Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

SEINALEA

 

Seinale baten zain

eman genituen urteak,

        eta azkenean gertatu zenean

        inor ez zen enkontrura azaldu.

Alferrikako gutunen antzera igarotzen ziren

tranbiak, gorbatadun putreak eta bestelako piztiak,

        alboetara begiratzen ez dutenen gisa

        paseatzen ziren gure aurrean.

 

Enkontrurako geratutako izkinan,

inor ageri ez zen eremu hondatuan,

        lagunak denboraren arrakaletan

        barrena jausi ez ote diren pentsatuz,

        ahaztutako oroitzapenen zokondoan

        maite ditugunen izenak bilatuz

erlojuetako orratzak patriketan

nola ugertzen diren ikustera jesarri nintzen,

        alderdi guztietara begira

        geure buruak nondik azalduko ziren zain.