Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
ANOREXIA POETIKOA
Oso gaizki moldatzen ari gara azken bolada honetan.
Espazio fisiko guztiek izenak aldatu dituzte
eta nire erruagatik airean dabiltza gauza asko.
Ahanzturak zizelkatu ditu kaleak nire burmuinean
eta errekek zure gorputzean gora eraman dizute odola.
Ernegaturik, mundua zabalegia dela esan didazu,
nire arrosak eta biok pikutara joan gaitezkeela.
Ez dut zure irribarrea mermeladan islaturik ikusten.
Ez dut mezu ezkuturik utziko kafearen ontzian.
Ez dituzu nire galtzerdi zaharrak berriro jantziko.
Ez dut inurriarena egingo zure bizkarrean.
Ez dituzu nire atzamarrak zure ahoan labainduko.
Ez dituzu ezpainak zabalduko sar nadin.
Ez dizkidazu sinadura bortitzak nire lepoan margotuko.
Ez dizut izerdia garbituko.
Ez dizut entzungo gehiago eta gehiago eskatzen badidazu.
Ez nauzu berriro erabiliko.
Orain izugarria izango da zu gabe bizitzea.
Orain izugarria izango da ni gabe bizitzea.