LILLOT ERREGINA
«Gezurrak emendaturiko artistak,
sentimenduen maiseatzaile miserableak!
Lillot erregina eta bere hamaika maitaleak
amodiotan ari ziren gau amaigabean».
Tristeziaz beterik xuxurlatzen zituen
Karim Bensaidek kolore lizuneko hitzak
Paris-Lyon joan-etorria etengabean
egiten duen bagoi gorrixka batean.
«Dokumentu gabe ibiltzen zen karrikan
batere beldurrik gabe, gauak hirian
farola nagiak piztu bitartean».
Autobus txofer eta periferiako taxistek
aspalditik ezagutzen zuten Lillot erregina,
Lyongo dentista baten alaba.
Baina haren paperak inork ez zituen
zehazki inoiz ezagutu,
gerra osteko ahanzturak irentsi zituen
Marseillako polizia-etxean
enbaxada atzerritar bateko
agregatuarekin harrapatu zutenean.
Harrezkero ez da inon ageri Lillot erregina.
Batzuek uste dute oraino Marseillan bizi dela
baina aspaldian inork ez du haren berririk.
Azkenengoz Alexandrian ikusi zutela diote,
zurrumurruak besterik ez dira.
Hauxe da oroitzen dugun bakarra:
«Lillot erregina eta bere hamaika maitaleak
amodiotan ari ziren gau amaigabean»
ordularietan oinazea lokartu zen arte.