HAURRAREN KEZKAK
Parkeetako irudiak negarrez ari dira
amoranteek jada bisitatzen ez dituztelako
Liliekin amesten zuen mutikoa tristurak akabatu du
sikateak nonbait ilusioak apurtu zizkion
Enarak ere ez dira pausatzen etxeko atarian
atzerrira joan omen dira bizi hobe baten bila
Amak ez ditu otartekoak egunkari orriz biltzen
aitaren lantegia zarratu zutenetik
Aittittak lez koloretako itxaropena jaten dugu
pilulak onak direla esan duelako osagileak
Eta ikastolako maistrak agindu du biharko denok
eraman behar dugula Afrikako mapa
baina guk etxean telebistarik ez dugunez eta
niri kalera bakarrik irteten uzten ez didatenez
ez dakit non dagoen Afrikak galdutako mapa
Eta orduan amumak lasaitu nau esanez
Santa Barbararen estanpak balioko duela