Tatuaia bat ene begietan
Tatuaia bat ene begietan
2008, poesia
88 orrialde
978-84-92468-03-4
azala: Rafal Olbinski
Txili Lauzirika
1975, Lekeitio
 
 

 

EURIAK BUSTITAKO ILUNABARREN ANTZERA

 

Intziri bakan baten alde

eman nahi nuen bizitza

nahiz eta ene deiadarra

inork aditu nahi ez zuen.

 

Hauts arteko parabolen baitan

usteltzera kondenatu ninduten.

Bata zuridunen labirintoan barrena

noraezean ibili nintzen

hamaika mendetan zehar,

maratilarik gabeko ateak kolpatzen

munduaren azken mugetara

ailegatzen ziren pasilloetan galduta.

Ibiltzearen poderioz

ttipitu egin ziren ene oinak

euriak bustitako ilunabarren antzera,

faroletako argi laranjak bakarrik

hurbilduz lekuko lanetan aritzera.

 

Deserriko gutunekin

egunek sartalderantz

partitu beharra izan zuten,

argazki horituetako irribarreak

gure begiradetan odolusten

ageri ziren bitartean.

Ezer esan gabe alde egin zuten

maiteen genituenekin,

distantziaren berezko

behelainotan desagertu ziren,

istant minbera batean,

gure bihotzeko arnasa guztiak.

 

Hala ere noizean behin

telefono seinaleak entzuten ditugu

konplizitateak xuxurlatzen dizkigun

argizariz jantzitako hitzetan.

Mezu sekretuak jasotzen ditugu

ametsen altzoan lokartzerakoan,

gure begiak kausitzen direnean

marraztu gabeko enkontruetan,

irribarreek distantziatik

izkiriatzen dituzten une horietan.