan
nireak zirenean zureetan islatu, esan nizun:
«Geralekurik gabeko bidaia amaiezinean
ez dugu kausitzen haurren ametsik, Vladimir,
gutxienez etorkizuna hobea izango dela sinesteko».
Mendebala zer ote zen galdetu zenidan
lubakirik gabe bizitzeaz pentsatuz.
«Ez dago oihartzuna estaliko duen irrintzirik»
erantzuten besterik ez nuen jakin.
Ez al duzu aditzen haizea adaxkak astintzen?
Gaua dator gurera. Leiho ertzetik
sumatzen dira bere pauso leunak.
Izkina eta zirrikitu guztiak ixteko
xuxurlatu digu eguzkiak partitu aurretik.
Bihotz gabeen gobernuak isiltasunaren desterrura
kondenatu zituen arima hautsiak,
bere horretan jarrai dezan gezurraren lege zitalak.
Jada ez dugu hitzetan sinesten,
ezta sikiera ere malkoz eta odolez
izkiriaturiko juramentuzkoetan.
Ahots gabeentzat ez da izango hileta elizkizunik.
Argizarizko otoitzik. Usain arraroko egunik.
Sukaldeko egutegitik eskegitako doluminik.
Periodikoetako argazki horiztaturik. Lerro arterik.
Azken hatsak ene ezpainak musukatu behar dituenean,
oi! Vladimir, zu zaitut gogoan.
Sosegatuegiak dira ene dardarak zutaz oroitzean,
heriotzaren marmarra aditzean.
Norbaitek zarratu ditzala leihoak,
hotzitzen hasi baita ene barrena.
Itzalak dabiltza hemendik dantzan,
oroimenaren alabak. aieneak xuxurlatzen belarrira.
Hemen daude.
Heldu dira azkenean boteretsuen tanketak.
Heldu dira uniformatuak gau beltzean.
Ailegatu da momentua, gu akabatzeko ordua.
Beldurra hurbildu da testigantza lanetan.
Ailegatu da partitzeko tenorea.
Heriotzaren urratsak korridorean barrena,
hitzordura berant datorren maitalearen gisa.
Pauso hotsak eskaileretan gora.
Laster hasiko dira ate joka.
Lerro bakan hauek norbaitek aurkituko balitu
jakin ditzala hemen gertatuak,
bizitza deritzoten estrata zikin honetan
zoritxarreko bizidunek pairatuak.
Ubeldura kolorekoa egin zaigun errealitatean
gure gorpuak beilatzean, arren, ez negarrik egin
maitasunez bizi izan ginenon alde.
Ez bedi tristatu udaberria presente ez gaudenean.
Elkar ikusiko dugu berriro denboraren harian.
SALMINA POLAVITX