LANGILEAK
Pattarrak goldaturiko zintzurren antzera
eskuak garraztuak dituzten obra gizonek
ez diete gehiegizko arretarik jartzen
eguzkiak zenbatzen dituen urtaro aldaketei,
udazkeneko hosto eroriek grabitatearen
legearekin izan dituzten harremanei buruz
txindurri beltzaranak esan ditzakeenez beste.
Beren atzera-aurreretan zentratzen dira,
erlojuetako hortzak eta orratzak bailiran
errotazio eta zirkularitate etengabeetan,
diruaren joan-etorri eta beharrizanak aparte
bizitzan bestelako funtzio eta utilitaterik
ez balu bezala haien existentzialitateak,
berauen aurpegien zimurretan leitu ahalko
balira bezala jardun filosofiko sakonenak
ispilu aurrean lanera orduko bizarra egitean.