Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Gizon hori

 

 

— Nor da gizon hori, ama?

         Ordutik, oinaztura gau beranduan bezala etorri izan zaio, oso gerora arte bere neurrian ulertu ez zuen ika-mika batean katigatuta ama nor zen ez zekien gizon harekin.

         Artean trena ibaiari jarraika zebilen. Geroago kenduko zieten lurra errailei eta bilduko harri kozkorrak eta trabes ilunak, jendearen garraioan dirua galtzen zen aitzakiarekin. Udako arratsalde bat zen, hondartzatik bueltan. Horixe bai dakiela seguru, etxerantz baitzetozen. Adin horretan ez zuten trenik hartzen ez bazen kostako joan-etorria egiteko, eta horrexegatik uda behar, derrigorrean.

         Korrika batean beti, txistu hotsa nasan, pala, eskuarea eta baldea zoru gainera, deiadarka ama, ez geratzeko atzean.

         Bueltarakoan, loak hartzen zituen inoiz. Leher eginda uzten zituen Joxean eta biak hondar gaineko ibiliak, seko mankatuta olatuen astinduek eta eguzkiak berak ere. Bestela ere, aparte antzean zegoen geltokia, eta padura zeharkatuta, orain desagerturiko villetatik aurrera jo, zubia gurutzatu, errio bazterretik igaro eta malkarrari ekinda azkenik iristeko ere, denbora behar zen ur ertzerainokoa egiteko. Joan-etorrian, ordubete inguruko bidea andre sasoiko batentzat, egun-pasarako trepetak aldean, artean hamar urte ez zituzten biki beti nekatuei ahal zen moduan tiraka.

         — Nor da, ama?

         — Ez dizu axolarik.

         Eta hondartzatik atera aurretik, ohiko errituala, hutsik egin gabe bete beharreko hura. Denbora behar izaten baitzen azalean txiklearen moduan itsasten zen galipot txaplatak erauzteko. Baselinarekin garbitzen zen ondo brea, olio pixka batekin bestela. Sentitu egiten ditu oraindik ere amaren igurtziak oinetan, atzamar gozoak labainka errieta txikiarekin batera. Norberaren kulpa balitz bezala baporeen tankeetatik zetorren zikinkeria hura hain erraz batzea, orain inon ikusten ez duen eszena bat.

         Eta hala datorkio azala olioztatzen zion esku bera, bestelakotua zeharo, amorruz kentzen aldetik besotik eutsi dion atzaparra.

         — Utzidazu bakean.

         Nahiaren eta gogoaren gainetik nagusitzen zen betebeharra zen garai hartako umeentzat hondartzara joatea, eginbehar sozial bat. Eta joatea zerbait zen, baina itzuli ere, egin beharra zegoen. Bagoira igo eta batera, nekeari gailentzen zitzaion burdinaren usaina datorkio azalaren errea gozatzeko kremarekin nahasian. Gaur balitz bezalaxe du akorduan bagoia tuneletan sartzen, leiho guztiak zabalik, bidaiariak biltzen zituen freskura, sabaiko argiaren dardara, ilunpeak pizten zituen haurren uluak, ur tanten ploplotekoa etengabeko erorian eta horman hazten ziren garo hosto bikainak. Gero, apurka, argia tunelaren amaiera iragartzen, dena handitzen.

         Nolanahi den, joana den zentzumenen mozkorraldia.

         — Hago gurekin, Ixiar.

         Gizonaren begirada, lagunek laineztua, eskua kakotzen amari.

         — Hago gurekin, aspaldiko kontuak kontatuko ditinagu…

         Treneko istorioak, belaunaldi baten sentipenen pizgarri. Hamaika halako dituzte adinkideek, hala ateratzen dira ordukoak gogoratzen jolasten direnean. Zer esanik ez Joxeanek, neba bikiak. Bartzelonatik etorri eta edozein aitzakiarekin etxean bildu ohi direnean, gero eta sarriago berritzen dituzte biek, ilobak aurrean badaude batez ere, ama artean ongi zegoela elkarrekin bizi izandakoak. Eta edozertaz ari direla ere, han agertzen da beti tuneletik irteten, ibaiaren emariari laguntzen, geltokira ailegatzen, iraganeko elementu ezinbesteko trena, itzuliko ez diren gertaeren paisajean.

         Egoera sinestezinetaraino.

         Akordatzen Hitlerrenaz?

         Oraingoak ez diren zarrastadak eta joanak diren izaerak. Akordatuko ez nauk bada, Joxean, bere artean Idoiak. Nerabezaroa ere atzean utzia genian ordurako. Hondartzatik ez, biak ados jartzen ez diren jairen batetik kuadrillan zetozen etxerantz lehenbiziko trenean, gaua farran emanda. Bagoi hutsean, herriko bi gizon zeuden aulki batzuk aurrerago, buruz buru biak, auskalo zeri begira leiho lausotuaren bestaldean. Nola hasita ez dakite, Bigarren Mundu Gerraz.

         Bazuan ba hura, alemana, Hitler… biziko duk oraindik?

         Akituegi zetozen algaraka hasteko. Begiak doi bat zabaldu eta elkarri irribarre txikia eginda itxaron zioten bestearen erantzunari.

         Hilko zuan honezkero… Badakik noizkoa zen! Kaboa edo zuan ni soldadutzan nengoenerako.

         Europan bizitzeko beste era bat, hogeita hamar urte lehenagoko Berlin garaituko errautsetatik libre.

         Eta orain, hainbeste urteren ostean, harian datorkio makina, bideko edozein oztopo garbitzeko westernetako burdinazko babes hura zuela aurretik, eta lauzpabost bagoi berde ilun ondoren jendez mukuru, langileek jenderik gabe nahi izaten zituzten balkoitxo beltz eta guzti. Zurezko zerrendaz eginiko aulkiak eta ama hantxe eserita, gizon haiek dituela inguruan.

         — Nor da gizon hori, ama?

         Gizon hura Antonio Garate zen, Hijos de Damian Garate altzaritegikoa, enpresa sortu zuenaren seme gaztea eta bertako gerentea bizi guztian. Urteak behar izan ditu dena berregiteko, urteak jakiteko nola katramilatu ziren denen bizimoduak historiak ahanzturaren zulora zeraman gertaera haren ostean.

         Nora hoa, Ixiar? Ez al gara ba lagunak?

         Hondartzatik etxerakoan izan zen. Bi umeek harrapatu ez zuten zerbait esan zion Garatek amari, ahokada bat burlaizean, gerora ere berregiten hasita, ondo ibili al gara, batzuk bai bizi, majo firin-faran ederrean, ez Joxeanek eta ez berak zehatz gogoratzerik ez duten halako zerbait irudikatzen dutena.

         Bainuetxeko geltokian igo ziren, bospasei gizon ondo-jantzi, nabarmen, ospakizunen batetik-edo itxuragatik, ohi baino gorago hizketan guztiak eta habano erretzen pare bat, afaneko.

         Artean zutik zen Garate trena martxan hasi zenean. Aurreneko balantzaren aitzakian, emakumearen ukondoz ukondo eseri zen. Aulki muturrean hasieran, behartuz-behartuz, bikiak zutiarazi eta emakumea leiho irekiaren kontra estutu zuen arte.

         Probokatzeko, diotso Idoiak nebari.

         Probokatzeko, buruaz Joxeanek.

         Gizon sendoa zen Garate, ama baino zaharragoa. Argiak zituen begiak, bi putzu glaziar emakumea goitik behera aztertzen.

         Bizi? Ez zuek bezain ondo, Antonio.

         Harrotzeke, Ixiar, harrotzeke…

         Betidanik ezagutzen zuten elkar, nola ez ziren ezagunak izango kale berean bizi izan baziren biak, ezkondu arte.

         Listu gogortua ezpain-mintzetan.

         Ez hadi horrela jarri. Zer esan dinat ba, ezagun dela ondo bizi haizela…

         Zuk kendutakoak, horiek gabe ere bizi gara, bai.

         Dema-usainean egokitu ziren inguruan Garateren lagunak, besoak aulki sorbaldetan bermatuta. Biribilean aldra, altzora bildu zitzaizkion emakumeari haur biak. Oilar bakarra zegoen, alabaina, plaza hartan. Eta xaxatzaileak soberan aukeran:

         Ederra bota dik, Antonio. Esaiok zerbait…

         Bilin-balaunka ekin zion trenak bihurgunetik irten orduko. Sasien arrastada bagoiaren kontra, presaka sartzen diren besoak leiho irekietan barrena. Irri burlosoa Garateren ezpainetan.

         — Egon hadi, nik konponduko diat hau eta.

         Erabateko isiltasuna egin zen. Garate atzamarra luzatuta, bere burua erakusten.

         Nik kendutakoak, Ixiar?

         — Zuk kendutakoak, bai. Gure amari behintzat bai, eta seguru ez dela bakarra izan.

         Joxeanek ahaztuak ditu zein ziren Garaterekin batera zirenak. Berak ez. Badira umetatik bizi guztian laguntzen diguten aurpegiak.

         Lapurra deitzen ari haiz muturrera?

         Zeuk esaten dituzu denak, ez nik.

         Tunelak ito zituen gizonak murtxikaturiko hitzak. Anplifikatua sartzen zen leiho zabalduetatik harrabotsa, gurpilak errailetan lerratzen. Hozkirri atseginak bildu zituen. Birikak betetzen zizkien zoko-usainak. Zer egin pentsatzeko tartea. Non edo non, toallaz eta hondarrerako ume-tresnaz betetako kapazo bat jausi zen goiko apaletik. Dardara egin zuen bonbillak ostera ere, beroak mazpildutako jendea argi-ilunetan gorde arte.

         Burrundara apaldu eta kanpoko argitasunak barrua bete zuenean, elkar zaintzen segitzen zuten.

         Bi hauek dituzu umeak? Ez daukate ba aitaren antzik.

         Garateren lagunetako bat izan zen, zimelena. Isilik egona zen ordura arte. Ezagutzen zuen hura ere Ixiarrek, senarrarekin batera ibilia zen urte pare batez elkarteko kontuak eramaten. Ingenieroen etxeetan bizi zen heldu zenetik. Herrian, bera zela esaten zen fundizioko istripuan elektrokutatuta hil zen langileari zulora jaisteko agindu ziona.

         Burua laztandu zion Joxeani:

         — Ama guapa daukazue.

         Izerdi tantak lepa-zimurretan behera, umeldua zuen alkandoraren kuello ertza. Babes gabeko txokoan uzkurtu zen neba. Masailak gorritu arte ekin zion barreari xaxatzaileak.

         Trenak soro lehortzen hasiak zeharkatu zituen. Sugatz eginean ari ziren errepidearen kontrako alorrean. Behetik gora belar zamatzen andrea, gain-gorririk gizona meta gainean. Une batez, automobil bat jarri trenaren parez pare eta elkarrekin lehian ari zirela iruditu zitzaien haurrei, nor lehenago iritsiko bihurgunera. Pinudiaren atzean, lantegi berriaren hormetako xafla gorriek bestelako jantzia ematen zioten inguruari. Lainotuago zegoen dena zenbat eta barrurago jo.

         Besterik entzun gabe jaiki zen emakumea. Garateren atzamarrak sentitu zituen beso eguzkiak gorrituan.

         — Nora hoa, Ixiar?

         Kolpetik kendu zuen gizonaren eskua aldetik. Haurrak bere aurretik atera pasabidera eta bagoia igaro zuten hirurek. Kanpoko balkoitxoan zeudela, berbaroaren hotsa sumatu zuten ateko kristalaren bestalde. Ez zen minuturik pasa trena hurrengo geltokira heldu zenerako. Erabat geratzeke ireki zuen emakumeak atea. Jaitsi eta, utzitako bagoiko leihoetara gero eta buru gehiago agertzen zirela, hurrengo bagoira igo ziren.

         Elkarri hitzik egin gabe egin zuten etxerakoa. Geltokitik irten zen saldoa saihestu nahi izan zuen emakumeak, komuneko jira egin behar zutela izan zuen aitzakia.

         Konketen kontra jarri zituen umeak. Gaizki itxitako kanila bat. Kiratsa zetorkien ate marroien ostetik. Makurtuta hitz egin zien.

         Aitari hitzik ez, entzun?

         Zer esan dizu, ordea?

         Hitzik ez, esan dut. Ahaztu.

         Nor da baina gizon hori?

         Plazatxoan, ea etxera zihoazen galdetu zieten bikiei Eroriaren monumentuan zebiltzan neska-mutilek, gelditzeko berekin jolasean.

         Orain, ia berrogei urte geroago, gizonaren izena denen ahotan dabilela, nekerik gabe berritu zaio guztia Idoiari. Antonio Garateren desagerketaren berri izan eta Joxeani deitzeko beharra sentitu du etxean sartu orduko. Ez horregatik, baina horregatik ere bai. Amarekin ezin, norekin hitz egingo dut Joxeanekin ez bada, ez banaiz egundo inorekin mintzatu Garatez, etorri zaio. Hala hil zen aita, trenekoaz ezer jakin gabe. Berehala konturatu da: etxeratu gabe egongo da neba. Badaki Maresme aldera ateratzen direla aspaldian. Semeen futbol taldeko lagunen gurasoen etxean afaltzen ere, badakite. Horrexegatik ez dio poltsikokora hots egin nahi, ez da hain garrantzitsua ere.

         Botak erantzi, jogurta hartu hozkailuko goiko apaletik eta sofan etzan da, mantatxoa altzoan. Gogorik gabe piztu du telebista. Gorroto ditu gauetako eztabaida saioak. Hasieratik bertatik baldintzatutako iritziz beteak, nekagarriak zaizkio gonbidatu gehienen antzezpen histrionikoak. Beste zerbaiten bila dabilela, aldamenekoen buila-hotsak datozkio. Ari dira berriz ere. Bizitzera etorri zirenetik, etxearen parte dira hormaren bestaldeko oihuak. Eta ez daki zer duen nahiago, bost minutuan mututzen diren liskarrak ala bestera daudenean, oheburuaren morse seinale amaigabe horiek hormaren kontra. Eskerrak Netflixen harpidetza egin zuen. Aurreko larunbatean bukatu gabe ikusi zuen serie atala aukeratu eta bolumena igo du.

         Ilunpe lodian esnatu da. Pantailan, detektibeen autoa abantada bizian doa baso itogarri batean barrena. Liluratuta daukate aspaldian Eskandinaviako parajeek. Elurrak estaltzen du ilunpeak janzten ez duena. Planoa itxi eta hurrengo sekuentzia hasi denean, ez zaizkio ezagunak itxuraz liburutegi publiko bateko artxiboak arakatzen ari diren andre-gizonak. Madarikazioa lehertu zaio ahopean. Irudia geratu, atzera egin eta hiru atal egin dituela lo konturatu da. Beranduegi Bartzelonara deitzeko. Whatsappez idaztea erabaki du hala ere, ea neba itzarririk harrapatzeko zortea duen.

         Zer egiten dun esna?

         Hirekin hitz egiteko gogoa.

         Gustura entzuten du Joxeanen ahotsa, gertu dagoela sentiarazten dio. Telebistan, irudia geldian dago. Definizio lainoa duen gizonezko baten aurpegi izoztua ageri da pantailan, keinu zatar bat egiten.

         Antonio Garate falta duk etxetik.

         Eta?

         — Falta dela, Joxean. Goizean pasieran irten eta ez dela itzuli. Beste konturik ez zabilek hemen.

         Non hor? Munduko tokirik ederrenean?

         Bai, hementxe bertan. Gaitarako hago, e?

         Irribarre txikia loratu zaio. Grazia egin dio. Bihurriki darabilte biek amaren lagun bati entzun ziotenetik berak ez zuela hiltzeko penarik, ezpada herria uztekoa, munduko tokirik ederrena.

         Hori al dugu dena? Amari zeozer gertatu zaiola pentsatu dinat.

         — Ez, ama ondo zagok. Gaur pasatu nauk etxetik. Viviannek botikak bukatzen ari zaizkiola abisatu zidak.

         Telefonoa sorbaldaren eta belarriaren artean duela, mantatxoa tolestu du. Tonua aldatzea erabaki du. Beste ahalegin bat egin beharko du Joxean harira ekartzeko. Nebak berak hartu dio aurrea, ordea.

         Zer zuen Garatek? Burua galtzen hasita?

         — Zer duen, Joxean. Gaurko kontua duk. Aspalditik zagok gaixo, baina ez etxerako bidea ez topatzeko adina. Goiko presa aldera egiten dik osteratxoa egunero.

         — Hori bazterren batean hilda zagon honezkero.

         — Ibili dituk bila, baina ezer ez. Beharbada beste norabait jo dik. Bost ordu barru geratu gaituk segitzeko.

         — Gaituk? Ez esan ostiajale horren bila hoanik hi ere…

         — Joxean, mesedez.

         Gauzak erremediorik gabe okertuko direla etorri zaio Idoiari. Bere burua bezain ondo ezagutzen du bere beste erdia. Poztu ere egin dela pentsatu du. Telefonoa ez izatera, eskuetatik oratu eta batak bestearen gorputza sentitu arte erakarriko zuen neba, begiradan harrapatuko zituen haren begi gaztainkarak, bereak baino iheskorragoak beti. Baina urruti dago, eta edanak ausartago bihurtuta dabil beharbada.

         Ahaztu egin al zain zer egin zion amonari?

         Ez ezak segi hortik…

         Eta nola erabili zuen gure ama trenean?

         Berotzen sentitu du odola. Nola izango du ahaztua, baina ez da hori kontua, dio bere bostean. Eta ahaztearena ere, oso zaio argudio maltzurra. Zer da ahaztea? Gaiztoan, inoiz esatea espero ez duen esaldia ekarri du aho atariraino: hik ere ahaztua al duk ama duala hemen? Jode, Joxean, neuk bakarrik zaramaat haren ardura! Urteak dituk ez dela kalera atera, hik kanpoan daramatzaanak ia, eta eskerrak Vivianne daukagun.

         Kanporantz begiratu du. Kristaltxoak sumatu uste ditu farolapean dauden autoen gainean.

         — Orain ez duk neguak hire mendekua beteko duen esperantzan egoteko unea. Nahi duana izango zuan Garate bere garaian, baina orain hor nonbait galduta dabilen agure errukarri bat duk.

         Bere hitzek eragin duten isiltasuna aprobetxatuta eten du. Erabat itzali du gero telefonoa, deituko dion susmoa hartuta. Oraintxe ia amarekin mintzatzeko bakarrik darabilen egongelakoari ere, entxufea atera dio. Badaki ekina izaten Joxeanek.

          Eguna zabaltzen ari duela, lehenengoetakoa agertu da eliza atarira. Ez du ia begirik bildu Joxeanekin hitz egin duenetik. Ez dio baina, nebari leporatuko lo eza. Handia da dabilen mugimendua, batez ere babes zibilekoena eta ertzainena. Mundua bilduko da denbora gutxian, Everest tontorra ere jotzeko moduko ekipazioarekin asko. Taldeka banatu eta herriko azken etxeak atzean uzten ari direla, gaua uste aldean hotza izan dela ohartu da. Badaezpada hartu du telefonoa, itzalirik darama. Sasoi batean kamineroen etxea izandakoaren atarian, errepideak garbitzeko palak gordetzen dituzte orain. Elefanteen eskeletoak dirudite, errepiderako gatz-siloen azpian. Ilundu egin zaio bihotza. Arrazoia eman beharko dio Joxeani: topatzekotan, harria bezain gogor topatuko dute Antonio Garate. Baldintza hauetan, hutsaren hurrengoa da adin horretako agure batek bizirik ateratzeko duen aukera.

         Bidean doala, ekipoetako irratien erlotsa datorkio. Bere baitara bildua luzatzen du pausoa inguruan espekulazioek edonora bultzatzen dutela bilatzaileen gogoa eta hitza: ez zuela ohiturarik egunero paseatzeko, agindua ziotela ez ateratzeko etxetik, asteak zeramatzala seme-alabak ezagutzen ez zituela…. Kontua da goiko presa ingurua ondo arakatu eta han ez dagoela ikusita, edonon egon daitekeela jakinarazi dietela bozgorailuz irten aurretik, zabaltzeko ondo begiak, ibiltzeko zoli, erreka-zulorik beltzenean zein edonoren garajean gordea egon baitaiteke. Eta izateko esperantza, gau bat asko dela, baina badirela aukerak oraindik Antonio Garate onik aurkitzeko.

         Elkarri adore emateko jotako txaloak apaldu eta oinez ekin diotenean, urratsez urrats joan da betetzen. Bat ez bada, bestea. Gizon hori. Ez behin eta ez bitan entzun behar izan du nagusi ona izan dela, alde ederra zela orduko tailerretako giroa gaur egun jabea nor den ere ez dakigun enpresetan dagoenaren aldean. Zenbat lagundutakoa den herrian, izan Caritasen zein futbol taldean, ez dituztela ahazteko kategoria guztietarako opari emandako ekipazioak eta markagailu berria, Hijos de Damian Garate publizitatea zuena barrenean. Halako bukaerarik merezi ez duen gizon on bat.

         Ezin eramanda, esatekotan egon da berak ere baduela istorio bat kontatzeko Antonio Garatez. Trenekoa etorri zaio lehenbizi, baina berehala berotu dio gomuta besteak, behin batean, amak pasatutako estutasunetik tiraka, arren eta arren arituta, azkenean Joxeanek amari ateratzea lortu zuen kontuak. Ingurukoen jardunari entzungor, amaren ahotsa ari zaio oinkada eta arnasaldi bakoitzarekin burua hartzen.

         Damian Garateren fabrikan aritu izan zen amona bere bizi guztian. Forratu egiten zituen aroztegitik ateratzen ziren aulkiak. Gazterik alargundua, ezinbestekoa zen soldata hura etxean, nola aterako zituen bestela sei seme-alaba aurrera. Nagusia hil zenean, tratuak aitarekin bezalaxe, bere horretan segituko zuela agindu zion Antoniok. Ez zuen gaizki irabazten, jubilaziorako ere kentzen zizkion semaiko batzuk kintzenatik. Eta halaxe jarraitu zuen, oraintxe tapizaketan, oraintxe biltegiko ardura batzuekin, erretiratzeko ordua heldu zitzaion arte. Paperak egiten hasi zenean, ia hil zuen disgustuak. Ez zegokion saririk, eta arrazoia sinplea zen: ez Damianek eta ez honen oinordekoek ez zioten pezetarik ordaindu Gizarte Segurantzari. Alferrik mugitu zituen zeruak eta lurrak. Gestoria batekin ere ibili zen. Kaka morralean. Gordin azaldu zioten azkenean: enpresak bere buruarentzat gorde zituen lanean ibili zen urte horietan guztietan kendu izan zizkion sosak.

         Ez zuen sekula ahaztu Antonio Garateren erantzuna:

         Lehenago mugitu izan bazina, konponduko genuen.

         Bizi beharra dago dirurik gabe.

         Bizi beharra dago amorru horrekin.

         Indarrak berritzeko txatarreria atzeko zubiaren karelean eseri direnean, telefonoa piztu, whatsappei begiratu eta izan ez duen dei baten berri eman die Idoiak taldekideei. Itzuli beharra du, Vivianne aritu zaiola hoska.

         — Abisua dut, ama makal omen da berriro.

         Ospitalera eraman beharko dutela seguruenik. Ea ez den ezer, deitzeko laguntzarik behar badu, animo, onena opa diote guztiek.

         Onena opa die berak ere guztiei bilaketan.

         Sasi eta garo hezeen artean doi irekitako zidorrean aurrera doala, goizaldean telefonoa eten dionetik zortzi mezu utzi dizkion Joxean bihurtzeko bidean dagoela ohartu da, eta ez du gustuko. Trenbide zaharreko langa igaro du, konturatzerako joko du errepide nagusia. Desasosegua dakarkio beti besterena izan den bulkada hain bere sentitzeak. Mendekariaren zama arintzeko, badu aitzakia: ezin liteke inor bizirik atera gauean egin duen hotzarekin. Ezkerretik ekin dio herrirantz, autoak aurrez datozkiola. Lotsa sentitu du, baina hala da, Joxeanek bezala, berak ere onena opa die Antonio Garateren etxekoei, ez dezatela aurkitu ez gaur, ez bihar, ez etzi. Piztiek janda ez, baina nebak bezala, gizon hori ondo hila egon dadila nahi du aurkitzen dutenean. Orduantxe helduko da bakea. Eta ez bakarrik garatetarren etxera.

         Gero Vivianneri deitu dio, egunero bezala, ama zer moduz jaiki den galdetzeko.