Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Aldaira

 

 

— Dena txerrikeria bat.

         Beha geratu natzaio, begi lanbrotu haietan nireak. Arrazoi duk, Larra. Hemendik jakizu zenbatera, bi hilera, seira, urtebetera, nik dakit bada, baliteke beste era batera egotea, baina orain zer, bat etortzea besterik, txerrikeria bat dena, Larra.

         Bizi puta hau.

         — Zer ordutan geratu haiz?

         Joana da gure aldia, urteak dira egun jakineko batzuetan izan ezik desagertuta gaudela gaueko ibilietatik. Ez gara mamu ere, eta ezin etsi itzal izan gabe, badarik ere esan ahal izateko orain berena den bezalaxe, lehen gurea zela taberna hau. Mahai hauexetan esertzen ginela, hemen aldatzen genuela mundua, hemen muturtzen ginela elkarrekin eta hementxe adiskidetzen. Txuxtarrez txuxtar, ezin biziago birikak geure beteenean. Orduan erre egiten baitzen honelako zuloetan, nola gainera, eta argia ez zen goizetik inor itsutzekoa.

         Baina nor dago halakorik entzuteko, nor egongo da larunbat goiz batean.

         — Eta Danielarekin topo egiten badugu?

         — Etxe aurreko tabernara jaitsi hura garai honetan? Hiri egin zaik.

         Dagoeneko ez gara. Dagoeneko ez da orduko hartatik ezer geratzen hemen. Auskalo zer ganbaratan dagoen hautsa hartzen Guernica-ren erreprodukzio erraldoi hura, ama jotzea baino itsusiagoa zen egurrezko marko harekin, baten batek munduko aberrimin handienaz eskuz tailatua. Opari emanda ere, nork hartuko luke bada. Gurekin batera joan da hura ere.

         Ez gara, eta hala ere atzetik datozenak baino gehiago izan ginen.

         — Dena eskura eman diegulako. Hala irten ditek txepel hutsak.

         Isildu hadi faborez.

         Ez da aurreneko aldia, ez da azkena izango. Maite du Larrak gazteen defentsa baldintzarik gabean ateratzea, nahitara dakarkit eraman ezin dudan musikaren aipua, asto-gorotza muturren aurretik pasatzen ariko balitzait bezala.

         — Ez hadi hasi.

         — Besterik entzuten al duk ba oraintxe. Konkistaren mendekua duk reggaetoia, Larra.

         Heure burua engainatuta bizi nahi baduk, aurrera. Ze esango diat ba.

         Zer diok.

         Iragana edertu eta gure miseriak ahazten ditugula, horixe.

         Eta lana. Gazteei ezartzen dizkieten baldintzekin gora eta behera beti. Aski da belaunaldien arteko lehia ateratzea hizpidera. Errimea da horretan. Okerrena ez haizela bakarra, Larra, ez duk besterik entzuten azkenaldian edonon.

         — Hain erraz izan genian guk! Begiraiek hauei.

         Eta betikoari ekin dio, prestaketa akademikoa dela, prekarietatea, soldata. Nola ez datozen bat gazteek lan mundura ekartzeko dutena eta mundu horrek eskaintzen diena. Erreta dabil aspaldi handian. Badakit alaba duena buruan, egunerokoa du etxean. Lan elkarrizketak, sinistuidak, umiliatu egiten ditiztek, atzerrira joatea aukera ona den neurtzen dabil, diru kontuak ateratzen ematen du eguna alabaren gordean, hari nola lagundu ezin asmaturik. Ezer berririk ez, bazakiat hori guztia, Larra. Masterrak, hizkuntzak, erbestearen mamua, ados. Ez dioena da tornuan, fresadoran, mandrinadoran hasi aurretik nola ibiltzen ginen geu ere, pintxe lanetan errekadutan bizikleta laranja haien gainean, hartu kirtena hautsita zuen buztinezko kantxila eta herrian beste muturrean zegoen galdarategiraino.

         Zer duk, gazte?

         Esan didate hau soldeatzeko.

         Bulegotik ere heltzen ziren algarak, Larra. Hasi berrien saria.

         — Eta Pitu?

         — Kamioia hamaiketan hartu behar zuela esan zidak.

         Hamaikak eta hogei. Laster izango da hemen, badugu astia bestetxo bat hartzeko.

         Dena ez dela ez zuri ez beltz, zer joera dugun. Orduan bota behar izan diot Karmelorena, etxekoa aipatzea dotorea ez den arren.

         — Begira Belenen aitarena, Larra. Sartu zuloan, esan zioan enkargatuak. Ni ez noa horra, ikusi zuenean zer zegoen Karmelok. Sartzeko, besteak. Ezetz ba. Eskailerari heldu azkenean berak eta jaisteko lasai, kenduta zutela argindarra. Seguru? Baietz ba, jaisteko eta konpontzeko, matxura harexen erruz zegoela etenda produkzioa. Fundizio bat. Pentsa zenbateko galera geldirik egondako minutuko.

         — Noizko kontuekin hator?

         Hogeita hamar urte, Larra. Hasi berri ninduan Belenekin. Igandero ikusten zian gizona bermut-orduan andrearekin kalean gora eta behera, burua zera baino tenteago. Beti izan dena, putzak hartutako oilarra. Uste duk inoiz etorri zitzaiola zer gertatu zen azaltzera? Denok ez diagu barkatu esateko balio baina, ez zakiat, hurreratu eta esan, Karmeloren alaba zara, ezta?, ez nauzu ezagutzen, baina halako naiz, nirea izan zen hutsa, neuk esan nion lasai jaisteko, kenduta zegoela indarra. Ezagutu ez! Zera! Bale, makurtu burua eta topatu beste hitzen bat barkatu horrek hainbesteko pisua badu, baina esan zerbait, ostia, libratu barru beltz hori. Bai zera, beldurra. Izua pertsona gisa azaltzeko, hori eta ez besterik hark zeukana, horrela jokatuz gero jendearen aurrean urteetan lortutako irudia xaretu egingo zitzaiolakoan. Errazagoa askozaz egin zutena. Semea hartu lanean aita hilaren ordez eta bakea. Segi dezala zibak itzulika. Hala sartu zuan Belenen neba aita hil zen fundizioan. Beste bat zulorako. Horrela konpontzen zituan gauzak, ala ahaztu egin zaik?

         — Noraino hoa. Eta hik esan behar? Hor daukak Iņaki!

         Horretan ari nauk ba, gaur bezalaxe hiltzen zela jendea beharrean orduan. Eta gauza bat, Larra. Ez ezak tranparik egin. Iņaki ez zuan gazte hauen belaunaldikoa, ikasitakoarekin bat ez datozen lanei uko egiten diotenetakoa.

         Ikasten segitu ezean, eta zenbat ziren bada garai hartan kanpora jotzen zutenak, denok hasten ginen sasoi bertsuan. Antzeko tailerretan, antzeko baldintzetan, antzeko soldatekin guztiok. Obreroen armada bat lan egiteko herritik atera beharrik ez zegoenean, gure mailan behintzat.

         Gauzak beste era batera funtzionatzen zuten garai bateko armada azula.

         Seietako sirenak jo eta tabernak betetzen zituzten lanaren soldaduak. Ostiralero buzoa paper latzean bilduta galtzarbean, amak, emazteak, alabak garbituta astelehenerako prest egon zedin.

         Badoa lankidea oporretara familia guztiarekin, eta Armiņongo autopistako sarreran, horra non ateratzen zaion nagusia kabina arteko gerizpetatik alto ematera. Poltsikoko telefonorik ez zen sasoia. Eguzki errea eta ugazaba kapotaren aurrean hesola baino zuzenago, besoa luze, eskua zabal kristalaren kontra. Bazekien handik pasatuko zena, emaztearen herrira joaten ziren uda-pasa, Extremadurara, La Serena aldera. Nola ez zuen nora jakingo etxerakoan beti ekartzen bazizkioten hestebeteak. Larderiaren saria.

         Bueltatu egin behar duk. Makina bat diagu aste honetan ateratzeko, Israelera.

         Enpresa guztian bakarrik berak egin zezakeen lana, nonbait. Montadore onena inguruetan, eta behar bezala planifikatu ez baten batek bulegoan. Berandu ohartu, asko balio duten makinak. Eta buelta etxera, diru truke, baina buelta etorritako bidetik andrea, umeak eta trepeta guztiak umiliazioaren pisutzat hartuta.

         Ez zagok horrelako mentalistarik.

         Gure gerrako abenturetako bat, Larra. Zenbat horrelako. Ugazabek gaur egun aldean bestela jokatzen zuten garaia. Estutzen zituztenekin lotsa izpirik agertu gabe baxoerdiak hartzen zituzten garaia. Herrietako legea, muturrez muturreko etxekotasun basa hura.

         Gero, telefono txikiarekin katigatzen hasita geundenean denok, heuri deitu zitean lantokira etxetik, aitaginarreba hil zela esateko. Ez haiz akordatzen? Derrigor akordatu behar duk. Eta enkargatuaren erantzuna?

         Baietz dio buruaz. Ez du ahazteko. Nola ahaztuko duk, Larra.

         Eta enkargatuak, zer esan zian?

         Bi begi ņarrotu Larrarenak, haren ahotik entzun nahi dut.

         Heure ahotik, Larra.

         — Zer esan zian?

         Zer uste duk, orain hi joanda piztu egingo dela?

         Gantzak behar dira hori botatzeko.

         Gantzak eta pertsona ez ikusteko bokazioa. Gaixo kuadrilla bat. Lanaren ustezko balioen metastasiaren biktimak nagusi eta enkargatu haiek guztiak. Eskola patentatu bat.

         — Danielarekin hitz egin duk?

         — Gaurkoaz bakarrik, noiz agertu behar dugun eta gauzak nora eraman behar ditugun zehazteko. Belenekin sarri antzean hitz egiten duelako zakiat gainontzean dakidana.

         Horretan bai, lege zaharrekoak guztiok. Asto-lanerako, ez da batere nekeza gertatu garraio brigada antolatzea. Nahikoa izan da dei bat hiru laguneko taldea berehala osatzeko. Pituk aitaren altzari-dendatik hartu du kamioia. Ostean, pertsonarengana gerturatzeko, ez dago aitortu beharrik, herren nabarmena dugu hirurok.

         Daniela ere Daniela izan.

         Hamabiak hogei gutxi. Deituiok, ea non dabilen.

         Ez dik hartzen.

         Danielak ez gaitu inoiz Iņakiren ondoan hurbilegi nahi izan. Bere arrazoiak izan ditu. Iņaki arrastotik aterata ibili ohi zenean, ez ginen gu haren ardura genuenok, baina gu gaberik Danielaren gusturagoko gizona zela ere, hala da.

         Desajuste kulturalak, deitzen dio Pituk.

         Laster nauk hor. Bost minutu.

         Hartu duen erabakia zentzuzkoa da, denok ulertu dugu. Iņaki gabe, zerk lotzen du bada Daniela hona. Hemen zeukana, neke handirik gabe topatuko du doan tokira doala. Bebarruak beti egongo dira. Beti egongo da etxea garbitzeko eta arroparen jira egiteko norbait behar duenik ondobizien artean, Vivianne dabilen bezala. Dendaren batean akaso, edo zaharren bat zaintzen. Alarguntasuna, poliki geratu zaio. Neuk ere, haren bezin, gauza bera egingo nuke. Gaztea da oraindik, bizitza berregiteko moduan dago, ez dauka zertan bizi lan istripu batek errotik eten dion proiektuak lurperaturik. Eta joder, hor du oroimen eder askoa ere, senarra zuen lagunik handiena. Ez dut uste Belenek gauza bera esango lukeenik nitaz galdetuz gero.

         Hi, lan egin behar diagu.

         Hori da, hain zuzen, Danielak eraman ezin izan duena, ahal izan duen aldiro leporatu izan diguna, ez dakigula edan gabe ibiltzen, ez dakiela zurrutari emango ez bagenio elkarren horren ogi eta jaki ote ginatekeen, ezer egiten asmatuko genukeen, ze emakumeengana normal hurreratzeko ere ez dugula balio edana ez bada tarteko.

         Igual da egia. Hilabete laster eta ezin berarekin elkartzeko adorerik batu.

         — Deituoik Danielari, behean gaudela.

         Eta orain badoa. Badoa Daniela eta badoa Iņakirekin hasi zenetik gure kontzientzia erruki gabe zulatu duen barautsa berarekin, Iņakirekin bere diruagatik katigatu zela denon ahotan erabili genuen hura. Eta hala ere, bere erara badarik ere, badakit estimatzen gaituena. Horrexegatik deitu dio Beleni ea nirekin hitz eginda lagunduko diogun etxea husten, nahiago duela horrela aldaira-enpresa baten operazio terapeutiko aseptikoa baino.

         Belenek oso ondo ulertu ez diona, bestalde.

         Berak izan dira Iņakiren lagunak, defenditu gaitu Danielak. Belenek esana neuri.

         Erabakiak di-da batean hartzen dituen emakumea, Larra. Ez duk hilabete pasa Iņakirena gertatu denetik, eta bazoak. Ilun-istantziarako giltza emango ziok bien azken urteetako bizitza gordeko duen etxeari. Senarraren adiskideak aukeratu ditik lagun diezaiogun kutxak, armairuak, mahaiak, aulkiak eramaten, Iņakirekin zikindu zuen ohea gehiagotan igoko ez dituen eskaileretan behera jaisten. Eta ez duk merke-zurrean dabilelako, badakik ondo. Belenek azalduko dik bestela.

         Bahuen ordua. Non sartu haiz?

         Pitu ez da inon sartzen. Pitu munduaren gainetik dabil, hala ibili da beti bere txanka luzeekin ia behegaina ukitu gabe, maluta airean bezain arin.

         Ateraidak zerbeza bat.

         Ez, bagoazak, ostia. Berandu duk, Pitu. Zain diagu.

         Komunetik pasatu naiz. Txorrotapean igurtzi ditut eskuak, busti dut aurpegia, zabaldu dut freskura garondoetara, eta gu beste batzuen aurretik bezala, gurasoak gure aurretik larunbat gauetan, ezkonberri gazte zirela dantzan ibili ohi ziren mahai artetik igarota atera naiz kanpora.

         Eskuak poltsikoetan, espaloira erdi igotako kamioiaren aurreko gurpilari ostikadaka ari zaio Pitu. Ezer esan gabe du begira Larra.

         Daniela? Gu gara.

         Etenda heldu da Danielaren ahotsa atezain automatikotik. Atea bultzatu orduko, bidea ematen didate biek neu joan nadin aurrena eskaileretan gora. Igogailu irteeran ezustean toporik ez egitearren igo dugu oinez laugarreneraino. Urrats bakoitzarekin denbora irabaztea da kontua, atezuan jarriko gaituen eztul-hotsa entzuteko esperantza. Umetan inoren etxerakoan bezala, beldur-jarioan eskailburura aterako ote zaigun hala ere. Ez Larrak ez Pituk ez dute lehenak izan nahi haren hitzei segida ematen, elkarrekin adostu gabeko hierarkia batek aginduta goaz ilaran. Ezin diet errurik eman: gaitz zabaldua da gure artean alargun berriei beldurra izatea.

         Errukia, aitakeria eta moztadea nahasian. Mandotutako jendearen ezina.

         Hemen nago, dio Danielaren ahotsak, atea zabal, karrajuan barrena ezker-eskubi ditugun geletakoren batetik. Sarreran, egongela izan zenean, kartoizko kutxak elemenian eta altzari desmontatu batzuk. Bonbilla hutsean dira kable muturrak.

         Ahalik eta pieza gehien darama Iņakirekin bizi izandako puzzletik.

         — Hemen.

         Neu itsu-aurreko. Lehenbiziko aldia da elkarrekin egongo garela hileta egunaz geroztik. Orduan ez zen egokiera. Gero, neu ibili naiz atzeratzen bisita; bera, nik deitu zain egon da. Eta hala utzi dugu denbora luzatzen, eta segurtzat ematen dut ez dudala asmatuko, egon eta gero ere damuak hartuta jaitsiko naizela oraintxe igo berri ditudan eskaileretan behera inoiz itzuliko ez naizen etxe honetatik, neure buruari harrika, esan ez dizkiodanagatik baino esandakoak nola esan asmatu ez dudalako, ezen Danielak badaki han nintzena, nik dakidan bezalaxe berak badakiena. Eta nahi nuke pasatua balego, oraindik betetzeko daukagun kamioia abiatua balitz kalean behera, Pitu txofer, Larra eta biok kabinan, Danielaz eta Iņakiz ez den beste edozertaz hizketan, agindutako tokirantz alai geure gauzetan, bera etxean utzita argia eta ura ixten, bere automobilean eraman nahi dituen azken gauzatxoak batzen larunbat eguerdiak arratsaldeari bide ematen dion tarte horretan, ezen neuk bezain ondo dakien arren, erantzun egin beharko diot galdetzen didanean, esateko egia, sufritu al zuen Iņakik, eta esan nahi nioke ezetz, azkar joan zela dena, gasak zorabiatu zuela konturatzerako, baina ez zait hala aterako. Eta nahiago nuke negar beroz hasiko banintz erantzun beharrik ez izateko, ito artean lotuko banindu korapiloak, ez entzuteko Iņakiren orroak berriro, arragoan zer edo zer, altzairu urtuaren salda gainera erori zaiola ohartuta, animalienak ere ez diren orroak lau lankideren artean hartu eta kanpora atera dugunean eta zoru bustiaren gainean utzi.

         Txerrikeria bat dena.

         Eta galdetuko dit ezer esan zidan, eta honezkero jakinaren gainean izango da baten batek halaxe zertuta, ezetz. Esan ez; agindu, Daniela. Hiltzeko han bertan, hiltzeko mesedez laguna banintzen, txakur bat bezala akabatzeko hantxe, fundizio atzeko losa gainean, minaren minez ezin duelako gehiago, besagainetik paparrean behera zabaltzen zaion orban gorribelztu bat. Horixe agindu zidala pertsonarenak ez ziren orroz, hiltzeko, emateko amaiera sufrimendu hari. Babesa, buzoa, elastikoa tiraka urratu eta kendu arren hor barruan jakizu zer kiskaltzen ari zaion sumendi iraulkatua. Kontatu ezin dizkizudanak, Daniela, oraindik joan ez zaidan azal errearen garzunda hemen sartua, hementxe, nazka hartzeraino betiko edozein animaliaren okelari platerean. Eta badakit dakizula antxintxika batean itzuli naizena labearen barrunbeetara eta parean harrapatu dudan aurrenarekin ateratzen ikusi nautela atzera ere, erre usain hura sudurretik, eztarritik biriketaraino sartua. Txahalarena egiten jendea espaloi bustian, makakorro batean neu ere, herioan lagunari burua txikitzera, eromen hura albait arinen amai dadin. Eta egin dut saioa inguraturik duten lankideen artean burua sartzeko, ukondoka tartea egiteko, giltza ingeles handia eskuan dudala Iņakiri burua txikitzeko prest.

         Oraindik bueltaka nabil bake epaitegira. Herenegun azkena. Ulertzen duela nire jokaera aitortu dit instrukzioa daraman idazkariak. Ulertzen duela giltzaren bila sartu izana, badakiela saiatu nintzena, baina ulertzen duela balorerik ez izatea lagunaren esana betetzeko, konfiantzan esaten didala, berak ere ez zuela barrurik izango giltza altxatu eta laguna buruan jota bertan uzteko. Egoteko lasai, ez dagoela salaketarik nire kontra, istripu eguneko gertaera guztiak argitzen dabiltzala, tramite hutsa. Iņaki saldak eragindako erreak hil zuela sinatu du auzi-medikuak. Laneko segurtasunaren teknikariaren txostenaren zain daude oraindik. Baina gezurra, ez da. Ezin izan nuen, baina ni laguna hiltzera joan nintzen, Daniela.