ITZALAK
Telefonoa gorrotatzen zenuen,
kartazalekin gaizki konpondu.
Ez zinen sekula azaltzen
aurrez erabakitako enkontruetara.
Gutxien espero diren desorduetan
jotzen zenuen gela ezkutuko atea.
Inork ezin zuen ezer esan ispiluez
zu presente egonez gero.
Zure keinu arraroengatik
norbaitek zerbait galdetzean,
kandela argiek marraztutako itzalak
zure atzetik zebiltzala esaten zenuen.
Sarrailetako giltzak zenbatzen,
leiho ertzetatik barrandan,
eskaileretako bonbillak amatatu ahala
propaganda bila ibiltzen zinen buzoietan.
Etxeko ilunpe zarratuan
zirritutik begira geratzen zinen
katuak ere lokartzen zirenean.
Beti erne, mamuak noiz agertuko zain.
Nork sinetsi behar zuen arrazoi zenuela,
kandela argiek marraztutako itzalak
zure atzetik zebiltzala esaten zenuenean.