OTSAIL GOIZEKO EGUZKI
Izpi doratuak eta
kafe kikarako esne iztilen antzeko
behelainoa mendi magaletan
kotoi itxuraz etzana.
Lupetz bustia eta
elur urtuak orrazturiko zelaiak,
paparra harrotzen duten txoriak,
txikiak, nanoak, ia ikusezinak.
Eskolara artega doazen
haur gosaldu berriak eta
presaz eskutik daramatzaten
gurasoak eta aitona-amonak.
Haize hezea, umela,
sudurretik sartuz
eta barrena jelatuz
arima antzaldatzen duena.
Airean emeki-emeki
ia beldurrez hedatzen den hatsa,
lantegi urrinetako tximinietatik
kaleratzen den kea bailitzan.
Inurriak diruditen langileak
haur jolasetan legez
buztinezko etxetxoak altxatzen,
beste kakanarru batzuk
gordetzeko barrenean.
Hotza, itzelezko hotza,
oin azpietako odola
atxikitzen duena
lurrera, mundura,
jainkoaren patrika hauetara.
Kristalak lausotzen dituen
maitasuna dela esango nizuke
zure ezpainak gertu banitu,
bertan bihotzaren sutondoak
isiotzeko sikiera.
Nahiz eta hodei bakan horiek
zure izena xuxurlatzen didaten,
haizeak astintzen ditu
ene begiak eta bilin-balaunka
jausten zaizkidan malkoak.