ULUKA
Leihoetako zirrikituetan
ez dira ametsak kabitzen.
Haize latzak uneoro
errealitatearen ateak astintzen.
Zakurrak uluka aditu zirenean
ihes egin zuten ilusioek.
Atzera begiratu zuten une batez eta
aurreranzko ihesean segitu berriro.
Eroritako zapien bila genbiltzan gu.
Galdutako lagunen bila
nahasi genituen bazter guztiak
nahiz eta esku hutsik bueltatu.
Tatuaia bat gehiago gure baitan,
uhertutako anpuluen ekipaian,
hotzikara eskergabea ezpainetan.
Sekula ailegatuko ez den mezua
bakardadearen korridorean.
Konplizitate diosal bat ere ez
begiraden arnasestuan,
zakurrek usna ez zitzaten
intimitatearen kontuak.
Polizi furgoien artetik
gurutzatu ziren gure sekretuak.
Mota guztietako uniformatuak
inguruan dabiltzanean
ezin ezer esan elkarri,
tren estazioko bozgorailutik
entzungo ez dutenik.
Beti izango da norbait aldamenean
zelatan gure arimen berri izan nahian,
haizearen kontra jarri arren
ezin disimulatuz darien zakur kiratsa.