Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

DISTANTZIATIK

 

Distantziatik astintzen diren paineluak,

airera jaurtikitako muxuak eta bestelakoak

kolkoko poltsikoetan gordetzen ditugunean,

postariek gure karriken izenik ez dakitenez

ez dira ahate saldoak gure leihoetan pausatzen.

 

        Kiribildu ezinik dabil

        tximinietako ke urdina

        neskatoaren begietan.

 

        Laku gaziek

        ez diote lekurik uzten,

        arnasa ematen.

 

Ortzimugarako bidaiotan ez dugu lagunik kausitzen,

ezta ihintzez jantzitako lorerik egunsentira bitarte.

Ilargia lokartu egin zen eta eguzkiari nonbait

ahantzi egin zitzaion oroitzapenak izaten,

egunak pintatzen. Harrezkero euria ari du

katuak amodiotan zebiltzan ilunabar hartan bezalaxe.

 

        Jendeak ez du

        gure maitasunaren berririk,

        ezta beharrizanik...

 

        Azken horiek gu girade.

        Behintzat hori diote periodikoek.