Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

STEINERREK ZUTAZ GALDETU DIGU

 

Steinerrek zutaz galdetu digu,

eskumuinak emateko Malinowskiri.

Zuhamuxka beilegien magalean

itxarongo zaituela,

        eta eskutitz ikusezinak

        lanbroarekin izkiriatzearen

        premia aipatuz alde egin du.

 

Altxaliliak, ametsak eta

bestelako atarramentuak

begiratu batekin denak batera

hodeietan marraztu dituenean,

        ostadarraren kuleroak eskegitzera

        iretargia azaltzen denean

        berarekin akordatzeko.

 

Bide ertzetan arnasa galduta gabiltzanean,

mugazainen kasernek ortzimuga

behin eta berriro pikatzen dutenean,

«izan ginena inoiz ez ahazteko»

        xuxurlatu du irribarretsu,

        eguzki amandrea erditzen den

        lurraldeetarantz partitu baino lehen.

 

Gure begiradetako bazter lorrindu hauetan

bere hutsunea betirako iltzatua utzi digu.

        Altxaliliak, ametsak eta

        bestelako atarramentuak,

begiratu bakan batekin denak batera

hodei artean marraztu dituenean.

 

Eternalak bihurtzen diren segundo purtzilak

erlojuetan kabitu ezinik dabiltzanean

        zuhamuxka beilegien magalean

        itxarongo zaituela,

kurloiak beti bezala gaubeiletan

intzirika iratzarritakoan.

 

Steinerrek zutaz galdetu digu,

ohiko bere diskrezio ikusezinarekin

        zutaz galdetu digu.