Izozmendiak
Izozmendiak
2003, poesia
96 orrialde
84-95511-58-4
azala: Jugatx Duņabeitia
Juanra Madariaga
1962, Bilbo
 
2009, poesia
1992, poesia
 

 

IZANGO NAIZ

 

Izango naiz bat.

Itsasoaren tirainetan, kostatik urrun,

txorien pausaleku bihurtuko dena, sargazoen babesleku.

 

Izango naiz bat.

Eskukada bat lur, ahurka berriztuta zabalduko duena,

lehortea gerta ez dakigun.

 

Izango naiz bat.

Ur-latsetan behera goroldio eta ezpatabelarren mezuak

deszifratzen jakingo duena.

 

Izango naiz bat.

Betetzen ez diren gure ametsen zerrendagilea,

tristeziaren zimurren sailkatzaile betierekoa.

 

Izango naiz bat.

Oreka eta desorekaren arteko aberria,

beldur eta pobreziaren arteko marginalia.

 

Izango naiz bat.

Hizkuntzaren txakur amorratuaren tiroa,

politikaren gezurrezko jauregirako lurrikara.

 

Izango naiz bat.

Behazuna eta izerdia lehortuko dituen eskua,

odola eta adurraren koloreekiko arte abstraktua.

 

Izango naiz bat.

Arimen argi berriaren asmatzailea,

hildakoen totem ikusgarria.

 

Izango naiz bat.

Jainkoaren semea eta bertutearen alaba.

Islamen morroia, Budaren martiri zoroa.

 

Izango naiz bat.

Haragi zornatuaren aldarean jarriko den

poeta berrien ikusle begigabe isila.

 

Izango naiz bat.

Ihesaren leizea, kartzelaren leihoa,

abestiaren polifonia, dantzarako herrena.

 

Izango naiz bat.

Izozmendia, laminen memoria, ihia,

izango hutsalean nire bila arituko den aingeru galdua.

 

Izango naiz bat.

Katea, zutarria, naufragioa, segada, zure uhala,

ezerez absolutuan kondena nazaten.