DENBORA IRRISTATZEN DEN LEKUETAN
Aipatu ditugu, laztana,
jainkoak eta haien presentzia,
gutunen erromantikotasuna eta
kartazalen barnean
senti dezaketen klaustrofobia,
amodioaren lotsa eta deribatuak,
ispiluak eta hauen bestaldeak,
amilondoa eta bere ertzak,
gaua eta bertako eguzki guztiak,
gizakia eta dagozkion hutsuneak
osotasunez jantziak.
Aipatu ditugu
zure ezpainak eta haien isilune bustiak
ene ametsetatik eskegiak,
izakia eta sentitzen duen bakardadea,
gure arima eta bertan goldaturiko
zimur, desertu eta paradisuak.
Hitz egin dugu, laztana,
denbora irristatzen den lekuetan
elkarri ezer esan gabe askotan.
Hitz egin dugu
izara artean
elkarren gertu izatekotan.