Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iņigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Errepidean hildakoen bitartez bailararen istorioa kontatu nahi duen jonki ohia, ezkontza baten lurrunetan dabilen poliziaren gogoetak, lagunaren emazte alargunari etxea hustera doakion hirukotea, amaren ordez herrira itzuli den gaztea, eredu izango den modeloaren bestaldea, galdutako pistola baten ibilerak, kondenatua hiltzen ikusita betiko mututu den emakumea Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza Aranbarriren aurreneko ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila.
Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala.
Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan.
«Kondentsazioa da Aranbarriren azken liburuko ipuin askoren lorpenik handienetako bat, nola iradokitzen duen mundu bat, bere harremanetan korapilatuta dagoena, oinordetzan hartutako zamekin, esan gabe ulertzen diren gauzekin».
«Munduko tokirik ederrena honetan Aranbarrik hobekien egokitzen zaion narrazio moldea aurkitu duelakoan nago. Berandu bada ere, inoiz ez da berandu literaturak kalitatea eta sakontasuna uztartzen dituenean».
«Iraganaren eta orainaren arteko geure baitako lotura bakarra dira oroitzapenak, eta haietatik mintzo dira pertsonaietako asko. Lehen pertsonan kontatzen dute beren historia, orainaldia azaldu nahian, baina, orobat, iraganaren bidez zuritu nahian».
«Liburuan ezinbestekoak dira aztarna-materialak, narrazioetan azaleratzen den memoriak, xehetasunen bitartez eta oharkabeko berezitasunetik abiatuz, pertsonaien istorio-zatiak eguneratzen baititu».
«Memoria gero eta ahituagoa, gibelatuago, haatik, eskerrik asko Iņigo Aranbarriri. Ibai ondoko jende hilaren ironia hilezkorra helarazi digulako, ironia betierekoa? Istorioak nolako berbak halako».
«Ez nituen aspaldi hain ipuin ederrak, xamurrak, iradokorrak, hunkigarriak, paregabekoak irakurtzen. Jakin badakigu denok ez dagoela ezer benetan bikaina, betiere zer edo zer errepara diezaiokegula orori».
«Ipuin bakoitza irakurtzen hasterakoan “galduta” egotearen sentsazio atsegina sentidu izan dut, baina Iņigok zer kontatuko digun eta istorioa nondik joango den jakin ezinak, irakurketagaz jarraitu arazi egin dit atal guztietan, gelditu ezinik».