Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
AMAMA ETA TXORIAK
Esne papurrak ematen dizkie neguan txoriei.
Senak gogorarazitako kontua izango da,
baina atzoko ogi gogorra
zakarrontzira botatzekotan dagoenean,
kurloi gosetien deiadarrak buruan saltoka dituela
baieztatuko luke.
Patioko atea zabaldu eta iluntasunari
botatzen dio ogia.
Ametsetan delarik, kurloi erraldoiak datozkio bisitan,
hegotik zintzilik hiri gaineko paseotxoa ematera,
eskerrak ematera,
berak kurloiak bizirauteko konpromisoa hartu betiko
eta milaka salbu direlako eginikoari esker.
Neguko goizetan eta gauetan
esne papurrak ematen dizkie txoriei
itsua den nire amamak,
eta ezin ditu ikusi mokoka papurren gainean,
baina buruan saltoka dituela baieztatuko luke.