MUTU DIRAUTE
Mutu diraute telefonoek
maitaleen gau ilunean.
Urtu egin dira izebergak
tximinoak munduaz jabetzean.
Pailazo aurpegiak lurrera erori arren
mutu diraute lekukoek
arrain begiz harriturik.
Esku gabeko figura grekoekin
solasean dihardute amets mutanteek
oxigeno faltaren zorabioaz eztabaidan.
Minotauro bisaiaz, akiturik,
ilusioak birrindu zaizkio Sokratesi.
Zotinka eta marmarka sumatzen zaio:
«Maitaleen ezpainak pozoitu dituzte
amodioa akabatu nahian».
—Ez al dituzu haurren irrietan
sagarrondo zuriak ikusten?
—Asfaltatu egin berri dituzte
sentimenaren bide galduak.
—Oraintxe entzun dut irratian
kontrolak ezarri dituztela bidegurutzeetan.
Eta zu ikusten zaitudanean
barrenak eztanda egiten dit,
mutu gelditzen naiz
zenbat maite zaitudan
adierazi ezinik, lotsaturik,
disimulatu nahian,
lurrean zerbaiten bila dabiltzan
haurren papera antzezten.