Aurkibidea
LURRAREN KRIMENA
DISTANTZIAREN TEORIA
Berrogei minututan ez esateko beldurra
AZTARREN IBILIA
AHAPEKA TRUMOIPEAN
MINTZO BOZATUA
Jose Maria Arguedas hitzak hila
BIHOTZ AKITUA
SORTERRIRATZERA NATOR
Aurkibidea
LURRAREN KRIMENA
DISTANTZIAREN TEORIA
Berrogei minututan ez esateko beldurra
AZTARREN IBILIA
AHAPEKA TRUMOIPEAN
MINTZO BOZATUA
Jose Maria Arguedas hitzak hila
BIHOTZ AKITUA
SORTERRIRATZERA NATOR
AMERICAN DREAM
Esan behar nizun: inoiz izan naiz zoriontsu hilerrietan
Autobusak makaldu gabe segitu zuen
Gidariak calipsoa entzuten zuen esku-galgatik
esekitako irratian
Hilerriak ez zuen hormarik
Erditik zauritzen zuen errepideak
Ehundaka gurutze, belar altuaren zemaia
Hiriko lehen etxeak
Teilatuak kolpera ugalduko ziren han aurrean
Zurezko zeru txiki haiek!
Kolore biziko fatxadak, atarietan eseritako emakumeak
Zigarro erretzen batzuek
Denboraren zaldi alderraiari so besteak
Umeak elastikotan dostatzen ziren maldapeko
erreka gorrian
Amets batean bezalaxe:
Hildakoek ez zuten itzalik une batez
Ez zen zaratarik belarpean gure etxeaz oroitu nintzenean
Gidariak kantatzeari ekin zion
Helduek gurutze lerdenei behatzen zieten
Ez dakit zenbat denbora eman nuen
ahots lakar haren gatibu
Ez dakit nondik atera zen
Auzunea zeharkatzen ikusi nuen trena
Garraiotren luzea
Banana berdez zamaturiko bagoi horiak zituela atzean
Autobusak hilerrian jarraitzen zuen
Arrotz izatearen ahuzkada
Ez zen zaratarik belarpean, ez zen biraorik, borroka hotsik
Baina nik banekien hizketan ari zirela
Ezin entzun banitzakeen ere
Ibai-harriz eta arrainez beteriko begiek susmoz
behatzen ninduten
Entzun ote nituen galdezka
Nik banekien hizketan ari ziren
Aditu ote nituen
Beti hitz egiten baitute gure elkarbizitzaren giltzaz
Maite ditugunen gorputz ederrez, gorroto ditugunen
asmo ilunez
Azaldu zidan aldameneko aulkian zilarrezko oiloak
magalean
San Ignacio-tik zetorren garifunak
Ez dakit noiz irten genuen hilerritik
Eguzkia beheratzen hasia zen
Albisteek abestia hil zuten
Txoferrak diosala egin zuen leiho batera
Itzal astunak ireki eta itxi egiten zuen komun bateko atea
Buruz behera jarritako kaxoi baten inguruan bildutakoen
kartak ikusi nituen
Belize City oihukatu zuen, Belize City
Heldu ginela esaten ari zen
Amaitua zela zorion unearen babesa, amaitua ihesa
Bakarrik ginela berriro