MAMUEK BAKEAN UTZ GAITZATEN
Maracaiboko portu ondoan
mozkortu ginen tekila merkez,
urdanga eta marinel zaharren kontuak entzuten,
tabernatik atera gintuzten arte.
Armada atzerritarren banderak baikinen
kolpatu gintuen lurraren kontra
trapu panamarra zeraman ontziko eskifaiak.
Periodiko saltzaileak urrutiko parajeetan
gertatzen ziren bonbardaketen, gerrateen eta
kalamitateen berri bakarrik ematen zuen
errenta ez ordaintzearren auzokideak
kalera bota zituzten ditxosozko egunean.
Karrikan behera dagoen ile-apaindegiko
iragarkien aurrean geratuta zeuden mutikoak,
adi-adi pelikuletako damei joranez begira,
poltsikoetan eskuak igurzten zituzten bitartean.
Eta gure amuma agiraka zebilen beti,
autotzar hura erosi genuenean lez.
Oraindik gauerdian whiskiz horditu
eta pilulak hartzen ditugu
barrenak lasaitu asmoz,
haiek guztiak ahazteko,
bizitza deritzogun estrata honetan
mamuek bakean utz gaitzaten,
34. autobusean gauero etxeratzean
lo geratzen den ene bihotzeko
neskato laztanaren antzera...
hiriko etxe-sailetan ezkutatzen diren
piztiekin amets gaiztorik ez izateko.