Aurkibidea
Izozmendien noraeza
Aurkibidea
Izozmendien noraeza
DEFENTSARAKO POEMA
Esku nekatu baina oraino indartsuez,
igitaia hartuta kanabera luze berdeak
mozten dituenean kolpe batez,
berak maite du.
Kale hutsetan ibiliz,
izarak bezalako hitz suabeak xuxurlatuz,
ume desanparatuen aterpe bilakatzen denean,
maite du.
Bidegabekeriaren kontra altxaturik oihurik
ernegatuenak, errautsaren erresistentzian
luzaz entzungo direnak botatzen dituenean,
maite du.
Mahai zurkaiztuaren gainean, eroturik bezala,
irriak mundua gobernatzeko mila eta bat hitz
idazten dituenean,
maite du.
Besteon zaurietan ezpainak ezin jartzeagatik,
besteon odol aginduak ezin geldiarazteagatik,
iletik tiraka negar egiteraino mintzen denean,
maite du.
Aguakate bigunak zuritzeko estilo falta nabarmenak
eta mamitasunaren luxuriak
lotsagorritzen dutenean,
maite du.
Iluntzearekiko hitzorduan,
euren ume jaioberrien aurpegiez,
jango duten esneaz, ahoskatuko dituzten hitzez,
mintzatzen direnean, maite du.
Itxaropena askotan galtzen den
azken kontua dela, baina beste askotan berriro
aurkitzen den lehen beharra dela diotsonean,
maite du.
Bizitza arnasa hartze bat besterik ez dela
eta amodioa tarte horrekiko zotin tematia
dela diotsonean,
maite du.
Ametsetako oheko taiga hotzean
hurbiltzeko, mesedez hurbiltzeko eta besarkatzeko
hosto apurkorren soinuez esaten dionean,
maite du.
Autoan sartzen direnean, inora joateko,
inorak, berez, gordetzen baitu destinoaren sekretua,
eta bidean ele zaharrak irakasten dizkionean,
maite du.
Bart, erdi biluzik, paper zimurturiko begiak zituela,
zutik jartzeko, eskuak lotzeko, isilik egoteko eta
negarrik ez egiteko esanez etxetik tiraka eraman dutenean,
maite du.
Ziegako inperfekzio espazial eta atenporalean,
tonalitate askotako ubeldurekin,
pago adar kraskatua jipoiturik imajinatzen duenean,
maite du.
Epailearen plastikozko begitartearen aurrean,
ohiko defentsako lagunen izenak,
iraultzarako tokiak, datak errezitatzen hasten denean,
maite du.
Kondena, erruaren laguna eta
zigorra, aske izateko beste modu bat
elkarri begiratuta entzuten dutenean,
maite du.
Goiz hartan altuegi, ia zeruraino heltzen ziren
zuhaitz batzuen abaroan,
bizitzarik gabeko bere gorpua kausitu duenean,
maite du.
Lurpean, lubaki gisan
arnas sakona den lur honetan,
terminologia zaharreko agurrak malkoekin
mugatu dituenean, maite du.
Eta beste askotan esan izan den bezala,
hau ez da amodiozko poema bat.