Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
GABEZIAK
Sukaldeko harlauzek esango dizute esna zaudela,
hozkailuaren ateari itsatsita
esnea identifikatzen saiatzen bazara.
Argi-iluntasun eskasean, gaueko ordu txikietan,
esnearen zurrutadak areago hozten zaituenean
hasi zara argudiorik gabeko pentsamenduetan.
Zertan den bizitza. Alferrikaldu duzun bizitza,
alferrikaltzen ari zaren bizitza,
galduko duzun bizitza.
Bat-batean, ziztada batek hartu dizu bularra,
hiena zaharra bihotz ondoko bularrera doa.
Ikaraturik ez duzu zirkin ñimiñorik ere egiten.
Mina badoa. Ez da ezer izan.
Gero, ez dut hil nahi esaldia buruan duzularik,
konturatuko zara ez duzula pentsatu
galduko zenukeen bizitzan,
barkatu beharko zizkizuten bekatuetan baizik.
Bizitza hau da,
esan dizute sukaldeko harlauzek.
Gaueko hozkailuek,
zure gabeziak erakusten dizkizute
berriz.