Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

ULRIKE MAITEA,

EZ LOTU LURREKO

BIZI HONETARA

 

 

                                Frankfurt, ekainak 1

 

Euria ari du

mugaz bestaldean,

gure bihotzetako

hilerri horretan.

 

Norbait gomutatuko da

Andromedako bidaztiez

ispiluetan hauen hutsuneak

faltan sentitzean,

ezer esan gabe,

amatatu egiten diren

kandela argien antzera.

 

Mamuek

izen-abizenak omen dituzte,

laztana.

 

Minutu bateko loria izan genuen

eta bat-batean akabatu gintuzten

mingain ustelen azpian.

 

Mundua mundu denetik

arrakalez josita da beti ageri.

 

Gainontzeko idiota guztiak lez

etsai ginen bihurtu azkenerako.

 

Denak bildu ziren

gure kontra ekiteko.

Mitxeletak, labezomorroak,

disidenteak eta enparauak,

denak juntatu ziren

gure buruez beste egiteko.

 

Heriotz bizitan

erditutako martiriak gara.

Ez esan heriotzari

ikusi gaituzula.

Ez egiatan sinetsi

sinesgarriak direnak.

Ez zure barrenerako gorde

arima mikazten dizuna.

Ez lotu lurreko bizi honetara.

 

Utopia hil digute

labezomorroek eraikitako paretek.

Itxaropena asasinatu digute

isiltasunaren maindireek.

Euripe desolatuetako kabinak,

trenbide ezezagunetako

maitale abandonatuak,

denak batera lurperatu dituzte

deitura gabeko hilerrietan,

marmolezko zapata kaxetan.

 

Heriotzaren otordurako

seinalea eman digute kanpaiek,

eskaileretatik behera

bilin-balaunka jausitako arrosarioek,

argizariz jantzitako egunek

gure mixeria aldarrikatzean,

gure omenezko liturgia hauetan

juntatu garenean.

 

Ametsik gabe bizi nahi nuke,

sentitu barik

errealitatearen sarrailak lehertu beharra.

Eta sekula itzartzen ez diren

sugarretako errautsak legez

hil.

 

«Horrela jarraituz gero, akaso

hilak itzartuko dira bizira»

leitzen genuen

indiferentzi aurpegiz

begiratzen ziguten hormetan.

 

«Insurrekzioaren tenorea

islatzen da zure begietan»

xuxurlatzen zenidan.

 

Eskusatu nazazue

ez banaiz azaltzen.

Ohiko zenbakiei itaundu

nire berri.

 

Berant ailegatu ginen

amets hautsien eremura,

sekula gomutatzen ez garen

paraje horietara.

 

«Ez ezazu negar egin

iretargiarengatik»,

ez baititu aintzat hartzen

zure alferrikako malkoak.

 

Heriotza asasinatu dugu

guk ernegatuok,

domu-santuko bezperagetuok,

larrituta bizi garenok.

 

Marasma sareek ehundutako

miserietan kulunkatzen ziren

beraien patuak,

gezurrak nolanahi adabatutako

jostura lehertuak.

 

Istant minberatu batean desagertu ziren

aire bolada honi dagozkion orbelak.

 

Berekoikeriak erailda,

oroitzapenik ez den lekuetan

lurperatu behar izan genituen,

gure barrunbeetako

basamortu hotzenetan.

 

Proustek esango lukeen bezala,

«Badakit dena izkiriatua dagoela

baina errepikatzea komeni da».

 

...Caveant consules!

 

Ez baitago heriotzarik

gu gatibatzeko,

Ulrike maitea,

ez lotu lurreko bizi honetara,

denbora ez baita

gure begietatik eskegi sekula.

 

                                        ANDREAS